Batzar Nagusiek “atzerakoi” jo dute Werten erreforma

Espainiako Gobernuak aurkeztutako Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege aurreproiektuak kontrako iritziak biltzen jarraitzen du. Kasu honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusietatik heldu zaio kritika. Jose Ignacio Werten lege egitasmoa “atzerakoitzat” jo dute Batzar Nagusiek, eta ministroari “frankismo garaiko Espainia piztu nahi izatea” egotzi diote.

PSE-EE taldeak sustatuta egin zuten gaiari buruzko eztabaida, herenegun, Batzar Nagusietan. Eztabaidara iritsitako testua, ordea, Bilduren eta PSE-EEren artean adostua zegoen. Osoko bilkuran eztabaidatu ostean, berriz, proposamenak jeltzaleen eta Aralarren babesa jaso zuen. PPk kontra bozkatu zuen.

Batzar Nagusien ebazpenak Espainiako Gobernuaren lege egitasmoa arbuiatzen du, eta atzera botatzeko eskatzen du, “atzerakoia eta zentralizatzailea” delako. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzari egin diote eskaera Batzar Nagusiek. “Erreformaren aurrean jarrera aktiboa” hartzeko eskatu diote, eta defenda dezala “kalitatezko hezkuntza publikoa, euskal ongizate estatuaren zutabe nagusi gisa”.

Euskarazko hezkuntzaren inguruan oinarritu da eztabaidaren muina. Bildu, PSE-EE, EAJ eta Aralarren ustez, erreforma honekin euskara bigarren mailan geldituko litzateke. PPk argudiatzen du hizkuntza ereduak ez direla aldatuko. PPren arabera, lege erreformaren asmoa da “seme-alabek gaztelaniaz ikastea nahi duten gurasoek eskubide hori bermatuta edukitzea; eta horrek ez du ezertan aldatzen D eredua aukeratu izan duten gurasoek aukera bera egin ahal izatea”.