Ibaiari begira jarraitzen dugu, urak igo eta gainezka egingo duen beldurrez, korrika denda hustera joateko. Konbentzituta nago dendan berriz ura sartuko zaidala”. Gerritik gora sartu zitzaion ura Mari Jose Fernandezi iazko uholdeetan. “Uholde abisu asko izan ditugu; beste batzuetan, bozgorailuetatik abisatu izan digute, esnatu eta goizaldeko 02:00etan denda hustuta nago. Baina iaz 06:00etan bidali ziguten SMSarekin ez nintzen esnatu ere egin. Azkenean, bizilagun batek abisatu zidan, baina ez zidan denda husteko denborarik eman”. Beste lokal bat dauka gorago, eta uholde arriskua dagoenean hara eramaten ditu dendako produktuak. Iaz, salgaiez gain, erakusleihoa eta altzari guztiak ere hondatu zizkion; 25 egun behar izan zituen denda berriz irekitzeko. Izan ere, Fernandezen denda dagoen lekuan, Martuteneko Pilargo auzunean, dendetan, tabernetan, lokaletan eta etxebizitzetan, ia leku guztietan sartu zen ura.
Batzuek hilabete bat edo gehiago behar izan zuten uholdeek eragindako kalteak konpontzeko, baina beste batzuke, urtebetera, oraindik etxera itzuli ezinik jarraitzen dute Martutenen. Uholdeak askotan egon dira auzune horretan. Etxe batzuen azpian sotoak daude; askotan sartu da ura, eta, azkenean, etxearen zimenduak usteldu egin dira. Gainera, iazko uholdeen ondorioz, lehen solairuetako lurzorua ere hondoratu egin zen, eta bizilagunak oraindik ezin izan dira haien etxera itzuli. “Lehenengo zimenduak berritu behar dira, eta joan den hilean hasi ziren lanean”, azaldu du Pepe Delgadok; etxebizitza horietan bizi da, baina bigarren solairuan; beraz, hark ez du etxetik alde egin behar izan. Guztira, hemezortzi familia inguruk jarraitzen dute etxetik kanpo. “Batzuk lagunen etxeetan daude, besteak senideekin, eta badira alokairua ordaintzen ari direnak ere”, azaldu dute Martuteneko auzo elkartekoek. Gainera, zimenduen berritze lan guztiak bizilagunek ordaindu behar dituzte. “Aseguruek ez dute haien gain hartzen, zimenduetako kalteak urteetako uholdeen ondorio direlako”.
Alerta laranjarekin, “kaosa”
Joan den urriaren 18an eta 19an ere larrialdi abisua izan zuten Martutenen. “Bihotzekoak eman beharrean” egon omen zen Fernandez dendaria. “Nahaste borraste eta izu handia zegoen auzo guztian”, azaldu du Nerea Agirretxe Martutene auzo elkarteko kideak. Iazkoaren ondoren, herritar askok SMS bidez jasotzen dituzte udalaren abisuak: “Alerta laranja zegoela entzun zutenean, hemen kaosa nagusitu zen. Jendeak autoak auzoaren goiko aldera eraman zituen. Martutenetik ospitaleetara joateko bidea autoz bete zen”. Orain askoz “beldur handiagoarekin” bizi direla dio Fernandezek ere: “Ez dakigu ura noraino iritsiko den”. Izan ere, Fernandezek adierazi du lehen leku gehienetan egiten zuela gainezka ibaiak. “Lan batzuk egin dituzte; beraz, Ergobian, Loiolan eta Astigarragan ez da lehen bezala ateratzen ura, baina gainezka egiten duen lekuan gehiago egiten du”. Arazoari irtenbidea bilatzeko prestatu duten proiektuari dagokionez, “noizko egingo dute?”, galdetzen du Fernandezek. “Gure arazoak konpondu gabe jarraitzen du”.