Ulian ehiza debekatu izanak jada nahikoa eztabaida sortu ez bazuen, orain, horren ostean sortutako suteak are gehiago gaiztotu du giroa. Abuztuaren 17an, debekua onartu eta bi aste eskasera, sua piztu zen Uliako bi gunetan, arratsaldeko hirurak aldera. Suhiltzaileek iluntzerako lortu zuten mendean hartzea, baina 8,6 hektarea kiskalita gelditu ziren; pinudiak eta ameztiak, batez ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, bistakoa da sutea nahita eragindakoa izan zela; bi gunetan aldi berean piztu izana da horren adierazgarri. Oraingoz ez dute, ordea, gehiago zehaztu; txostena igorri diete Ertzaintzari eta fiskaltzari, auzia ikertzeko.
Eguzki talde ekologistak, ordea, uste du ehiza debekuaren eta sutearen artean egon daitekeela lotura bat, eta auzia ikertzeko orduan aukera hori ere kontuan hartzeko eskatu du. Ehiztariek euren kontrako eraso gisa ikusi dituzte adierazpen horiek, eta berehala erantzun dute. “Ehiztariak beti aritu dira ingurumenaren defentsan”, esan zuten abuztu amaieran zabaldutako prentsa ohar batean; egindako adierazpenak zuzentzeko exijitu zioten elkarte ekologistari.
“Lotsagarria iruditzen zaigu”, azaldu dio Gipuzkoako Hitza-ri Jose Mari Usarragak, Gipuzkoako Ehiza Federazioko lehendakariak: “Diputazioko teknikariak berak esan digunez, ehiztariek ere lagundu zuten sutea itzaltzen, debekua inposatu zaiela jakin arren. Nola esan daiteke debekuaren ondorio izan dela? Sutea piztu duena, ehiztaria balitz ere, gaizkile bat litzateke. Izan daiteke ekologista, albaitaria edo abokatua, baina ez da gure izenean egindako ezer. Ehiztari guztiak hor sartzea eta esatea horren ondorio izan dela…!”.
Juan Mari Beldarrain Eguzkiko kideak argitu du esandakoa: “Agian, batzuek gaizki ulertu dute. Guk ez dugu esaten ehiztari bat izan dela; ez dakigu nor izan den, eta ez dakigu zeintzuk diren pertsona horren afizioak”. Posible iruditzen zaio, ostera, sutea “halabeharra baino gehiago” izatea. “Uliako azken sutea 2007an izan zen; azken bost urteotan ez da ezer gertatu. Bi su gune, bata bestetik nahiko urrun… Ez dugu uste kasualitatez izan denik; nahita izan da, eta ero baten hipotesia askoz urrunago dago bestea baino. Guk eskatzen dugu azter dezatela lotura egon daitekeela dioen hipotesia”.
Dena den, beste bi neurri hartzeko proposamena ere egin dute ekologistek; alde batetik, suak hartutako eremuan abeltzaintza galarazteko, “norbaitek basoa helburu horrekin erretzea saihesteko”, eta, bestetik, erre den lursaila leheneratzeko: “Garrantzi handikoa da, eta Uliako babes bereziko eremuaren ondo-ondoan dago. Aurreko sutean, 2007. urtekoan, ez zuten halako lanik egin; mendia bere kabuz osa zedin utzi zuten. Leheneratu behar da, garrantzi handiko gunea delako”.