Bidaiarien Txokoak antolatu du lehen jarduera: udako postal lehiaketa

Joan den ekainean zabaldu zuten, Tolosan, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoa, Errotako eraikinean. Esku artean zuten material eta dokumentazio guztia antolatu ondoren, irailetik aurrera bidaietarako baliagarriak suerta daitezkeen hainbat jarduera antolatzen hasiko dira, azken asteotan jasotako proposamenetatik abiatuta. Lehen jarduera, berriz, martxan da dagoeneko: udako postal lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek Antxon Bandres Bidaiarien Txokora (Miguel Aranburu Enparantza, 20400 Tolosa) postal bat bidali besterik ez dute egin behar. Eta, partaide guztien artean, Donostiako Izadi Kirolak dendan erabiltzeko 100, 50 eta 25 euroren txartel batzuk zozkatuko dituzte, irailaren bukaeran.

Bidaien, mendiaren nahiz munduko hainbat kulturaren inguruko dokumentazioa leku publiko batean izateko beharraz jabetu ziren txokoaren sustatzaileak. Josu Iztueta da haietako bat: “Nairobitarra autobusarekin egindako bidaietan bildutako material asko nuen etxean, guztira 2.000 ale inguru. Jende asko mapa bila edo bidaien inguruan hitz egitera etortzen zen, baina pentsatu genuen material horrek guztiak herritarren eskura egon behar zuela; leku publiko batean, behinik behin”.

Ideia horrekin duela urtebete inguru hasi ziren, eta orduan gertatu zen Antxon Bandresen istripua: “Euskal Mendi Federazioko lehendakaria izandakoa zen hura, baita biologoa, medikua eta Aranzadiko kidea ere. Hark ere liburu asko zituen etxean”, ekarri du gogora Iztuetak.

Horrela, beraz, material hori guztia elkartu eta nonbait jartzea ideia polita iruditu zitzaien sustatzaileei. Tolosako Alde Zaharrean lokal bila hasi ziren horretarako, eta udalak ideiaren berri izan bezain pronto, Errotako eraikineko lokala eskaini zien: “Lekua oso egokia iruditu zitzaigun hasieratik: haur liburutegiaren azpian, udal liburutegiaren ondoan eta turismo bulegotik gertu”.

Boluntarioen elkarlanaz

Bidaiatzea afizio dutenentzako zabalduriko gunea aurrera eramateko bide horretan, boluntarioen sarea osatzea izan da lehen helburuetako bat. Iztuetak nabarmendu duenez, adin guztietako jendea bildu da lehen boluntario taldean: “Eta, seguru asko, bizitzan hainbat modutara bidaiatu dugunak gara”.

Bidaiarien Txokoaren moduko egitasmo batean, talde eragileaz gain, talde horren inguruko sare bat beharrezkotzat izan dute hasieratik. “Gainera, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoa ez da inorena; hau guztion txokoa da”, dio Iztuetak. Beraz, hasieran, gertuko lagunak elkartu ziren boluntarioen sare hori osatzeko, baina joan den ekainean lehen deialdia egin zuten, eta irailean bigarren deialdia egingo dute, “laguntzera, irakurtzera, zerbait antolatzera nahiz norberaren bizipenak kontatzera etorri nahi duenarentzat”.

Lehen boluntario taldean, hogei lagun inguru elkartu ziren. Maddi Labaien horietako bat da. Iazko udan, Iztuetarekin bidaia batera joan zen, Turkiara. Aurretik ere bazuen, ordea, Iztuetak antolatzen zituen egitasmoen berri: “Txoko honen ideiaren berri izan nuenean, aukera polita izan zitekeela pentsatu nuen. Gainera, ideia berezia da; izan ere, bidaien inguruan ez da antolatzen gauza askorik”. Labaienek uste du bidaiarien txokoarena modu polita dela jende gaztea bidaien mundura erakartzeko, aukera asko eman baititzake: “Jendea ezagutzeko bidea ere bada, eta bidaiatzea gustuko baldin baduzu, eta horrelako leku batera etortzen bazara, interes bertsuak dituzten pertsonekin elkartu, eta oso posible da bestelako planak sortzea”.

Horrelako proiektu bat profesionalizatzea ezinezkotzat dute, eta boluntarioen sareak ere horretan lagunduko die: “Ezingo genioke inorri ordaindu, baina zenbait modu bilatuko ditugu laguntzen duten guztiei nolabait eskerrak emateko; bidaiatzeko aukerak eskaintzea izan liteke modu bat”, azaldu du Iztuetak.

Bidaia aniztasunean zehar

Behin norbaitek esan omen zuen bidaiatzea ez dela lekualdatzea, jakin-mina baizik. Aipu horri jarraituz, bidaiak hamaika adar ukitzen dituela eta, adar horiek guztiak txokora ekartzea da boluntarioen helburua. Ez dute egin jardueren egutegi zehatzik, baina proposamen ugari bildu dituzte, eta ideia berritzailez josi dute zerrenda, datorren ikasturtera begira: bidaietako kroniken nahiz argazkien lehiaketak, bizikleta bidaiak antolatzeko tailerrak, bidaia dokumentazioko tailerrak, euskal mendizaletasunaren historia…

Lehenik eta behin, materiala sailkatzea izan da, ordea, boluntarioen lana: “Antxon Bandresen Alpine Journal-ak gaztelaniaz argitaratzen hasi ziren lehen National Geographic aldizkariak… Erlikia zenbait ere badaude: duela 30 urte inguruko Afrikako gida bat, adibidez”.

Dokumentazioaz harago, ordea, mahai inguruak, hitzaldiak eta ikastaroak dira arduradunen helburuetako zenbait: “Mendiari buruzko ikastaroak, mikologiari buruzkoak, Aranzadiko sailen baten inguruko kontuak, kanpoan bidaiatzen aritu den norbaitek bere esperientzia kontatzea, tertuliak ingelesez nahiz frantsesez egitea… Hamaika gauza antola daitezke, eta bururatzen zaigun guztia egin dezakegu bidaien inguruan”, dio Josu Iztuetak.

Aipatzekoa da kultura aniztasuna ere oso kontuan izango dutela Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Afari tematikoak egitea izan da proposamenetako bat, baina Iztuetak dio afaltzea aitzakia batbesterik ez dela izango: “Esaterako, Azerbaijango afaria egiten badugu, hango gastronomia ezagutzeaz gain, hango familiak janariaren inguruan nola antolatzen diren, zein janari ekoizpen izan dezaketen, jendea mahaian nola esertzen den, plater batetik edo gehiagotatik jaten duten, eta antzeko kontuak ezagutuko ditugu”.

Azken batean, “bidaiatzea jakin-mina, informazioa biltzea, tokiko jendearekin egotea nahiz bidaideekin gauzak partekatzea” ere badela uste dute Maddi Labaienek eta Josu Iztuetak; dena den, onartzen dute bidaiatzeko hamaika modu daudela: “Zorionez, bidaiatzeko modu asko daude, eta eskerrak. Izan ere, modu bakarra balego, guztiok leku berean topo egingo genuke”.

Bidaiari guztientzat zabalik izango da Bidaiarien Txokoa: Tolosako Errota eraikinean, astelehenetan 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara, eta asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:30era bitartean. Interneten ere badaude: http://bidaiarientxokoa.wordpress.com blogean, hain zuzen.