Ugalketa lagundua antzutasun arazoak dituzten bikote heterosexualekin lotzen da maiz, baina badira euren erabakiz horra jotzen duten pertsonak ere; besteak beste, bikote lesbianak eta haurra bikotekiderik gabe edukitzea erabakitzen duten emakumeak. Alaitzek azken horren aldeko apustua egin zuen iaz, 36 urte zituela; Quiron klinikan egin zioten tratamendua, eta hirugarren saioan gelditu zen haurdun. Orain, hamabi asteko dago; “goiz samar da”, eta oraindik ez du berria inguruan askorik zabaldu. Horregatik, nahiago izan du abizenik ez ematea. Dena den, pozik dago hartutako erabakiaz: “Dakitenen artean, harrera oso ona izan da; zein erabaki ausarta hartu dudan esaten didate behin eta berriz”.
Umea bakarrik edukitzea erabaki duzu. Nondik etorri zitzaizun hautua?
Buruak eta gorputzak eskatzen zidaten, eta, azkenean, denbora gehiago zain gelditu beharrean, ea bikotekideren batekin lortzen nuen edo ez, esan nuen: “Bada, aukera badaukat…”. Ingurukoek ere animatu ninduten, eta horrela eman nuen pausoa.
Zergatik jo zenuen pribatura?
Osakidetzan ere saiatu nintzen, baina oso mantso doa; denbora pasatzen da, eta zuri jada kostatu zaizu nahikoa erabakia hartzea. Urtebete neraman ideiarekin bueltaka, eta erabakia hartu nuenean, Osakidetzakoa amaiezina iruditu zitzaidan. Nik eskaera egin nuenean, Gurutzetara joan behar zen. Prozesua zikloko egun jakin batzuetan egiten dizute; ziztatzen hasten zara hilekoaren lehen egunarekin, eta beste egun batean egiten dizkizute analisia eta ekografia. Jakina, analisia goizean goiz egiten da, eta ekografia, goiz erdian; Gurutzetara joan behar baduzu, goiz osoa Bilbon pasatzen duzu. Eta lanean ari bazara, zaila da: zein baimen mota eskatzen duzu? Zein arrazoi ematen duzu? Agian ez duzu nahi lantokian oraindik esan zertan zabiltzan. Zailagoa da.
Garestia izango da, ordea.
Oso garestia da. Batzuek aseguru bat kontratatzen dute, eta horrekin pixka bat merkeago ateratzen da. Osakidetzan botika guztiak ordaintzen dizkizute, baina pribatuan zuk pagatzen dituzu. Nik 6.000 euro inguru ordaindu ditut.
Prozesua bera nolakoa da?
Erabakia hartzea bakarrik gogorra da. Adin bat daukazunean, gizarteak berak izugarrizko presioa egiten dizu: “Zuk umeak noizko?”. Edo, lagun baten umea baldin badaukazu, “zein ondo ematen dizun, zurea noizko?”. Zuk mila gauza dauzkazu jarrita balantzan: urratsa egingo al dudan, noiz, nola… Eta horrek guztiak ez du batere laguntzen. Eta prozesua bera ere, egunero ziztatzen ibiltzea… Bizitza, hilabete batzuetan, horretara emana daukazu: xiringak noiz eta non hartu… Eta kontsulta bera ere ez da erosoa, nahiz eta beraiek oso atseginak izan; zu zaude hor, izugarrizko urratsa egiten ari zara, eta ez dakizu ondo aterako zaizun edo ez. Egun bat pasatzen da, beste bat, eta pentsatzen duzu: “Haurdun egongo ote naiz? Ez naiz egongo? Eta haurdun gelditzen banaiz, ez zait komeni hainbeste gastatzea, gero beharko baitut diru hori…”. Zurrunbilo batean zaude. Lortzen duzunean, pisu handia kentzen duzu gainetik.