Paristik datorren artista bat izateari utzi gabe, Parisera doan piano jotzaile bihurtu da Iñar Sastre (Irura, 1986). Irakasleak A esaten zuen lekuan berak B egiten zuela dio, “nahiko bihurria” zelako. Barne orekaren bila hara eta hona ibili ondoren, argia Frantziako hiriburuan aurkitu du oraingoz, munduko kontserbatoriorik ospetsuenetako batean.
Musikeneko ikasketak amaitu ondoren, erronka berria daukazu: CNSMDP Parisko goi mailako musika eta dantza kontserbatorioa.
Pianorako inprobisazioa ikasiko dut bertan. Mundu guztiko kontserbatorioetan ibili naiz bila, eta ikasketa hauek han bakarrik aurkitu ditut.
Beste inon ez dagoen espezialitate bat aukeratu duzu, beraz. Zergatik?
Musika klasikoan, interpretazioa eta konposizioa oso bereizita daude. Ni ez naiz sentitzen bat edo beste. Instrumentista naiz, alegia, interpretea, baina aldi berean sortzea ere gustatzen zait, gorputzak hori ere eskatzen baitit.
Barne orekaren bila zoaz, beraz.
Musikeneko interpretazio ikasketekin bakarrik ondo sentituko banintz, bide horretatik jarraituko nukeen. Baina argi ikusi nuen ez zela horrela: oholtza gainera igo, eta beste garai bateko beste konpositore baten piezak interpretatzea, egungo testuingurua erabat desberdina izanda… Ez naiz ondo sentitzen. Askoz identifikatuagoa sentitzen naiz egungo musika klasikoarekin, garaikidea deitzen zaion horrekin, nire garaikoa delako.
Musika klasikoa muturreraino eraman dutela pentsatzen dut sarri, absurdora, zientzia bilakatu balute bezala. Milaka ikerketa egin dituzte batzuek eta besteek, gehiegi espezializatu balitz bezala, eta galdu egin da musikari izateko behar hori, alegia, sorkuntza. Musika klasikoak daraman bide horrek nahiko harrituta nauka.
Hori hausteko bide izan daitezke ikasketa hauek.
Pianorako inprobisazioa arte diziplina desberdinekin lotzen dute, sortzeko gaitasun horrekin edozein arlotan murgil baitzaitezke. Dantzari batekin edo irudigile batekin elkarlanean aritzen naizenean, askoz erosoago sentitzen naiz, osoago izango banintz bezala da. Dantzaria mugimenduan, ni erdi inprobisatzen… Artistikoki eta pertsona gisa, gehiago estimulatzen nau horrek.
Noiz hasi zinen musika munduan?
Pianoarekin zortzi urte nituela hasi nintzen, Anoetako Ikastolan, baina beste ume guztiak bezala. Gero, 13 urte nituela, rock mundura gerturatu nintzen, eta bateria jotzen hasi nintzen. Denbora gutxian asko sakondu nuen baterian: egun guztia horretan pasatzen nuen; irakasleak ere pixka bat beldurtu zirelakoan nago. Matematika eta horrelako ikasgaiei ez nien zentzu handirik aurkitzen; ez nuen ulertzen zein izango zen haien ekarpena nire bizitzan. Ikasketak hala moduz amaitu, eta batxilergoa egiteko garaia iritsi zen, eta nik ez nekien zer egin.
Urte horietan, pianoa non gelditu zen?
Bateria jo arren, pianoko irakaslearekin harremanetan jarraitzen nuen. Donostian musika batxilergoa bazegoen, baina bateria ikasketak ez zeuden; perkusioa ematen zuten, eta ez nuen argi ikusten. Orduan, pianoko irakasleak esan zidan pieza pare bat ikasi eta aurkezteko. Piano proba nahiko modu txarrean egin nuen; hartuko ninduten esperantzarik ez nuen arren, sartu egin nintzen.
Eta orduan dena aldatu zen.
Bizitzan zerbaitek pasioa pizten dizunean, norbere borondatea izaten da garrantzitsuena; horretan iraultzen zara, eta nik neuk, beste hainbat arazotatik babesteko erabili nuen pasio hori. Ihesbidea pizgarri indartsu bilakatu zitzaidan, eta Donostian, ingurune guztiak barne munduarekin bat egin zuen. Guztiok musika ikasleak izanik, egun guztiko gaia hori zen.
Ondoren, Musikenera jo zenuen, eta zalantza berriak sortu zitzaizkizun.
Kezka bat gainditu eta bestea sortzen zitzaidan; hara eta hona ibiltzen nintzen irtenbide bila. Saio batzuk ongi atera zaizkit eta besteak ez, eta berriro hau eta hura probatzen. Musikene, hasieran, izugarria zela iruditu zitzaidan, baina 2010ean, piano ikasketak amaitu nituenean, beste zerbaiten beharra sentitzen nuen, eta Parisera jo nuen, inprobisazioa eta konposizioa lantzeko asmoz. Bi astetik behin joaten nintzen irakasle batzuekin egotera, eta bertan sortu zen goi mailako kontserbatorioan sartzeko ideia.
Nondik sortu eta nola gorpuztu zen ideia hori?
Parisko irakasle batek goi mailako kontserbatorio horretara sartzeko maila genuela esan zigun bi ikasleri; zur eta lur gelditu nintzen. Sarbide probak oso goiz egiten dituzte han: 2010eko Gabonetan, 2011-2012ko ikasturteko probak egin zituzten, eta niri epea pasatu egin zitzaidan. Uste dut urte horretan zazpi aurkeztu zirela, eta bakarra hartu zuten.
2012 hasieran egin zenituen zuk probak. Zenbat aurkeztu zineten?
Alemaniar bat, frantziar bat eta ni aurkeztu ginen. Banekien mailarik ez bazuten ikusten inor ez zutela hartuko, baina kasu honetan, hirurok lortu genuen sartzea.
Munduko kontserbatoriorik onena al da?
Onenetarikoa dela argi daukat, baina onena dela esatea ez litzateke zuzena izango. Esan dezakedana zera da: sartzeko zailenetakoa dela, izugarrizko maila dagoelako. Datu argigarri bat honako hau da: 400 euro ordaintzen da ikasturteko, eta AEBetako eta Londresko goi mailako kontserbatorioetan, berriz, 40.000 euro ere ordaintzen da.
Ibilbide honetan bi disko argitaratu dituzu, bat hobby moduan eta bestea serioagoa. Azken hori, Euskal doinuekin jolasean, zeresana ematen ari da.
Pedagogiarekin loturiko lan bat izan zen hori. Alde batetik, euskal doinuak hartu nituen, eta bestetik, orain arte ikasitako XX. mendeko musika klasikoaren tendentziak. Gero, kantuen melodiei eutsiz, collage moduko bat egin nuen. Adibidez, Ihesa zilegi balitz kantua minimalismoarekin lotu nuen, eta Maitia nun zira abestiari erabateko diskurtso kromatikoa jarri nion. Bihurrikeria pixka bat badauka lanak.
Euskal Herrian, musika klasikoa editatzen duen diskografia bakarra dago: Ausart Records. Lan horrekin interesatu ziren, eta diskoa berriz editatzeko aukera eman zidaten. Haien zigiluarekin kaleratuko da, berriz grabatuta eta moldaketa batzuekin. Niretzat oso garrantzitsua izan da hori.