“AHT abiadura handiko trenak Europako trenbide sarearekin lotuko du Gipuzkoa; zabalera bera izango dugu azkenean”. Hala azaldu du Juanjo Olaizolak trenbidea gurera iritsi zenetik egon diren arazoetako bati buruz hitz egitean. “Batzuek esaten dute AHTa Hendaiara iritsiko dela eta frantziarrek ez dutela lotura egingo. Tira, makalago joan beharko du, baina zabalera bera izango duenez, joan ahalko gara Bilbotik, Donostiatik edo Gasteiztik zuzen-zuzen Bordelera, Parisera edo edonora. Behintzat zabalera bera izango dugu denok”.
Topoa inauguratu zen garaian, 1912an, egon zen Europako trenbideen zabalera hartzeko aukera bat —1,435 metrokoa, alegia, eta ez metro batekoa—. Dirua sartu zen tartean, ordea: “Sustatzaile batzuek nazioarteko neurriko trenbideak egin nahi zituzten; horietako bat, Madrildik Bilbora eta Bilbotik Hendaiara. Diru faltagatik, ez zuten egin, baina harremanetan jarri ziren topoaren enpresarekin. Topoko lanak hasten ari ziren, eta sustatzaileek adierazi zieten topoaren bidea aprobetxatu nahi zutela trenbide zabalak egiteko aukera zutenean. Hortaz, badaezpada, topokoek tunel guztiak Europako trenaren neurriarekin egin zituzten, asmo haiek gauzatzen zirenerako hori behintzat oztopo izan ez zedin”. Inoiz ez zen iritsi dirurik trenbidea zabaltzeko, eta 1970eko hamarkadako eraberritze lanek aukera hori are gehiago zaildu zuten: “Topoaren ibilbideko tunelak konpontzen hasi zirenean, bobedak konpondu partez bobeda berriak egin zituzten zaharren kanpoaldean, tokia zegoelako. Orain ez litzateke Europako neurriko trenik kabituko tunel horietan”.