Donostia
Dibertimendu mota batek baino gehiagok egingo dute bat asteburu honetan Igeldon. Bigarrenez antolatu dute Kutxa Kultur Festibala, eta aurten Igeldoko jolas parkea aukeratu dute agertoki gisa. Gaur eta bihar, hemeretzi talde arituko dira jaialdirako prestatu dituzten bi agerlekuetan. Bederatzi talde kanpokoak izango dira, eta beste hamar, gipuzkoarrak; lehiaketa bidez aukeratu dituzte horiek.
Parkeko agertokian, 16:30ean, hasiko da gaur festa: Naica, Patta ta Sendaezinak, Correos, Lolas Club eta Peachy Joke taldeak arituko dira bata bestearen atzetik gaueko hamaikak bitartean. Agertoki nagusiko emanaldiak, berriz, arratsaldeko seietan hasiko dira. Russian Red izango da lehen taldea, eta haren ondoren joko dute The Whip, The Raveonettes eta Maximo Park taldeek. 00:30ean amaituko da gune horretako egitaraua.
Bihar, ordea, agertoki nagusian izango da lehen emanaldia: Anari arituko da bakarlari gisa. Leku berean arituko dira arratsaldean Delorentos, Los Campesinos, Love of Lesbian eta The Horrors taldeak. Apur bat beranduago hasiko dira parkeko agertokiko kontzertuak: 17:20an Muturbeltzek du hitzordua, eta haren ondoren Inra, Anai Arrebak, Wilhelm & The Dancing Animals eta Gora Gora Kids taldeek.
“Beste era bateko jaialdia” izan nahi du Kutxa Kultur Festibalak, “neurri eramangarria” duena, handikeriarik gabe. Kontzertuez gain, haurrentzako musika tresnen tailerra eta hainbat lehiaketa ere antolatu ditu Kutxak jaialdi honen barruan. Igeldoko jolas parkearekin ere akordioa egin dute asteburu honetan bisitariei eskaintza berezia egiteko: eguerdiko hamabietatik ordubietara, behin ordainduta, bi aldiz erabili ahal izango dituzte parkeko atrakzio guztiak. Parkerako sarrera hamar euro kostatuko da egun bakoitzeko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ezin izango da autoz edo motorrez igo Igeldora. Aldiz, funikularra goizetik egongo da martxan, eta doakoa izango da kontzertuetara doazen ikusleentzat. Dbusek ere autobus zerbitzu bereziak jarriko ditu parkera igotzeko.