Hiru urteko hutsunearen aurrean, tinko

Remi Aiestaranek 2009ko uztailaren 31n eman zuen bere azken arnasa, 27 urte zituela, herriko jaietan. Une hartan, Villabonako jarduneko alkatea zen. Familiak argi dauka: “Polizia indarkeriaren ondorioz hil zen Remi; eraila izan zen”. Epaitegiak osasun arazora mugatzen dira: aortako aneurisma. Auzia: artxibaturik. Hiru bider.

Hiru urte joan dira ordutik, eta urteotan, familiak, “babesa” eta “inpotentzia” ezagutu dituela dio. Kontraesanaren alde batean, herritarrak kokatzen dituzte; beste aldean, epaitegiak eta agintariak. Remi Aiestaranen sendiarentzat, ordea, bi sentipen horiek badute ezaugarri komun bat. “Borrokan jarraitzeko indarra ematen dute”, adierazi du Jose Joakin Aiestaranek, Remi zenaren aitak.

2010eko uztailaren 14an jakin zuen sendiak, gaztearen heriotzaren inguruko ikerketa artxibatzea erabaki zuela Tolosako epaitegiak: “Hilero-hilero joaten ginen epaitegira autopsiaren behin betiko emaitzen bila. Horietako batean, auzia artxibaturik zegoela esan ziguten, eta Remiren aita jakinaren gainean zegoela. Nik hori ezinezkoa zela esan nien, haren aita ni bainintzen”.

Sumarioa lortzeko ere arazoak izan zituzten. “Baina azkenean, ofizialki ez bada ere, zeharka lortu genuen”, dio Ane Aiestaranek, Remiren arrebak. Gero, abokatuekin harremanetan jarri ziren. Epaitegian eginiko ikerketarekin ados ez zeudenez, auzia artxibatzearen aurkako helegitea jarri zuten: “Gure ustez, ez zen bat-bateko heriotza izan, erailketa baizik. Remi Gogoan Ekimenarekin eta Villabonako Udalarekin harremanetan jarri, eta errekurtsoa aurkeztu genuen Tolosako epaitegian”. Sendia akusazio partikular gisa aurkeztu zen; herri akusazio gisa, batetik, Remi Gogoan Ekimena, eta bestetik, udala.

Helegitea atzera bota zuen Tolosako epaitegiak, eta hori ikusita, Gipuzkoako auzitegira joan ziren, eta emaitza bera lortu zuten. Auzia, beraz, artxibaturik gelditu zen hirugarren aldiz. Familia, ordea, ez dago etsitzeko prest: “Oraindik beste aukera bat gelditzen zaigu, Espainiako Auzitegi Gorenean. Han atzera botatzen baldin badute gure eskaria, zigor bidearen amaiera izango litzateke. Hori ikusita, oraingoz horrela gelditzea erabaki dugu; aukera bat gordetzen dugu. Biharko egunean, egoera aldatuko balitz, auzia irekitzea eskatuko genuke. Bien bitartean, bide administratiboari ekin diogu”, adierazi du anaiak, Mikel Aiestaranek.

Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren dekretu batekin egin dute topo: estatuaren indarkeriaren biktimen ingurukoarekin. Dekretuak 1960. eta 1978. urteen arteko biktimak soilik onartzen ditu, eta horrekin ez dator bat Aiestaran sendia: “Poliziaren indarkeriak, estatuarenak, ez du etenik izan azken urteotan. Torturak, Xuban Nafarrate eta Iñigo Cabacasen kasuak, horren adibide garbiak dira. Data muga hori, 1978a, aldatzea eskatzen dugu. Badakigu ez dela erraza izango, eta, agian, gure belaunaldi berriei tokatuko zaie borroka honetan jarraitzea, baina gure egoera berean familia ugari daude, eta Egiari Zor Fundazioaren inguruan indarrak biltzen ari gara”, adierazi du aitak.

Bertsio ofizialaren aurka

Remi Aiestaranen familiarentzat, 2009ko uztailaren 31n gertatua ez da bertsio ofizialak dioena, baina lehenago edo geroago, historiak “bakoitza bere lekuan” jarriko duelakoan daude: “San Ignazio eguna, arratsaldeko zazpiak, eta Ertzaintza festa gunean. Ehunka lekuko, prentsan argazkiak…, eta eurak festa gunera ez zirela sartu esanaz”, ekarri du gogora Ane Aiestaranek. Bertsio ofizialaren arabera, dei bat jaso zuen Ertzaintzak, norbait lurrera erori zela esateko, eta orduan sartu ziren festa gunera. “Hori diote epaitegiko ikerketan, bertsio ofizialean”, salatu du Mikel Aiestaranek. Ordea, herritarrek ikusitakoa bestelakoa dela dio familiak. “Herri guztiak ikusi zituen egun horretan, Remirekin eztabaidan, bera urduri jarri nahian, bere bila uneoro… Ertzainak herriko plazan zeudela, hainbat gurasok haurrak hartu eta handik eraman behar izan zituzten; gazteak, dantzan hasi zitzaizkien ertzainei euren aurrean, musika taldeak soinu entsegua egiten ari zirelako…, eta eurak festa gunean ez zirela egon esanaz”, salatu du anaiak. “Pentsa zenbat lekuko, eta nolako inpunitatearekin mugitzen diren”. Egoera horri aurre egiteko, “ikerketa duin bat” besterik ez du eskatzen sendiak; “frogak eta lekukoak ditugulako, eta badakigulako han zer gertatu zen. Ez dugu barkamenik nahi, arduradunek egin zutena onartzea besterik ez, egia eta justizia”.