Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Erakundeko ikertzaile Miren Estensorok, Deustuko Unibertsitatean aurkeztu berri duen doktore tesian (Sare lokalak eta lurralde sozialki berritzaileak. EAEren eta Goierriren kasua), sare lokalak ipini ditu eskualdeen garapen ekonomikoaren oinarrian. Cum laude jasota, alor horretan pilatutako esperientzia unibertsitateko ekonomia ikergaietara eraman du, ekintza ikerketan aitzindari. Besaindarra da, eta eskualdean lanean ibilia: Goierriko esperientziak aparteko lekua du tesian.
Zer helburu du tesiak?
Sozialki berritzaileak diren lurraldeen ezaugarriak definitzea. Bestalde, faktore horien arabera, EAEko tokiko garapen agentzien bitartez garatzen ari diren sare lokalak aztertu ditut. Berrikuntza teknologikoa eragiteaz gain lurralde garapenerako berrikuntza soziala eragiten duten ikertu dut.
Sare lokalak dituzu hizpide. Nork eta nola osatuak izaten dira?
Enpresak, hezkuntza zentroak, zentro teknologikoak, udalak, sindikatuak, garapen agentziak… Eskualdeetako hainbat eragileren arteko lankidetza dute helburu.
Zer garrantzi dute?
EAEn tokiko garapen agentzien bitartez garatzen ari diren sare lokalak lurralde garapenerako lankidetza prozesu berritzaileen adibide dira. Horietan, neurri batean edo bestean, erabaki ahalmena eragileen arteko lankidetza prozesuetara zabaltzen da. Nahiz eta berrikuntza teknologikorako sortu diren, tesi honek sareek lurralde garapenerako berrikuntza soziala eragiteko duten potentziala erakutsi du. Zehazki, zazpi sare aztertzen dira tesian: Azaro (Lea Artibai) eta Lehiakortasun Poloa (Durangaldea) Bizkaian, eta Deba Bussiness Forum (Debabarrena), Ezagutza Gunea (Azpeitia-Azkoitia), Eragintza Gunea (Urola Garaia), Lehiberri (Tolosaldea) eta Lankidetza Sarea (Goierri) Gipuzkoan. Azaro, Lehiarkotasun Poloa eta Ezagutza Gunea sozialki berritzaileak diren lurraldeen garapena ahalbidetzen ari direla erakutsi dut.
Goierriko esperientziari aparteko lekua egin diozu lanean. Barru-barrutik ezagutzen duzu…
Nik neuk parte hartu dut han dinamizatzaile lanetan. Goiekiren eskutik bultzatu zen 2008an, batez ere enpresa txikienen lehiakortasun baldintzak hobetzeko. Azterketak agerian uzten du eskualdeko enpresa batzuetan berrikuntza teknologikoko prozesuak eragiteko ahalmena izan duela. Ordea, botere erlazio berritzaileak sortzea erronka bat da oraindik.
Goierriko esperientzia hartatik zer ekarri duzu ikerketara?
Iaz arte, hain justu, sare hori martxan jartzen aritu nintzen, eta dinamizatzaile lanetan. Beraz, ekintza ikertzailea (action-researcher) naizen heinean egin dut azterketa. Metodologikoki alternatiboa den ikuspuntu horrek berekin dakar ikertzailea, hain zuzen, aztertzen ari den kasuan bertan barneratuta egotea; ekintzatik sortzen du ezagutza, kanpotik aztertu beharrean. Hori ez da oso ohikoa gure unibertsitateetako tesietan, are gutxiago ekonomian. Hau lehenetakoa da, lehenengoa ez bada. Horrek ere berrikuntza bat ekarri du.
Berrikuntza soziala diozunean, zer biltzen du kontzeptu horrek?
Kontzeptu zabala da. Arlo askotan erabiltzen da, eta, ondorioz, modu askotan defini daiteke. Ni lurralde garapenerako berrikuntza sozialaren kontzeptuan oinarritu naiz. Horren arabera, berrikuntza soziala botere harreman berritzaileen bitartez lurralde bateko eragileen beharrak asetzean legoke.
Garapen modu zehatzen bat lehenetsi duzu? Norantz jo beharko luke garapenak?
Lurralde garapenak lurraldeko biztanleen bizi-kalitatea hobetzea izan behar du helburu. Baina egungo krisi ekonomikoak agerian utzi ditu merkatu logikaren iraunkortasun eta berdintasunik eza.
Gizarte berrikuntza lurralde garapenean aurrera egiteko ordezko bidea dela diozu…
Iraunkortasuna eta gizarte kohesioa oinarri izango dituen garapen prozesuak bilatzera behartzen gaitu.
Garapenerako bidean, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza modu berriak bilatzea ere garrantzisua dela diozu. Nola?
Lurralde garapeneko prozesuetan, eragile orori dagozkien prozesuak izanik —erantzule zein onuradun diren aldetik—, dagoeneko ez da erabaki ahalmen osoa duten eragileentzako lekurik geratzen. Lidergo partekatua da gakoa. Horretan eragin nabarmena du eragile politikoen rolak, eragileen arteko lankidetza esperientzia eta jarrerak edota lankidetza hori kudeatzen dutenen egiteko moduak, besteak beste.
Tesiaren ondorioak gizartean eta enpresa arloan txertatzeko aukerarik ikusten al duzu?
Tesiaren ekarpen nagusietako bat ekintza ikerketaren ikuspuntua erabiltzea da. Ikerketa eta praktikaren arteko aldea txikitzea bilatzen du. Horrek ikertzaileok gizartean dugun rolari buruzko eztabaida dakar mahai gainera.