Madrildik

Maleta gurpildun txiki batean arropa, nezeserra, Idiazabalgo gazta erdi bat eta argazki batzuk hartuta, Espainiako kapitalera iritsi naiz. Jendez gainezka dauden kaleetan barrena, Paco Martinez Soriaren moduan noa, galduta, ilusioz eta ezjakintasunez beteta eta gazta erdi bat maletan sartuta. Iritsi da Madrilera Zaldibiko amapolea. Bero gordina, autoen kea, hiriaren azpian lurpean dagoen itzalpeko bizitza… Amapolea ez al da hormigoi artean zimelduko? Ba, oraindik ez, aizu! Bizitzeko sekula aukeratuko ez nukeen hiri honek denbora jakin baterako egoteko bere xarma du.

Dena ez da espero nuen modukoa; txoko polit askoak ere baditu, auzo izaera peto-petoa dutenak, eta tarteka herritxo jendetsu batean zaudela sinetsarazten dizutenak. Baina hain da ezberdina Gipuzkoako edozein tokirekin alderatuz gero… Eta zenbaitek pentsatuko du: “Jesus, neska, ezta Bosnian bazeunde ere!”. Bai, badakit Madril dela, Donostiatik bost ordutara nagoela eta hori guztia. Baina hain da ezberdina!

Zenbat jende dagoen kalean eskean; metroko abeslariek bat-bateko agertoki bat asmatzen dute bagoi barruan, eta abesti bat eskaintzen dizute bizpahiru geltokiren denboran. Harritu egiten nau hemen jendeak ez ikusteko, ez begiratzeko, ez entzuteko duen gaitasunak; gusta dakizuke ala ez, txundituta gera zaitezke ala ez. Baina nola egiten dute ez ikusteko, ez begiratzeko eta ez entzuteko? Ohitura izango da agian, nekea edo asperdura akaso; baina ni oraindik ere begiak zabal-zabalik ditudala geratzen naiz begira. Hiriaren egunerokotasunak ez ote dit itzaliko liluratzeko gaitasun hau! Halere, artista eta eskale guztiei ezin lagundu, eta haietatik bat aukeratu dut. Eta aukeraketa ez da guztiz kontzientea izan, besterik gabe konturatu naiz hala dela.

Gauero, lanetik etxerako bidean, amonatxo bat ikusten dut kale izkina batean eskean. Amona txurie izena jarri diot; 40 kilo eskaseko emakume txiki bat, hauskorra. Azala zuria eta ilea zuriagoa, 75 urte inguru dituela esango nuke —edo agian 60 baino ez ditu, batek daki bizitzak zenbateraino zigortu duen—. Behera begira egoten da, eskua luzatuta. Ikusi nuen lehenengo aldian ez nintzen begiratzera ere ausartu, bularrean sentitu nuen ziztadak bertatik alde egitera behartu ninduen; baina pauso batzuk eman ostean, bat-batean gelditu, buelta hartu eta txanpon bat jarri nion esku zuriaren gainean. “Buenas noches” esatera ausartu nintzen; “Buenas noches, muchas gracias“, berak, bururik altxatu gabe. Gauero pasatzen naiz hortik, eta han egoten da bere tokian amona txurie; gauero txanpona eskuan jarri, eta elkar agurtzen dugu. Laugarren aldian burua jaso zuen, begietara begiratu zidan eta irribarre egin zidan! Irribarrea ere zuria du! Eta halaxe jarraitzen dugu gauero, hitzen bat edo beste gurutzatuz.

Zaldibiko amapolea Espainiako kapitalean zimeltzea pena litzateke, horregatik pentsatu dut nire inguruak loratzea.