Jan ezak eta bakea eman ezak!

Gipuzkoar batentzat jatea plazer bat dela ezin uka, ezin uka ere jateak onura ikaragarriak ekartzen dituela eta, agian, badago esaterik, zenbait elikagai besteak baino hobeak direla jateko. Nork egiten du zalantza, txuleta egin berri bat edo brokoli egosi bat aukeran ipintzean?

Hala ere, badauzkagu gure gizarte xelebre honetan zenbait elikagai, miragarriak balira bezala kontsumitzen ditugunak; eta biologo xume honen zutabe xume hau elikagai miragarri horietaz arituko zaigu oraingoan.

Inor gogoratzen al da Goji izeneko fruitu gorri batez? Mahaspasaren antzeko fruitu exotiko gozo horri benetako fruitu miragarri titulua eman zitzaion orain urte gutxi. Lehen ezezaguna zen fruitu xelebre hori larunbateko azokako gure postuetara iritsi zen. Jakintsu askoren ustez, fruitu hori Tibeten ekoizten omen zen, 4.000 metroko garaieran. Fruitu hori egunero jaten zuten tibetarrak 130 urteraino bizi omen ziren, eta munduko herritarrik zoriontsu eta osasuntsuenen artean omen zeuden.

Beraz, egunean hamar ordu lanean ematen badituzu , 70 urtera ordaintzeko hipoteka itogarri bat baduzu eta hilabete amaierara iristea gero eta zailagoa egiten bazaizu… jan goji fruitu eskukada bat egunean. Zoriontsua izango zara. 60 urte izan arren, 30 urteko gazte bat bezala sentituko zara, eta, gainera, ez zara gaixotuko… Eta hori guztia, kiloa 5 euroan!

“Horri buelta emaiok!”

Geroago ikusi zen, fruitu miragarri hori ez zela Tibeten ereiten, Txina iparraldean baizik, pestizidaz jositako eremu erraldoietan. Haren dohain miragarri horiek gurean ditugun edozein pikondoren fruituek ere ba omen dituzte!

“Zer esan behar diok horri?”

Hurrengo elikagaien artean, zenbait jogurt berezi dauzkagu. Jogurt horiek, jogurt orok barruan dituen bacillus txiki-txiki horiez aparte, baditu izen xelebreko beste bacillus batzuk, zeintzuek jogurtari izena ematen dioten eta, letra handiz, gure sistema immunearen funtzionamendu egokia bermatzen dutela dioten.

Imagitzen ditut bacillus koitadu horiek gure eztarritik barrena, gure urdaileko azido guztiak igarotzen, gure hesteetan gelditzen eta… odoloera sartzen, gure sistema immuneari laguntzeko. Agian bacillus horiek armak ematen dizkiete gure globulu zuriei? Ez dira makalak bacillus horiek, gure urdaileko azido guztiak igarotzeko! Jogurt hori janez gero, gure zauriak gutxiago infektatuko ote dira? Hala ere, jogurtaren egileek, beren burua babesteko, ondoko esaldi hau ipintzen dute badaezpada ere: “Sistema immunearen funtzionamendu egokia bermatzen du, dieta orekatu baten laguntzaz”. Hara hor gakoa! Zeinek bermatzen du sistema immunearen funtzionamentu egokia: jogurt horrek ala dieta orekatuak? Berdina gertatzen ote da kolesterolaren aurkako edo elikagai gehigarriak dituzten bestelako esnekiekin?

Eta, azkenik, zutabe xume honi ezin amaiera eman, kolore berdeko entsaladetako pasta xelebreaz hitz egin gabe. Benetan, esperientzia mistikoa da ebakuntza ugaritatik igarotako gorputza duen modelo bat pasta, arto eta olio txorrotadaz hornitutako entsalada eder baten sardeskatxo punta bat jaten ikustea, munduko kaloria gutxien dituen jatordua bailitzan!

Emakume horrek ez dakiena da olio txorrotadak, artoak eta pasta berde horrek azukre ugari dituztela, kaloriak, eta afaltzen babarrun platerkada bat jango balu ziurrenik kaloria gutxiago sartuko lituzkeela bere gorputz lirain eta faltsu horretan.

“Hemen ez zagok fidatzerik!”

Goji fruituaren, esnekien eta pasta berdearen onuren ikerketak eta bestelako argitalpen erdi-zientifikoak eginak badira. Noiz egingo du baten batek ikerketa serio bat Tolosako babarrun, Ibarrako piper eta Goierri aldeko mondejuz egindako plater baten onurak erakutsiz? Beti egon behar ote dute ba gure betiko jakiek kolesterol, azido uriko eta bestelako mamuen maindirepean? Gure aitona-amonen aitona-amonek ba ote zituzten kolesterol arazoak? Zer da okerragoa osasunarentzat: odolki bat ala kiwi bat?