Orain, publikoan ere bai

Ugalketa lagundua ari da apurka zerbitzu publiko gisa Gipuzkoan indarra hartzen. Donostiako Ospitalean 2005ean hasi ziren oinarrizko intseminazioak egiten, eta aurten zabaldu egin dute eskaintza: urtarrilaz geroztik, laguntza bidezko ugalketa egiteko unitate berria dago ospitale publikoan.

“Lehen tratamenduak” deitu die Arantxa Genbek, unitate horretako biologoak, orain arte ematen zituztenei. Bi mota daude horien artean: “Era bat da obulazioa estimulatzea eta harremanak noiz eduki behar diren esatea, eta bestea da obulazioa estimulatu, hazia trebatu eta hazi hori umetoki barruan ipintzea”. Biak dira intseminazioak; orain arte, bikotekidearen haziarekin baino ez zituzten egiten prozesu horiek. Urtarrilaz geroztik, baina, emaileena ere erabiltzen dute.

Unitate berriari esker, in vitro ernalketa ere egin daiteke orain Donostiako Ospitalean. Funtsean, neskaren gorputzetik kanpo egiten den ernalketa da in vitro. Horren barruan ere bi mota daude, ordea. “Umekia laborategian lortzen da”, azaldu du Genbek: “Neskaren obulutegitik atera, eta prestatu egiten dira obuluak; mutilak hazia ematen du, prestatzen da, eta ernaltzen uzten dira. Edo bestela, hazia txarragoa denean, obulu bakoitzari espermatozoide bat sartzen zaio”.

Tratamendua, berez, ez da oso luzea izaten, biologoaren arabera; jada prozesua hasita dagoenean, bost bat aldiz joan behar dute emakumeek ospitalera. “Hiru bider, ekografiak egitera; egun batean ebakuntza gelara, obuluak ateratzera; eta handik bi edo hiru egunera, enbrioi transferentzia egitera”.

Luzeagoa izaten da aurreko prozesua; antzutasun arazoak dituzten bikote heterosexualek froga dezente egin behar izaten dituzte ernalketarekin hasi baino lehen. “Froga errazak” dira, Genberen hitzetan: “Bikoteko bi kideak begiratzen dira: neskak nolako obulutegiak dauzkan, ekografia bat, odoleko analisiak hormonak ikusteko… eta mutilari hazia begiratzen zaio, ikusteko ea badauden espermatozoideak eta nolakoak diren”.

Hazia kalitatezkoa bada —espermatozoideak “onak eta mugikorrak” badira, Genbek esan duenez—, intseminazioari ekin dakioke, baldin eta emakumeak zabalik baditu Falopioren tronpak. “Hazia ez baldin bada hain ona, edo tronpak itxita badaude, in vitro-ra jo behar da”, argitu du Genbek. Horrenbestez, ernalketa mota ez da bikoteak aukeratzen duen zerbait; aukeren arabera egiten da, prozesu sinpleenetik hasi eta zailenerantz: “Intseminazioaren bidez lortzen ez duten bikoteak ere in vitro-ra pasatzen dira”.

Osakidetzan halako zerbitzu bat eskatzeko baldintzak klinika pribatuetan baino hertsiagoak dira. Bikote heterosexualek, esaterako, urtebete pasatu behar dute haurdun gelditzeko eginahalean; hori baino lehenago, ez da antzutasun arazo gisa diagnostikatzen. Adina da ugalketa lagundu bidez ama izateko beste faktore garrantzitsu bat: “Askotan, arazo bakarra da neskak urteak bete dituela eta nekezagoa dela haurdun gelditzea”. Adinak gora egin ahala obulu gutxiago sortzen direla azaldu du Genbek, eta haien kalitatea ere baxuagoa dela, nahiz eta “morfologikoki, ikusteko, politagoak” izan. Horregatik ez du egiten Osakidetzak ernaltze lagundurik 40 urtetik gorako emakumeekin: “Ez da ez direlako haurdun gelditzen, portzentajeak oso baxuak direlako baizik. 30 urterekin, saio arrakastatsuak %50 dira, baina hori jaisten doa: 35ekin %35 da, 38rekin %20… Eta 43rekin hobe da ez saiatzea, ez direlako haurdun gelditzen”.

Bikotearen hazia erabiltzen den kasuetako estatistikak dira horiek. Denak ez dira, ordea, halako kasuak; haurra bikotekiderik gabe izatea erabaki duten emakumeek, bikote lesbianek eta hazia kalitate eskasekoa duten bikote heterosexualek hazi emaileetara jo behar izaten dute. Ospitaleek hazi bankuekin funtzionatu ohi dute; emailea ezezaguna izaten da, baina froga asko egiten zaizkio aurretik. Hasteko, emaile izango direnek sei hilabete igaro behar dituzte astero hazia ematen. “Pentsa, hamar mutiletik hiruk balioko dute emaile izateko”, nabarmendu du Genbek. Izan ere, haziaren kalitatea okerrera egiten ari da, eta OME Osasunerako Mundu Erakundeak jaitsi egin behar izan zituen emaile izateko eskakizunak duela bi urte: “Lehen, hazia normala izateko, mililitroko hogei milioi espermatozoide izatea eskatzen zen; %50 mugikorrak; %75 bizirik eta %14 normal, baina horra ez zen ia inor heltzen. Gaur egun, hogei milioi jaitsi dira hamabostera; mugikortasuna ere jaitsi egin da; bizirik, %50ek egon behar dute; eta normalak izan, %4k”.

Hazi eskaseko bikote heterosexualen kasuan, emaileak aitaren ezaugarriak izan ditzan saiatzen dira medikuak: “Odola, arraza, ilea, begiak, altuera, pisua… gutxi gorabehera, antzera samarrekoa ateratzeko”.

Donostiako Ospitaleko unitate berrian tratamendua jaso duten emakume batzuk jada haurdun daude; gehien daramana hogei asteko dago. Genbek emandako datuen arabera, beste 35 emakumek egingo dute zikloa hilabete honetan: “Zikloa da ziztatu, ebakuntza gelara joan eta transferentzia egitea. Tratamenduan gehiago daude, batzuk abuzturako prestatzen ari baitira”.

Tratamendu motaren arabera, desberdina da arrakastarako probabilitatea. Intseminazio sinpleenek, esaterako, haurdunaldi gutxiago ematen dituzte: %20 inguru. Genbek ohartarazi du, ordea, horrek ez duela esan nahi horiekin saiatu behar ez denik: “Intseminazio batekin lortzen baduzu haurdunaldi bat, ahal duzulako, ez duzu zertan egin in vitro bat”. Hori guztia, bikotekidearen hazia erabilita; emaileren baten haziarekin, aukerak handiagoak dira. “Ziklo bakoitzeko portzentajea da hori”, esan du Genbek, “baina guk badakigu lau intseminazio eginda gutxi gorabehera hamar bikotetik zazpik lortuko dutela haurdunaldia, eta bik edo hiruk ez”. Legez, gehien jota lau intseminazio egin ditzake emakume batek.

Donostiako Ospitaleko unitate berria zabaldu zuten arte, zerbitzu publikoa nahi zuten gipuzkoarrek Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) joan behar izaten zuten. Genbek “ugalketa turismoa” aipatu du: “Pertsona askok kilometro asko egiten dituzte klinika bila”. Batzuetan, kalitate bila jotzen dute beste lekuetara; beste batzuetan, prozesua ezkutatzeko nahia egoten da horren atzean. Izan ere, antzutasunak badu oraino zerbait tabutik. Genberen ustez, ordea, ari da hori apurka gainditzen: “Ez da gaixotasun bat; bikote batek duen arazoa da, eta gero eta jende gehiago dago, ez bakarrik emakumeek geroz eta urte gehiago dituztelako, baizik eta geroz eta gehiagok azaltzen dutelako euren arazoa”.

Publikorik ezean, pribatua

Orain arte, Donostiako Quiron klinika izan da Gipuzkoan halako tratamenduetarako erreferente nagusia; dena den, ospitale publikoko unitate berria irekitzearen ondorioz ez dute eragin handiegirik sumatu, Koldo Carbonero klinika horretako ginekologia, obstetrizia eta laguntza bidezko ugalketarako buruak azaldu duenez. Izan ere, bateko zein besteko eskaintzek “elkar osatzen” dutela iritzi dio: “Badira zenbait kasu Osakidetzan artatzen ez dituztenak; esaterako, emakumeak 40 urtetik gora dituenean. Guk hartzen ditugu pertsona horiek, nahikoa obulu baldin badituzte. Edo jadanik haur bat edukiz gero, zailagoa da Osakidetzan onar zaitzaten bigarrena ugalketa lagundu bidez edukitzeko”. Espainiako Ernaltze Lagunduaren Legeak ez du adin mugarik zehazten, baina klinika gehienek —tartean dago Quiron— adostuta daukate gehienez ere 50 urteko emakumeei ematea zerbitzu hori, “arrazoi etikoengatik”.

Ospitale pribatuetara, gainera, kanpotar askok jotzen dutela esan du Carbonerok. Quironen ugalketa lagundua egiten duten bost emakumetik bat Ipar Euskal Herritik edo Frantziatik dator: “Frantziako legedia oso murriztailea da emakume bikotekidegabeen eta lesbianen kasuan; kasu horietan ez du baimentzen ernaltze lagundua. Eta gu bertan gaude; horregatik, Ipar Euskal Herriko jende asko etortzen da”.

Garestiak dira, ordea, klinikotako tratamenduak: garestienak 9.000 euro inguruan dabiltzala esan du Carbonerok. “Gainontzekoak 800 eta 3.000 euro artean dabiltza”. Pribatuaren azkartasuna nabarmendu du, ostera: Quironen ez dago batere itxaron zerrendarik —publikoan urtebetekoa da—. “Iaz, lehen kontsultara etorri ziren emakumeen batez besteko adina 38 urtekoa izan zen; pertsona horiei itxaron zerrenda jartzen badiegu, porrota eragiten ari gara ezinbestean, tratamenduen arrakasta adinaren araberakoa delako. Ugalketa lagunduko unitate fidagarri batean ezin da itxaron zerrendarik egon”.