Testu hau hegazkin bateko eserleku bateko erretiluan osatzen hasi naiz. Ikeako lapitz bat daukat eskuan, eta nire jomugan baliagarri izan dakizkidaken telefono zenbakiz betetako paper baten atzealdean hasi naiz idazten. Joaneko txartela bakarrik erosi dut, baina ez naiz Merkelek, Hollandek eta Cameronek gustura hartzen dituzten ingeniari trebatu horietako bat. Lan kontraturik gabe noa, herrialdeko hizkuntza ez dut ezagutzen, eta hori gutxi balitz, bizi behar dudan hirian ordaindu gabeko isunak ere badauzkat. Daramadan dirua urte bukaerarako-edo xahutuko dudalakoan nago, parrandekin-eta burua galtzen ez badut. Orduan zer gertatuko den ez dakit, eta hegaldia hasi denetik behin eta berriz errepikatu diot neure buruari ez nindukeela kezkatu behar.
Emigrante pijo samarra naiz, ezbairik gabe. Abioiaren sabelean Samsonite garesti askoak daramatzat, iMac-arekin eta boutique bat irekitzeko moduko arropa andanarekin. Lerdoarena egiten hasita, golfeko makilak ere fakturatu ditut. Etxean nigandik ez du dirua bidaltzerik espero inork, eta ez dut arrakasta profesionala izateko inongo presiorik sentitzen. Beste askotaz ere azkar aspertu naiz, eta luzeegi baino lehen txoro haizeak Teresita Eneara bueltan eramatea litzateke normalena. Baina joaneko hegaldia da hau.
Bi ordu eta erdi luze hauetan etorkizunarekiko bertigo biziagoa sentitzen ari naiz azken asteetan baino. Erabakiak batere hausnartu gabe hartu zale izanda, ez da harritzekoa. Hala ere, pentsamendu praktikoetara itzultzeko beharrean naiz pixka batean. Maskuria azken abisuak ematen ari zait; leihatilaren kontra eserita nago, eta korridorera iristeko goxo-goxo besarkatuta lo dagoen bikotea zeharkatu beharra daukat. Lurretik edo airetik.
Bueltan naiz. Hamaikagarren koka-kola hartzeko astia badut oraindik. Aurreko eserlekuan doan amonaren erlojuan ikusi berri dut ordubete-edo falta zaigula helmugara ailegatzeko. Hurbil ditudanak aztertzeari ekin diot orain: ez dirudite ni bezain urduri, baina niri ere ezinegona askorik azaleratzen ez zaidalakoan nago. Nire albokoek nora noan, zergatik, zeren bila galdetzen badidate, ez dut jakingo erantzuten. Zorionez, horrelako solasaldi ustekabekoak filmetan bakarrik gertatzen dira, eta ez dut estualdirik jasan behar izango. Lurreratu baita hegazkina, eta baretu pixkanaka motorra. Hegazkineko zerbitzariak sakelakoak pizteko baimena eman digu.