Hemeretzi urtez izan zen Jose Ignazio Garmendia (Zizurkil, 1960) Eibar futbol taldeko atezaina. Tarte horretan ere harakin lanetan aritu zen Villabonan, gurasoen harategian, eta egun ere bertan jarraitzen du lanean. Talde bakar batean denboraldi gehien egin duten jokalarietako bat da.
Eibar taldean 1978an hasi zuen ibilbidea, 18 urte zituela. Aurretik, bere herrian hasi zen futbolean jokatzen, Zizurkilen, Danena taldean. “Hernanira joan ginen torneo batera, eta gero han jokatzeko eskaintza egin zidaten, gazte mailan. Maila horretan hiru urte egin nituen Hernanin, eta beste urte bat preferentean. Azken horretan, Eibarren kontra jokatu genuen, eta haiek beren taldera joateko esan zidaten”, gogorarazi du Garmendiak. Urte horretan Espainiako Ligako Hirugarren Mailara igo zen Eibar, eta, beraz, maila horretan egin zuen taldean debuta.
Ez zuen behin ere fitxa profesionalik izan: “Beste lan bat genuenoi amateur compensado fitxa egiten ziguten. Fitxa profesionala egiteak kostua zuen taldearentzat, eta, horregatik, gutxi batzuk izaten zuten horrelako fitxa, kanpotik etorritakoek, edo Realetik eta Athletic-etik utzita etortzen zirenek. Profesional sentitzen ginen, saiatzen ginen, entrenatzen ginen, baina fitxa profesionalik ez genuen izan”. Eibarren jokatzen eta harategian lanean bateratsu hasi zen Garmendia. Goizetan harategian izaten zen eta arratsaldetan entrenatzera.
Hirugarren Mailan zazpi urte egin zituen, Bigarren B Mailan bi urte. Beste guztiak Bigarren A Mailan izan ziren. Bigarren B Mailara igotzerakoan izandako ospakizuna du bereziki gogoan: “Hirugarren Mailan urte guztietan egon ginen play off-etan, baina ez genuen lortzen igotzen. Azkenean, Badajozen aurka, ustez urte zailena ematen zuenean, lortu genuen. Zoramena izan zen. Ez dago sinesterik zenbat autobus eta auto joan ziren Badajozeraino. Handik itzultzerakoan Bergaran gelditu ginen, eta taldeak eta zaleek batera egin genuen Eibarrerainoko bidea. Herrian harrera izugarria izan zen”.
Beste une berezi bat ere oso gogoan du, aurretik sufrimenduz betetako eguna: Bigarren A Mailatik ez jaisteko azken partidan Espanyolen aurka Sarria estadioan irabazi izana. “Denboraldi horren bukaera miraria izan zen. Urte guztia jaitsiera postuetan pasa genuen, eta salbatzeko azkeneko hamar partidetatik zazpi edo zortzi irabazi behar genituen. Igoerak oso garrantzitsuak izan dira, baina gero azken urteekin geratzen zara, eta horietan unerik garrantzitsuena Sarriakoa izan zen. Jokalari ohiak elkartzen garenean, beti une hori ateratzen da solasaldian”.
Beti taldera begira
Taldeko jokalaria zen Garmendia, eta urte askoz kapitaina izan zen. Jokalari gisa hankekin zuen jokoa eta bere izaera indartsua nabarmendu ditu Garmendiak: “Taldea bizi mantentzen, zentratuta eta ondo kokatuta edukitzen saiatzen nintzen. Nire helburua izan da beti Eibarrentzako lan egitea, taldeari begiratzea”. Futbolean izan zuen esperientzia aberatsenetakoa azkeneko urtea izan zela dio: “Ordezkoen aulkian izan nintzen. Gogorra izan zen, eta horren aurrean disfrutatzeko jarrera hartu nuen: gogo biziz entrenatu, ahal nuena lagundu, jokatzen ez zutenekin egon… Ordura arte ez nuen ezagutu egoera hori, eta pertsonalki oso aberatsa izan zen. Ez banuen urte hori pasatu, futbola bere osotasunean ez nuen ezagutuko”.
Azken urte horren amaieran omenaldia jaso zuen, Realaren aurka jokatutako partidaren bidez. “Oso polita izan zen”, dio Garmendiak. “Zelaia bete egin zen eta jasotako dirua Eibarko zaharren etxerako izan zen”. Futbolak asko bete du: “20 urtean gogoz kontra ez nintzen egun bat bera ere joan, beti gustura. Futbola niretzako ihesbide bat bezala izan da; goizean lanera, baserrian zerbait egin, eta arratsaldean entrenamendura joatea eguna biribiltzea izaten zen”. Pena bakarra du Garmendiak: euskal selekzioarekin ez jokatu izana.
Eibarrez hitz egitean, taldean zuten giroa oso gogoan du: “Eibarrera joateko zenbait jokalari Donostian elkartzen ginen, eta autoan elkarrekin joaten ginen. Amak prestatuta, ogitarteko txiki batzuk eramaten hasi nintzen, eta Altuna lizartzarrak zahatoa eramaten zuen. Entrenamenduen ondoren eta autoa hartu baino lehen, jan-edana egiten genuen. Azkenean, ohitura bihurtu eta jokalari guztiak elkartzen ginen, eta tarteka entrenatzailea ere bai, mokadua egitera”.
Autobusean hainbat ordu egindakoa da Garmendia. Orduan ere bere harategiko produktuak ez ziren falta izaten: “Gazta, txorizoa eta urdaiazpikoa ematen nuen, eta horrekin egiten genuen hamaiketakoa”. Autobuseko giroa ere modu berezian du gogoan: “Denbora asko egiten genuen errepidean, eta horrek taldeko giroa sendotzen laguntzen zuen”.
Futbola uzteko erabakia hartzean, ez zekien nola izango zen hurrengo eguna. “Beteta zeuden ordu asko gero libre gelditzen dira. Baina zortea izan nuen, eta lehenengo urtean Eibarko atezainen entrenatzaile aritu nintzen, eta gero EHUko futbol taldeko bigarren entrenatzaile gisa bost urtez. Oso urte politak izan ziren, eta esperientzia berria izan zen niretzat. Urte horiek gabe, gogorra izango zen futbola uztea”.