“Aukeratu behar nuen: seme-alabei jaten eman edo mailegua ordaindu”

Senarraren eta seme-alaben berotasunean igaro ditu Eguberriak Mari Carmen Vazquezek (Errenteria, 1971). Familiaren berotasunean, etxean berogailurik ez baitute pizten. “Bakoitza manta batekin ibiltzen gara”. Halere, egun horietan nahigabeak alde batera uzten saiatu direla azaldu du Vazquezek: “Seme-alabengatik”. 14 eta 18 urte dituzte. Azaroan, Vazquezen gurasoak etxetik kaleratu zituzten; aurretik, Vazquezek bere etxea saldu behar izan zuen hipotekari aurre egin ezinda. Etxerik gabe gelditzeaz gain, zor handia daukate oraindik bankuekin. Gaur egun, alokatutako etxe batean bizi dira.

Duela urte asko hasi zen dena. Vazquezen anaiak gurasoen etxea berme moduan jarri zuen, baina gero mailegua ez zuen ordaintzen. Gurasoek etxea gal ez zezaten, Vazquezek zorra bere gain hartu zuen. “Nik banuen beste hipoteka bat, eta biak batzeko gomendatu zidaten; 2006a zen. Hilean, 1.700 euro inguru ordaindu behar ziren”. Nola edo hala aurrera ateratzea lortu zuten, baina 2009an Kutxara joan zen, eta esan zien ezin zuela bi hipotekak ordaintzen jarraitu: “Aukeratu behar izan nuen, nire seme-alabei jaten eman edo zorra ordaindu”. Bi etxeetako bat saltzeko gomendatu zioten, eta berea saltzea erabaki zuen. “Zorra oso interes txikian geratuko zitzaidala esan zidaten, baina ezustekoa hartu nuen. Nire etxea saldu ondoren ere 90.000 euroko zorra gelditu zitzaidan. Eta, horrez gain, gurasoen hipoteka”. Urte batzuk lehenago, 200.000 euroko mailegua eskatu zuen Vazquezek, eta 180.000 eurotan saldu zuen etxea; txekea zuzenean aurrezki kutxari eman zion. “Behin atzerapenekin hasten zarenean, interesak oso handiak dira. Zorra handitzen eta handitzen joaten da. Hainbat urtetan ordaindutako guztiak ez du ezertarako balio. Nahiz eta senarrak eta biok lan egin, ezin genion zorrari aurre egin”.

Alokairu sozialaren eskaera

Gurasoen etxearentzako erosle bat ere aurkitu omen zuten. “Etxea erosteko prest zegoen mutil bat, eta, gero, nire gurasoei alokairuan utziko zien, baina ez ziguten utzi”. Egoera ikusita, Kaleratzeak Stop plataformara jo zuten. “Alokairu sozialean uzteko eskaera egin zuten bankuan, baina ez digute inoiz erantzun”. Azaroan, epaitegitik deitu zioten, etxea hustu behar zuela esanez. “Medikuaren txosten bat genuen: nire aita gaixorik zegoela zioen, eta ez zegoela etxez aldatzeko egoeran; hobetu arte, pixka bat itxaroteko gomendatzen zuen. Halere, badaezpada, nire gurasoak etxetik kanpo nituen, eta gauza batzuk ateratzen ari nintzen. Noiz etorriko ziren jakitea nahi nuen, neu han egoteko”. Egun batean, gurasoen etxera joan zen, eta sarraila aldatuta zegoela ikusi zuen. “Ez ziguten abisatu ere egin. Nire gurasoek 80 urte dituzte, eta aita gaixorik dago; alokairu sozialean bertan bizitzen utzita, zenbat urte gehiago iraungo dute?”. Azaroaren 8an kendu zieten etxea. “Handik bi egunera, komunikatu bat atera zuen Kutxabankek, esanez ez zuela gehiago etxe kaleratzerik egingo”.

Haien etxearekin gertatu bezala, gurasoen etxea galdu ondoren zenbateko zorra gelditzen zaien jakiteko zain dago Vazquez: “Etxerik gabe eta ezer gabe geratu gara, eta ia 200.000 euroko zorra izango dudala kalkulatzen dut”.

Plataformaren laguntza

Kaleratzeak Stop plataformatik laguntza handia jaso dutela esan du. “Bankura haiekin joaten zaren momentutik dena erabat aldatzen da. Ordura arte, zuk ez dakizu nola jokatu behar duzun edo zertaz hitz egiten ari zaizkizun. Plataformakoak niretzat oso jende berezia dira. Hainbeste jasan badut, haien laguntzari esker jasan dut”.

Oso urte gogorrak izan direla aitortu du. “Askotan umiliatu naute; oso gaizki tratatzen zaituzte. Halere, min handiena eman didana gurasoak etxetik atera behar izatea izan da”. Egun batean, amaginarrebaren etxea berme moduan jartzeko ere eskatu zioten. “Beste pertsona bat gehiago sartu behar nuen korapiloan? Altxatu, eta joan egin nintzen”. Badajozen (Espainia) aspaldiko etxetxo zahar bat ere badute: “Niri saltzen ez didate uzten, haiek saldu nahi dute. Baina etxea nire izenean eta aitarenean dagoenez, ezin dugu alokairu soziala eskatu. Hemendik aurrera, ez dakit nola moldatuko garen”.