Herriko kaleak adin guztietako dantzazaleen plaza bihurtuko dira bihar, hamalaugarrenez, Ereintza elkarteak antolatutako Erromeria Egunean. Juantxo Maia (Errenteria, 1951) egitasmoaren sortzaile eta antolatzaileetako bat da, eta, azaldu duenez, herri dantzei eta erromeria giroari “bultzada” ematea du helburu egunak. Horretarako, egitarau zabal bezain “aberatsa” antolatu dute.
Biharkoa hamalaugarren Erromeria Eguna izango da. Nola sortu zen halako egun bat egiten hasteko ideia?
Ereintza dantza taldean genbiltzan hainbat lagun elkartu ginen, erromeria giroa berreskuratzeko beharra ikusten genuelako. Aztertu genuen herrian bertan zer zegoen, baita inguruan ere, eta ikusi genuen ez zegoela halakorik. Egun bakarrean, askotariko musika, txistulariak, gaiteroak, txarangak, trikitilariak… eta herri dantza errazak batzea otu zitzaigun. Horrekin batera, erabaki genuen herritarrek erromerian parte hartu ahal izateko ikastaro irekiak antolatzen hastea; hutsetik hasi eta gutxieneko batzuk ikasteko balioko zuten ikastaro batzuk, alegia. Ereintza dantza taldeak, dantza egiteaz gain, herrian kultura ekintzak sustatzea du helburu, eta Erromeria Eguna ekarpen garrantzitsua iruditu zitzaigun alde horretatik.
Ideia huts bat zen, eta egia bihurtu zen. Erraza izan zen bidea?
Ideia edukita, lantegi, erakunde eta herriko komertzioetara jotzea izan zen hurrengo urratsa. Eguna antolatzeko, finantzaketa behar da; dirurik gabe ezin da halakorik antolatu. Erantzun ezin hobea jaso genuen orduan, eta, egun, lehenengo Erromeria Egunean babestu gintuen jende berberak jarraitzen du laguntzen. Beraz, ezin gara kexatu. Horiekin batera, herri bazkarian laguntzen duten banako eta saltokiak daude, eta haien laguntza ezinbestekoa dugu eguna antolatu ahal izateko.
Urte hauetan guztietan zein izan da egunaren bilakaera? Parte hartzean aldaketarik sumatu duzue?
Lehenengo bi urteetan izugarria izan zen parte hartzea; ekintza berria zelako izango zen, ziurrenik, eta inguruetako herrietan halakorik ez zelako antolatzen. Ezinezkoa da zenbatzea zenbat jende ibiltzen den herrian bertan egun osoan, baina jendetza biltzen da. Bazkarian parte hartzen duten lagunen kopurua izan daiteke erreferentzia bat, eta, horri dagokionez, lehenengo Erromeria Egunean 500 lagunek parte hartu zuten; azkenekoan, berriz, 450ek. Esan dezakegu eutsi egin zaiola, beraz.
Erromeria giroa berreskuratzea zen helburua. Lortu al duzue?
Nik baietz uste dut. Jendea dantzan jarri nahi dugu, eta, horrekin batera, herri kultura sustatu. Erromeria Egunak bi horiek betetzen dituela iruditzen zait. Gure esperientzia beste herrietara ere eraman nahi genuen, nahi izanez gero horietan baliatu eta antzekoak antolatzeko, eta uste dut horrekin ere asmatu dugula.
Egitarau zabala antolatu duzue. Berritasunik badago?
Egitarau zabala eta askotarikoa antolatu dugu aurten ere, eta, egia esan, aurreko urteetako eskemei jarraitu diegu. Kalitateari eta parte hartzeari eustea lortu dugu, krisiak eragin badu ere egitaraua zabaltzeko garaian. Datozen urteei begira, nahiko genituzke egitarauan berritasunak egin, baina ikusiko dugu.
Zer nabarmenduko zenuke biharko egitarauaren barruan?
Egitarau osoa da nabarmentzekoa. Zerbait nabarmentzekotan, diana aipatuko nuke lehenik, goiz-goizetik kaleak girotzen dituelako; horrekin batera, Ereintzako neskatxen sokadantza, 13:15ean, Gamon Zumardian; eta erromeria nagusia, 18:00etan, Zumardian. Arratsaldeko erromeria nagusia da ekintzarik garrantzitsuena. Dantzari guztiak bertan bilduko dira, baita musikariak ere. Aurten, Izer eta Alabier, Juan Mari Beltran eta Astiasaran Anaiak, Txorimaloak eta Trikisound taldeak ariko dira.
Bitxikeriarik ere bada…
Bai. Aurten, bigarrenez, Pasai Donibaneko txistulariak txalupan etorriko dira Errenteriaraino. Bide guztia jotzen egingo dute txistulariek, eta, egia esan, ideia polita eta bitxia da oso. Ordu zehatza ezin dugu jakin, mareen arabera irtengo direlako Donibanetik. Panierreko zubiaren parean, Zumardian gelditu, eta bat egingo dute beste musikariekin. Etorri, zintzo-zintzo etortzen dira. Buelta ere txalupan egingo dute; hori, ordea, ez dakit nola egingo ote duten…
Kulturako, kiroleko, hedabideetako eta gastronomiako pertsona ezagunak baliatu dituzue jaiaren kartela egiteko…
Bigarren urtean egin genuen antzeko kartel bat, beste jende batekin, eta aurten errepikatzea otu zitzaigun, jendea erakartzeko modu egokia iruditu zitzaigulako. Bertsolari, sukaldari, aktore eta kirolari ezagunei proposamena egin genien, eta, egia esan, erantzuna oso ona izan da. Denak prest azaldu dira kartelean azaldu eta Erromeria Egunean parte hartzeko deia egiteko. Gehienek ezagutzen zuten festa aurretik, eta interes handia erakutsi dute, gainera.
Zenbat lagun zabiltzate antolakuntzan?
Erromeria Eguneko plangintza antolatzen zazpi lagun gabiltza, eta bazkaria antolatzen, berriz, lan handia dakarrenez, bost lagun aritzen dira.
Zer aurkituko du bihar Erromeria Egunera joaten denak?
Jai giroa, dantza eta musika nonahi. Antolatzaileok dei egin nahi diogu jendeari kalera atera, Errenteriara etorri eta antolatu dugun jai eguna baliatu eta gozatzeko. Ez dugu eskatuko denak baserritar jantzita etortzeko eta denak dantzan hasteko, egokiena hori bada ere. Gauza asko eta kalitatezkoak ikusi eta entzuteko aukera izango du etortzen denak, eta egun ona pasatzeko aukera, zalantzarik gabe. Guk, behintzat, gustura hartuko ditugu etortzen diren guztiak, lanean jarraitzeko arrazoi bat gehiago delako egunak izan dezakeen arrakasta.