Zenbaterainoko balioa ote du gure hitzak? Zenbat alditan zin egin ote dugu gerora hitza beteko ez dugun ziurtasun ia osoz! Nik urtean bi edo hiru aldiz zin egiten diot neure buruari larunbat goizetan mendira joango naizela. Larunbat goiza iristean, ordea, gehienetan izaten dut aitzakia merkeren bat: eguraldi txarra (gibela behar da gero, Euskadin eguraldiaren aitzakia erabiltzeko, denok hori egingo bagenu satorren moduan eguneko argirik ikusi gabe geundeke etxe zuloan); ostiral gaua berandu bukatu izana, edo aste osoan pilatutako nekea. Edozein aitzakia baliozkoa da hitz emandakoa ez betetzeko.
Zin egiteko erraztasun handiegia dugula sumatu dut azkenaldian. Edo agian mina eta eskarmentua ahazteko abilezia zoragarria dugu? Nerabezaroko urte txoroenetan, ez dakit zenbat alditan zin egin nion neure buruari gauza bera, 06:00etan komunaren aurrean belauniko nengoela, gaueko kubata, arratsaldeko gusanitoak, eta bizirik geratzen zitzaidan arima dardarti apur hori komuneko zulotik bota ostean; zenbatetan errepikatu ote nuen “ez dut sekula santan gehiago alkoholik edango… bua tio…”. Eta benetan nioen, esaten nuen momentuan itsu-itsuan sinesten nuen. Baina aste batzuk geroago, neure buruari hain sakon zin egindako hura Malibu-Piña gozotan itotzen zen. Nori ez zaio halakorik gertatu? Bitako bat, edo pasatako oinaze guztia ahazteko sekulako gaitasuna dugu, edo anormal konpletoak gara. Bigarren aukera hartuz gero, gizakia eta haren portaera ezinbesteko amildegi batera kondenatuko nuke, haren akatsetatik ikasteko aukera txikienik eman gabe, beraz, lehenengo aukerarekin gelditzea osasungarriagoa dela pentsatu dut. Ama askori entzun izan diet erditze unean pentsatu (eta esan) zutela, “ez dut sekula gehiago umerik izango”; eta urte batzuk geroago —amatasuna errepikatzea mozkorraldia errepikatzea baino konplikatuagoa baita—, beren tripatxoarekin ikusten ditut berriro ere.
Eta ez dakit zer kontatu nahi dudan horrekin guztiarekin; goizean pentsatu dut, arraroak gara gizakiok, eta orri zuriaren aurrean jarritakoan, plazta, hauxe da okurritu zaidana.
Gustatuko litzaidake herri- gizarte- mundu honetan min eta gorroto guztiak ahazteko gaitasun bera izango bagenu. Mozkorraldi txarrak eta erditzeko min jasangaitzak ahazten ditugun moduan ahaztuko bagenitu gainerako oinaze eta gorrotoak ere.