Leon eta Kastillo Illunben

Txanpon bereko aldeak izanik, Leonek eta Kastillok bizkarra ematen diote elkarri. Horregatik, askotan batek aurrez aurre eta argi eta garbi ikusten duena besteak zeharka baino ez du ikusten. Leonek, Kastillok ez bezala, Illunbeko auzia zeharka baino ez du ikusterik izan, eta lekuko zuzen baten iritzia jakite aldera eta, zergatik uka, kideari zirikatze aldera ere, hasi da:

—Donostian zezenketak debekatu dituzte…

—Hori ez da egia —erantzun dio berehala Kastillok—. Alkateak esan du Illunben zezenketak egiteko tratua berritzeko asmorik ez duela eta instalazioak kirol ekintzetara bideratzea nahiago duela. Baina alkatea ez da nor zezenketak debekatzeko. Debekua Eusko Jaurlaritzak ezar lezake, Kanarietako edo Kataluniako gobernuek ezarri duten bezala, baina egun, behintzat, ez dago ezarriko duen inolako zantzurik. Beraz, gezurra da egia berdaderoa balitz bezala bolo-bolo dabilen kontu hori, Donostian zezenketak debekatu dituztenekoa, alegia.

—Tira, ez da debeku formala izango, baina Udalak ez badu Illunben zezenketak egiten uzten…

—Zezenketak debekatzen ez diren bitartean, zaleek nahi edo ahal duten guztietara joateko eskubidea dute. Baina udalek eta, oro har, erakundeek ez dute eskubide hori zertan bitarteko publikoen bidez bermatu. Badira derrigorrez bermatu behar dituzten eskubideak, esaterako, osasunarekin edo hezkuntzarekin lotuta daudenak. Udala, adibidez, zaborrak kudeatzera edo hiri barruko zirkulazioa antolatzera derrigortuta dago, legez, gainera, baina ez zezenketak antolatzera edo antolatzen laguntzera. Gainera, zezenzaleak ez dira eskubideak dituzten bakarrak. “Inori ez zaio plazara joatera behartzen”, entzun ohi da. Egia. Baina, zezenzaleak izan ala ez, donostiar guztiei behartu zaie Illunbe ordaintzera. Hori ere, egia. Zezenketarik nahi ez dutenei beraien diruarekin ikuskizun hori ordaintzen ez jarraitzeko eskubidea ere noizbait aitortu beharko zaie, ezta?

—Baina motore ekonomikoa omen dira…

—Zezenketak ez dira motore ekonomikoa, ez Donostian ez inon. Tira, baten bati ondo etorriko zaizkio, besterik ez genuen behar. Baina zezenketek soil-soilik laguntza publikoei esker irauten dute. Estatu osoan, erakundeek batez beste 500 milioi euro bideratzen dituzte urtero zezenketei eutsi ahal izateko.

—Beharbada orokorrean horrela izango da, baina, diotenez, behintzat, Illunbeko zezenketek ez diote Donostiako Udalari gasturik sortuko.

—Nortzuk diote hori? Orain dela hamabost bat urte zezen plaza donostiarrei xentimorik ere ez litzaiekeela kostatuko esaten zuten berberek. Eta begira zer gertatu den: oraindik ez dago zehatz-mehatz jakiterik zenbat milioi euro kostatu zaien.

Leonek, memoriatik argudio berri bat erreskatatu bitartean, geldialdi bat egin behar izan du itaunketan. Baina oraingoan Kastillok aurrea hartu eta ez dio jarraitzeko aukerarik eman:

—Begira, Leon, Illunben iruzur izugarria egin zieten donostiarrei. Behin iruzur egiten badidazu, zu zara erantzulea; bitan egiten badidazu, berriz, ni neu.