Inurriak ezti pote batean bezala pilatzen dira udatiarrak Gipuzkoako kostaldean udako oporretan; eguzkiak jotzen duen unerik ez da gelditzen aprobetxatu gabe, ez eta hondartza zatirik okupatzeke. Krisiak krisi, kalean urteroko saturazioa nabaritzen hasi dira itsasertzean bizi diren herritarrak; ez daude alferrik kontzentratuta kostako zortzi herritan 110 ostatu, Gipuzkoako hotel guztien erdiak baino gehiago.
Deba, Hondarribia, Zarautz eta era horretako herrietan “erabat ezberdinak” dira uda eta gainontzeko hilabeteak, Iñaki Eizagirre Zarauzko Udaleko Hirigintza, Ogasun eta Finantza zinegotziaren hitzetan: “Udan, Zarautz beste herri bat da”. Sasoi horretan, turismoa bihurtzen da herri horietako ekonomiaren motorra, eta denak egiten du gora: biztanleria hazten da, zirkulazioa zaildu, eta zenbait etxejabek eta merkatarik ere baliatzen dute aukera prezioak igotzeko. “Hemen dena aprobetxatzen da jendea dagoenean”, esan du Karmele Alberdik, Zarauzko Turismo zinegotziak. Ez da beti bertakoen mesedetan izaten, ordea.
“Herriko kontsumoak gora egiten du turismoarekin, bistan da”, azaldu du Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko Udaleko Turismo zinegotziak: “Pertsonen ugaritzeak sor dezakeen eraginaz gain, hirirako dakarren onura ekonomikoa ukaezina da, bertakoak baitira lan horren ordaina jasotzen duten enpresa txikiak”.
Lan kontratazioek beti egiten dute gora udan, Sagarzazuren arabera: “Ostalaritzan, merkataritzan, TAOn…”. Alberdik begi onez ikusten du hori, gazteentzako aukera ona dela uste baitu: “Hemengo ikasleek uda aprobetxatzen dute negurako pezetak ateratzeko. Hondartza garbitzen, toldero, zerbitzari, haurrak zaintzen… Ondo etortzen da. Hori egongo ez balitz…”.
Beste alde batetik begiratu dio kontuari Eizagirrek: lana badago, baina dagoena “den modukoa” da, eta baldintzak ere ez dira onenak: “Zarautzen gertatzen dena da dendak eta tabernak ez direla oso handiak; gehienez lau-bost langile izaten dituzte. Hortaz, lau langilerekin zazpi egunetan hamabi orduz lan egiteko… edo langile gehiago hartzen dituzu —eta horrek kostu gehiago du jabearentzat—, edo ahal den moduan moldatzen zara. Lana beti egongo baita udan”.
Zerbitzuen sektoreak presentzia handia du kostako herrietan, Eizagirrek azaldu duenez: “Zarautzen ez dago enpresa handirik; eredu orekatu batekin alderatuta, industria oso txikia du. Tabernak eta dendak dira nagusi”. Horregatik, berebiziko garrantzia du udako kontsumo gorakadak herri horietako ekonomiarentzat.
Probetxu gutxiago ateratzen diote kostako udalek udan sortzen den zirkulazioari. Hondarribiko eta Zarauzko turismo datuek diote kanpotar gehienak autoz bertaratzen direla. Hondarribian asko antzematen da hori, Sagarzazuren arabera: “Zirkulazioa handitu egiten da, hirirako sarrerak eta irteerak bide bakarretik egiten direlako”. Horrek aparkatzeko arazoak ere badakartza. Zarautzen, esaterako, neguan alde zaharrean soilik ordaindu behar izaten da TAO, Alberdik azaldu duenez: “Kasko zaharretik aterata, erraz aparka daiteke neguan. Udan zer gertatzen da? Hainbeste autorekin, TAO leku guztietara zabaltzen dela”. Hori diru iturri gisa ere ikus daiteke, baina, berez, beste helburu bat du. “Nahiz eta azken urteotan etekinerako erabili den, TAO ez da dirua”, esan du Eizagirrek; ” TAO mugikortasuna da: autoen erabilera bultzatu edo ez”.
Udan, 2.000 euroko alokairua
Urtean zehar 16.500 pertsona bizi dira Hondarribian; udan 30.000ra igotzen da kopuru hori, Sagarzazuk emandako datuen arabera. Zarautzen ere igartzen da hori, Eizagirreren hitzetan: “Bizitza aldatu egiten da”. Zarauzko daturik ez dute bertako udalekoek. “Aipatu izan da bikoiztu eta hirukoiztu egiten dela biztanleria”, esan du Eizagirrek: “2.000 etxebizitza udan soilik erabiltzen dira, eta kanpinean-eta ere egoten da jendea; okupazioa %100ekoa denean, bai, populazioa handitzen da”. Denera 2.680 toki daude herriko ostatuetan, eta ia denak betetzen dira udan: iaz, %92ko okupazio tasa neurtu zuten uztailean, eta %98koa abuztuan.
Sasoi horretan etxebizitzen prezioak igo egiten direla bi herrietako udal ordezkariek esan dute. “Etxe batzuk bakarrik irailetik ekainera alokatzen dira, eta gero etxea utzi egin behar da”, azaldu du Alberdik. “Zarautzen, etxebizitzen batez besteko prezioa 800 eurokoa da hilean; udan 1.000 eta 2.000 artean ibiltzen dira”.
Badira urtean zehar alokatu ere egiten ez dituzten etxeak ere. “Etxe hutsak” deitu ohi zaie horiei, baina juridikoki ez dago zehaztuta zer den etxe huts bat. “Etxe hutsa baldin bada udan bakarrik erabiltzen dena, nahiko kopuru handia da: 3.000 etxe ez dira erabiltzen normalean Zarautzen, gutxi gorabehera 11.000 ingurutik”. Beste datu bat ere eman du Eizagirrek: Zarauzko Udalak duela hiru urte egindako azterketa baten arabera, 800 etxe inguru ez dira inoiz erabiltzen. “Ez neguan, ez udan”.
Juridikoki etxe huts bat zer den zehaztu gabe, ordea, zaila da horren kontrako neurri fiskalik hartzea, eta bestelako “zirrikituak” bilatu behar dira. Horregatik onartu zuten uztailaren 2an Gipuzkoako Batzar Nagusiek ohikoak ez diren etxebizitzen zergak %50 igotzea. Zarautzen ere neurri hori indarrean jartzea proposatuko du udal gobernuak datorren urteko aurrekontuei begira. Gehiengoa lortuz gero, %50eko errekargua jarriko diete bigarren, hirugarren eta bestelako etxebizitza guztiei. “Fiskalitate aldaketa horrekin lortu nahi dena da, hain justu, etxebizitza horiei gainkarga bat jartzea, jabeak behartzeko etxe horiek alokairura edo merkatura ateratzera”, azaldu du Eizagirrek.
“Etxebizitzarekin arazo bat daukagu Zarautzen. Beti esaten da etxebizitzen prezioak jaisten ari direla azken lauzpabost urteotan; Zarautzen ez, Zarautzen mantendu egiten dira”. Izan ere, etxe horietako asko espekulaziorako erabili izan dira kostako herrietan: “Azken hamarkadetan, joera egon da familietako aurrezkiekin etxebizitzak erosteko, eskubidea den zerbaitekin negozioa egiteko”.
Turismo eredu berriak buruan
Hori guztia ondo ezkontzen da Gipuzkoako kostaldean sustatu ohi den turismo ereduarekin. “Familia turismoa” da, Alberdiren hitzetan: etxebizitzetan egonaldi luzeak egiteko ohitura handia dago. “Hona etortzen diren turistak beti izan dira barrukoak, hemen etxea dutenak”, nabarmendu du Eizagirrek. “Garai batean bazeuden hotel batzuk, baina kendu egin zituzten, eta beste era bateko turismoa bultzatu zen. Hori da beti eduki dugun ideia: kanpokoak etortzen dira, uda pasatzen dute eta dirua lagatzen dute”. Hori ere aldatzen ari da, ordea: “Jendea jada ez da etortzen egunak pasatzera, baizik eta eguna pasatzera: goizean etorri, jana etxetik ekarri, egon eta buelta”.
Turismoa aberastasuna sortzeko baliabide izango bada, eredu berriak bilatu behar direlakoan daude bi herrietako udal ordezkariak. “Ez gara soilik hondartzatik biziko. Eskaintza zabaldu egin behar da”, esan du Eizagirrek. Sagarzazuk ere antzeko iritzia du: “Turismoa ezinbestekoa da, baina turismo moduak askotarikoak dira; urtean zehar jasotzen ditugun bisitariei eskaintza aberatsa egin behar diegu, bertakoentzat iraunkorra izango dena, bestalde”.