Inork irakurtzen badu hau, eraman nazala berarekin Londresera Olinpiar Jokoak ikustera”. Eskubaloizale amorratua da Karmele Makazaga (Zarautz, 1964). Euskal Herriak eman duen emakumezko eskubaloi jokalari onentzat dute askok, eta pena du aurtengo jokoak bertatik bertara ikusteko aukerarik ez duelako izango. “Telebistarekin konformatu behar”, dio. Ez du emakumezkoen partida bakar bat galtzerik pentsatzen: “Gaur egun, zoragarria da; partida guztiak ematen dituzte telebistan, eta grabatu eta nahi duzunean ikusi ahal dituzu”.1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan egoera oso bestelakoa zela oroitzen du. Espainiako selekzioarekin parte hartu zuen, eta haien lana apenas ikusi ahal izan zen Granollerseko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) estadiotik kanpora. Hala ere, “esperientzia ahaztezina” izan zen hura.
Emakume umoretsua da Makazaga. Irribarretsu, barre artean kontatzen ditu urte haietan bizitako istorioak. Baita emaitzak txarrak izan zirenekoak ere. Izan ere, Makazagak eta haren taldekideek ez zuten emaitza onik lortu Bartzelonan; hamar taldetatik zortzigarren egin zuten: “Orduan, ez genuen mailarik. Jokatu ere, oso gutxi jokatzen genuen urtean zehar. Olinpiar Jokoetarako bai, gehiago entrenatu eta jokatu genuen, eta urteetara ikusi zen orduko lanak eman zituela bere fruituak”. Bartzelonako esperientzia emaitzetatik harago zegoen, ordea. “Saltsa guztietan” sartzen ziren; entrenatu, eta jokatu, eta ondoren “ahal zen kirol saio guztiak ikusten egoten ginen”, dio. Ikusitako guztitik zer gogoratzen duen galdetuta, ezerk ez zuela bereziki harritu azaldu du. Hala ere, bada asko gogoratzen duen zerbait: “Belar hockeyko nesken Espainiako selekzioak urrezko domina irabazi zuen. Ez zuten espero, eta emaitza oso ona izan zen neskentzat. Hemengo jokalari asko zeuden taldean, donostiarrak, hernaniarrak…”.
Bartzelonara ikusle euskaldunak joan ziren, noski, baita Makazagaren ingurukoak ere, Zarauztik. Arazoren bat ere izan zuten, hizkuntzaren harira: “Ikurrinan, aupa, neskak! eta hiru gipuzkoarron izenak jarri zituzten, eta kenarazi egin zieten ikurrina, bertan jartzen zuena ulertzen ez zutelako. Horrelakorik ez da gertatzen gaur egun”. Makazagarekin batera Bartzelonan izan ziren beste bi gipuzkoarrak Jasone Diaz de Gereñu eskoriatzarra eta Amaia Ugartemendia errenteriarra zi-ren.
Eskubaloian egindako ibilbidean, 130 partida jokatu zituen guztira Espainiako selekzioarekin. “Batzuk badira, baina nire marka askok hautsi dute, orain askoz partida gehiago jokatzen direlako”. Hala ere, harro esan dezake edonori ematen ez dioten diploma baten jabe dela: Espainiako Kirol Federazioak ematen duen kirol merezimenduarena, hain zuzen. Orain 25 urte jaso zuen. Gainera, urte askoan bera izan zen selekzioko kapitaina: “Erdian edo hegalean jokatu izan dut, beti agintzen! Hala esaten zuten behintzat!”. Selekzioen kontuan pena handi bat ere badu, ordea: “Bizitzan izan dudan pena handiena euskal selekzioa sortu aurretik eskubaloia utzi izana da”. Inbidiaz begiratzen die aukera hori izan dutenei: “Euskal selekzioaren partida bat telebistaz komentatzeko aukera izan nuen orain urte batzuk. Esperientzia polita izan zen, baina sekulako inbidia pasatu nuen!”.
Kontuak kontu, eskubaloiarekin ederki gozatu zuen utzi zuen arte. “Oraingo neskak baino alaiagoak ginen gu; naturalago jokatzen eta gozatzen genuen kirol honekin”, dio. Zarauzko, Hernaniko eta Donostiako taldeetan jokatu zuen, beti lehenengo mailan: “Goiko mailan aritzeko aukera izan dut beti. Madrilera joateko aukera ere izan nuen, baina ez nintzen joan, eta damutu ere ez nintzen egin”.
1994an utzi zion jokatzeari. Ordutik, kantxaz kantxa jarraitzen du, ordea. Zarauzko Aiala nesken eskubaloi klubeko bigarren taldeko entrenatzailea da. Lehen taldea entrenatzen hasi zen: “Jokatzeari utzi, eta berehala hartu nuen lehen taldea. Gero, alaba izan nuen, eta urte hartan bertan lehen mailara igo ginen. Beraz, jarraitu egin behar izan nuen. Aurreneko urteetan makina bat komeria izan nituen dena uztartzeko!”. Oraindik eskubaloia bizi egiten du: “Oraindik hor dut harra, eta entrenamenduetan jokatzen dut batzuetan. Geuk antolatzen dugun Txaparrotan ekimenean ere hiru partida jokatu nituen. Hurrengo egunean ez nintzen pertsona!”, dio barrez. Emakumezkoen eskubaloia pixkanaka aurrera doala uste du, eta Zarauzko kasuan behintzat, babeslea eskertu nahi du: “Argiñano familiagatik ez balitz, herrian ez legoke nesken talderik”.