Bost eguneko jazz festa

Jazzaldia

Donostia

Ailegatu da Jazzaldiaren garaia, berriz ere, Donostiara; 47. aldiz ailegatu ere. Atzotik, Donostiako hainbat agertoki jazz doinuei leku egiten ari dira, eta hala izaten jarraituko du astelehenera arte. Egitarau zabala osatu dute. Besteak beste, Melody Gardot, Neneh Cherry & The ThingMiles Smiles —Miles Davis tronpeta jotzaile ezagunaren omenezko taldea—, Madeleine Peyroux, Antony and The Johnsons and Et Incarnatus Orkestra, Nils Petter Molvaer, Terje Rypdal eta Hasier Oleaga-Cantus Caterva ariko dira.

Doako zein ordainpeko emanaldiak izango dira. Hala, doakoen artean, esaterako, The Waterboys, The Wedding Present, Gary Clark Jr., Giranice eta Peachy Joke taldeek emanaldiak egingo dituzte, Agertoki Berdean, Zurriolako hondartzan.

Viktoria Eugenia antzokia eta kluba, Trinitate plaza, Agertoki Berdea, Frigo Espazioa, Heineken terraza, Coca-Cola espazioa, Nauticool —Nautikoko terra-za—, Altxerri aretoa, Basque Culinary Center, Kursaaleko auditoriuma, San Telmo museoko eliza eta Eureka! zientzia museoa dira aurtengo agertokiak.

Jimmy Cobb bateria jotzaile historikoak hirukote formatuan joko du aurten. Horrez gain, Donostiako Jazzaldia saria ere jasoko du. Sari horren bidez, jazzaren inguruan nabarmentzeko moduko ibilbidea egin duen pertsona baten ibilbidea goraipatzen du antolaketak urtero.

Aurten, gainera, gastronomiarekin ere bat egin du jazzaldiak. Hala, besteak beste, Pintxo Jazza egingo dute: tabernetan, botila bat garagardo eta pintxo bat, hiru euroren truke. Basque Culinary Centerrek ere parte hartuko du, gainera, aurten: egoitzan kontzertuak emateaz gain, bertako produktuen dastatzea eskainiko dute.