Hitzak baino mugimenduak, ekintzak eta keinuak nahiago ditu Maider Yabarrek (Donostia, 1977). Antzerkia, zirkua, akrobaziak… espresio asko nahasten ditu bere ikuskizunetan, eta igande honetan erakutsiko du bere talentua Azkoitian, Bebarruko Jardunek ekimenaren azken egunean (Matadeixen, 19:00etatik aurrera). Brasilgo, Kubako, Frantziako eta Espainiako hainbat eskolatan trebatua, konpainia propioa du egun: Buruz Behera.
Takoiak airean ikuskizuna eskainiko duzu etzi Azkoitian. Zer diziplina lantzen dituzu ikuskizun horretan?
Zirkua, antzerkia, pantomima eta poesia uztartzen dituen ikuskizuna da Takoiak airean.
Zer aurkituko du ekitaldira joaten den ikusleak?
Emakumeak omentzen ditu, oso femeninoa den ikuskizuna da. Munduko emakume guztiei egiten diedan opari pertsonala da; zehazkiago, urtero gizonezkoek hiltzen dituzten emakumeei eskaintzen diet ikuskizuna.
Testu antzerkia, airezko akrobaziak, pantomima eta poesia. Nola egiten du hori guztia pertsona bakarrak ikuskizun bakarrean?
Trikimailu guztiak batu nituen ikuskizun honetarako, Takoiak airean lanerako, eta hauxe da emaitza. Dena dela, alor guztien emaitza ona izateko prestakuntza galanta behar da.
Zein arlotan sentitzen zara erosoen?
Egia esan, urteak daramatzat bai antzerkian, bai zirku munduan. Beraz, guztietan eroso sentitzen naiz.
Zer sentitzen da sabaitik buruz behera, ikusleak zure mugimenduei begira daudenean?
Niretzat buruz behera egotea zutik egotea bezala da. Batzuetan, buruz behera bizitza errazagoa da. Jendeak asko baloratzen du nire lana, eta aho zabalik geratzen dira askotan. Baina egiten dudan guztia lanaren bitartez lortutako emaitza da.
Egunotan lanpetuta zabiltza. Zenbat proiektu dituzu orain esku artean?
Hiru ikuskizunekin nabil buru-belarri oraintxe: Takoiak airean, Ilargiaren bi aldeak eta Garabato izeneko lanekin nabil. Bestalde, ikastaroak ere ematen ditut; bai helduentzat, bai umeentzat.
Ikastaroak eta ikuskizunak uztartuta, horretatik bizitzeko modua lortzen al duzu?
Zorionez, hiru talde ditut: bi talde umeenak dira, eta bestea, helduena. Zirkozaurren ematen ditut eskolak, Bilbon, Deustuan. Dena batuta, bizitzeko adina lortzen dut, bai.
Barruko ikuskizunetaz gain, dantza bertikaleko ikuskizunak ere egin izan dituzu, kalean. Halako ikuskizunik egiteko asmorik ba al duzu?
Sei urtez lan egin nuen Azulkillas zirku antzerki konpainiarekin, eta Espainian zehar kale antzerki askotxo egin genuen. Orain beste fase batean nago, eta aretoetan lan egiten dut gehienbat.
Banakako lana da gehienbat zurea. Hainbat alor landu behar duzu, eta entseguak luzeak eta jarraitutasun handikoak izango dira, ezta?
Normalean egunero lau orduz aritzen naiz. Bestalde, laguntza handia izaten dut guztia taularatzeko. Testu zuzendaria, zuzendari artistikoa…
Euskal Herritik kanpora egin zenituen ikasketak. Hemen hutsune hori nabaritzen al duzu? Zirkurako tradiziorik ba al dago Euskal Herrian?
Poliki-poliki ari dira hainbat zirku espresio sortzen, eta horrek indar handia ematen dio. Baina nire garaian kanpora joan behar izan nuen prestakuntza eskuratzera. Dena den, Euskal Herrian zirku eskola publikoa beharrezkoa dela uste dut.
Profesionalei dagokienez, Gipuzkoan eta Euskal Herrian akrobatarik ba al dago? Eta talderik, eta atzean dagoen sektorerik?
Badaude, noski. Ez dira asko, baina badaude. Orain kultura oso kaltetuta dago, krisiarekin eta abarrekin, baina zirkua gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta gero eta jende gehiagok osatzen ditu halako taldeak.
Pausoz pauso egin duzu bidea 1998tik hona: aurrena taldeetan, gero binakako talde batean, eta orain bakarrik. Zure ibilbidea nola laburbilduko zenuke?
Askotariko esperientziaz beteriko ibilbidea da: konpainia handi- handietan lan egin dut, eta neure konpainiak ere eduki ditut. Horrek asko aberasten zaitu, eta denetarik egiteko gai zarela ikusteak edozer egiteko ausardia ematen dizu.
Sariak eta izendapenak jaso dituzu aurreko lan batekin: Lotsa gabe lanarekin, hain zuzen. 2001eko Donostia Sarirako izendatu zintuzten, esaterako.
Bai, halaxe da. Obrak euskarazko saria jaso zuen, eta ni aktore onenaren sarirako izendatuta egon nintzen. Ez nuen irabazi, baina izendapena bera ohore handia izan zen.