Villabonako jaietan gogoan izango dute

Remi Aiestaranen lagunek eta herritarrek, haren heriotzaren ondoren, Remi Gogoan Ekimena sortu zuten, “beharrezkoa” ikusten baitzuten “Remik Villabonari eta Euskal Herriari egindako ekarpena goraipatzea”.

Bi helbururekin sortu zuten herri ekimena. Alde batetik, egia eta justizia eskatzeko. Izan ere, ekimeneko kideek argi dute: “Remi Aiestaran, Villabonako alkateordea, 2009ko uztailaren 31n Ertzaintzaren jazarpenaren eta errepresioaren ondotik bihotzekoak jota hil zen”. Bestalde, belaunaldi berriengana ere iritsi nahi dute: “Gure herriaren benetako iragana ezagut dezaten”.

Hirugarren urteurrenaren harira, aurten ere, jaietan, hainbat ekitaldi antolatu ditu Remi Gogoan Ekimenak. Horien artean dago hilaren 24ko danborrada: “Villabonan danborrada galdurik egon zen urte batzuetan, eta berreskuratua izan zedin lan handia egin zuen Remik”, diote antolaketan lekukoa hartu duten ekimeneko kideek. Danborrada Musika Eskolatik abiatuko da 23:30ean, eta Remi Aiestaranen omenezko monolitoaren aurrean, alkateorde ohiari pieza bat eskainiko diote.

Hilaren 31n, urteurrenaren egunean, aldarrikapen kutsuko omenaldia egingo dute, 20:00etan, Remi Aiestaranen izena daraman ibilbidean. Herri ekinbidekoek esan dutenez, epaitegietako prozesua non eta nola aurkitzen den azalduko dute, baita aurrera begira egingo dituzten urratsak ere. Omenaldian, Eneko Galarraga Villabonako preso ohiak eta Egiari Zor Fundazioko kideek ere hitza hartuko dute.