Tokatu zaigun sistema honen oinarrian dago zaborra etengabe sortu, saldu/erosi eta botatzea.
Zaborra sortu, bai, baina zaborra ez da soilik produktua biltzen duen plastikoa; produktua bera berritatik baita jadanik zabor. Onar dezagun behingoz; ekoizten diren produktuen gehiengoa (%80?) ezertarako behar ez ditugun eta inork eskatu ez dituen produktuak dira. Ekoizten diren produktu gehienek jendeari benetan ez digute ezertarako (gure oinarrizko beharrizanak asetzeko) balio. Zertarako ekoizten dira, orduan? Ekoizpen sistemak behar duelako; kapitala hortik elikatzen delako; horrela mantentzen baita bizirik.
Bizitzaren erdia, beraz, alferrikako gauzak ekoizteko lanean pasatzen dugu. Beste erdia, ekoiztutako zabor horiek erosten edo irensten.
Horra hor, nire ustetan, zaborraren arazoaren muina eta jatorria.
Gaur egun, zaborrak arazoa direla ez du ia inork ukatzen. Baina arazoaren aurrean batzuek norabide aldaketa proposatzen dute, Zero Zabor norabidea, eta beste batzuek arazo berri bat gehituz konpondu nahi dute, errauste plantari ateak irekiz.
Antzeko zerbait gertatzen ari da munduko gosearen arazoarekin. OME Osasunerako Mundu Erakundearen datuek diotenez, gosea handitzen ari da munduan, egun 1.100 milioi pertsonak sufritzeraino. Arazo horren aurrean, batzuek elikadura burujabetza proposatzen dute, eta beste batzuek, berriz, transgenikoak eta bioteknologiarekin arazo berriak sortzen dituzte.
Zaborren arazora bueltatuz, benetako irtenbide batek norabide aldaketa eskatzen du: egungo ekoizpen industrialaren sistema guztia desegitea. Sekulako erronka, ezta? Bai, hala da, eta lortuko da noizbait (sen ona gailenduko bada behintzat); baina ez da egun batetik bestera egingo. Ekoizpen sistema ero hau bukatu nahi badugu, nonbaitetik hasi beharko dugu, eta hor kokatzen dut nik atez ateko bilketa sistema selektiboa. Bilketa selektiboa soilik ezin da arazoaren konponbidea izan, ez baitu ekoizpenean zuzenean eragiten, baina zaborra (eta hark dakarren arazoa) “ikusarazten” laguntzen duela ezin da ukatu. Bosgarren edukiontzia eta errauste planta defendatzen dutenek, aldiz, zaborra “ezkutatu” nahi digute. Zergatik? Orain arte bezala, neurrigabe ekoizten jarraitzeko erraztasunak ematen dituelako. Azken finean, jendarteari bidaltzen dioten mezua hau baita: “Ez kezkatu, zuk segi zaborra sortzen, guk desagerraraziko dugu eta” (“eta bide batez negozio biribila egingo dugu”, pentsatzen dute; baina hori ez dute esaten, noski).
Atez atekoarekin batera, autokonposta edo auzokonposta ere (autoen kontra egonik, nik aukeran azken hori nahiago) aukera paregabea iruditzen zaizkit zero zabor norabide horretan abiatzeko. Zabor-janari industrialaren ekoizpenean zuzenean eragiten ez badute ere, konpost ona ateratzeko barazki eta bestelako kalitatezko janaria behar dugula konturatzen laguntzen duela iruditzen zait, eta Ama Lurrari hartutakoa berari bueltatzeko modu sinple eta garbiena.
Gehienetan bezala, irtenbide sinpleak (eta ez hiper-teknologizatuak) dira benetako konponbidean jartzen gaituztenak. Eta horiek, bitik bitan, herri-jendeak bultzaten ditu.
Elikadura burujabetza eta zero zabor, gaitz bakar bati aurre egiteko bi sendabide izatea nahiko nuke nik: Dirua edo zakarra baita sakoneko arazoa.