Erredukzio jesuitak imajinatuz

Xabierko Santutegian (Nafarroan), erakusketa bat paratu dute XVII. eta XVIII. mendeetan jesuitek Ameriketan sortutako erredukzioei buruz: Paraguaiko Erredukzio Jesuitak: denboran irauten duen abentura liluragarria da erakusketaren izenburua. Ez da aitzakia handirik behar Xabierko gaztelura eguna igarotzera joateko, baina erakusketa osatzen duten argazki, taula eta hiru maketa ederrek bisita merezi dute, eta neuri behintzat, gogoetarako motiborik ere eman zidaten.

Erredukzioak edo misio jesuitak Jesusen Lagundiak Portugal eta Espainiak konkistaturiko lurretan sortu zituzten indigena guaranien asentamenduak izan ziren. Ordura arte mendietan eta talde txikietan sakabanaturik beren ohitura zaharren arabera bizi ziren indigenak, jesuiten ekimenez elkartzen joan ziren gutxi gorabehera 5.000 indigenaz osaturiko asentamenduak osatuz. Guztira 30 erredukzio izatera iritsi ziren gaur egungo Paraguai, Argentina, Brasil, Bolivia eta Uruguaiko oihanetan. Erraz gogoratuko dute askok zer ziren erredukzioak Roland Joffé zinemagileak zuzenduriko eta besteak beste Robert de Niro eta Jeremy Ironsek antzezturiko Misioa filmari (1986) esker.

Erredukzioak gaur egungo mundu ikuskeratik epaitzea ez da gauza erraza. Erakusketaren inaugurazioan Iruñeako artzapezpikuak azpimarratu zuen erredukzioen “muina” kristau fedea eta katekismoa indigenen artean zabaltzeko jesuitek erakutsitako grina izan zela. Hori argi ikus daiteke erredukzioen egitura arkitektonikoan, artean eta botere antolakuntzan. Gaur egungo ikuskeratik, ordea, ebanjelizazioaren zentzu zurrun hori handiustea eta tamalgarria iruditzen zaigu.

Erredukzio jesuitek hainbat onura ekarri zizkieten indigenei ordea. Hasteko, segurtasuna garai gatazkatsu haietan. Jesuitek portugaldar esklabo ehiztariengandik (paulistengandik) babestu zituzten indigenak. Haiengandik ihesi erredukzioak utzi eta lur berrietara eraman zituzten. 1638an erredukzioetako jesuiten burua Madrilera joan eta erregeari indigenek armak izatea debekatzen zuen araua bertan behera utz zezala eskatu zion. Bestalde herri haien berezko kulturan erredukzioek utzitako ondarea bereziki estimatua da gaur egun, erredukzioetan sortu baitzen guarani hizkuntzaren idazkera. Eta aipa genitzake ere nekazaritza, abeltzaintza, artisautza forma berriak, eta abar.

Inaugurazioaren ondoren bazkarian, 30 urtez Ekuadorren indigenekin misiolari ibilitako Aita Kaputxino batekin hizketan aritu nintzen. Hondarribiko semea, orain dela hilabete gutxi itzuli da Euskal Herrira eta Tuteran dabil erretiroa hartuta. Medikua izanik, indigenen artean ume eta jende edadetua zaintzen eta sendatzen pasa du bere bizia. Katekismoa zabaltzeko tentaziorik inoiz ez. Nahiko lan medikuarengana senitarteko baten malefizioak jota datorrela uste duenari superstizioak leuntzen. Eta hori guztia bertako kultura eta ohiturekiko begirunez eta maitasunez. Misiolari horrek, ordea, antzinako ebanjelizazio eredua bezain zentzugabea irizten zion hango lurretan batzuek erabili izan duten kulturen ekologismoari. Indigenentzat altzairuzko eltze eta lapikoak erosteagatik misiolariak kritikatu izan dituzten horiena alegia, herri indigenak betirako biluzik ibiltzera eta buztinezko tresneria hauskorra erabiltzera kondenatuta baleude bezala.

Gaur egun, indigenekin misiolariek eta beste erakundeek egiten duten lan hori azaltzen du erakusketak, iragana eta oraina uztartuz, lagun hurkoarenganako maitasunak historian zehar erakusten duen sormen gaitasuna azaleratu nahian bezala. Erakusketaren narrazioa errealitatea baino gozoagoa da seguruenik eta erredukzioen alde ilunak albo batera utziz gaur egungo mundu globalizatuan baliotsuak diren irakatsiak azpimarratzen ditu: solidaritatea, kulturekiko errespetua, gizabanakoen arteko elkar ulertzea eta maitasuna, eta abar. Bisitariak, ordea, argazki eta maketa haien artean erraz imajina dezake oihanaren bihotzean gertaturiko historiaren konplexutasuna.