Irailean aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak jabetzaren gaineko zerga berria, alegia, aberats handien gaineko zerga izango dena. Hala iragarri du, aste honetan, Helena Franco aldundiko Ogasun diputatuak. Haren arabera, “helburu jakin batekin” ezarriko dute zerga berri hori: “Zergadunek zergak beren benetako aberastasunaren arabera ordaintzea”.
Gehien dutenek gehiago ordaintzearen politika horretan aurten berreskuratutako zerga baten emaitzen berri ere eman zuen Francok, agerraldi berean. Ondarearen gaineko zergaren bidez lortutako diruaren berri, hain zuzen —aurreko foru gobernuak 2008an kendu zuen zerga hori—. Orotara, 35,5 milioi euro batu dituzte zerga horren bidez. Alegia, esperotakoa baino 6,5 milioi euro gehiago. Zerga hori berreskuratzearekin Gipuzkoako Foru Aldundiak izan duen “lidergoa” eta “aitzindaritza” ere azpimarratu ditu Ogasun diputatuak. “Denak oraindik zalantzan zeudenean guk aurrera egin genuen Ondare Zerga berreskuratzeko”. Eta datuak ikusita neurria “oso egokia” izan dela adierazi du Francok: “Horri esker, egoera zail honetan baliabide kopurua igo ahal izan da. Eta, gainera, kasu honetan, ahalegin gehigarri hori benetan hori egiteko baldintzak betetzen dituzten pertsonen gain ezarri da”.
Errenta kanpaina ere, ondo
2011ko Errenta Kanpainaren datuak ere jakinarazi ditu aldundiak. Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak azaldu duenez, errenta kanpainan bidalitako autolikidazio proposamenen %87,5 onartu dira; “inoiz baino gehiago”. Aurkeztutako aitorpenen %79,05i dirua itzuli egin behar izan zaie —393.405 aitorpenetatik 310.997ri—. Gainerako %20,95ek, bestalde, dirua itzuli behar izan dute.
Dirutan, kopuruz, izandako emaitzak ere baloratu ditu Olanok, eta “bikainak” izan direla nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako Ogasuna esperotakoa baino 11 milioi euro gehiagorekin geratu da: zergadunei 351 milioi euro itzultzea espero zuten, eta 131 milioi jasotzea. Ordea, ia 342 milioi euro itzuli dituzte —espero baino bederatzi gutxiago—, eta, aldiz, 133 milioi pasatxo jaso dituzte —esperotakoa baino bi milioi euro gehiago—.
Horiek horrela, Franco eta Olano pozik agertu dira Ondare eta Zerga kanpainan lortutako emaitzekin. Olanoren hitzetan: “Batzuek zioten ez genekiela kudeaketa egiten. Hauxe da kudeaketa, hortxe daude emaitzak. Eta bakoitzak nahi dituen balorazioak egin ditzala”. Herritarrak ere zoriondu nahi izan ditu: “Errenta eta Ondare kanpaina bikaina izan da. Gipuzkoar guztiak zoriondu behar ditugu beren betebeharrak zintzo bete dituztelako”.