Mariela Herrera (Machala, Ecuador, 1970) Ordiziako bere etxean bizi da 17 urteko semearekin eta Antonio Valle Alvarez lagunarekin. Lanik gabe geratu, eta maileguari aurre egin ezinik geratu zen duela pare bat urte. Otsailaren 8rako etxea uzteko agindua dute.
“Hasieran, nik bakarrik ez nuen etxea erosi nahi. Baina orduan nire nagusia zenak higiezinen enpresa bat zuen, eta etxea erostea komeni zitzaidala esaten zidan. Azkenean, halaxe egin nuen”, azaldu du Herrerak. Urtebetera, egiten zituen bi lanetako bat galdu zuen.
Kutxabankekoekin hitz egitera joan zen, kuotak pixka bat jaisteko. “Baina ez zidaten ezer egin. Kuota osoa ez, baina ahal nuena ordaintzen segitu nuen”. Azkenean, lanik gabe geratu, eta ordaintzeari utzi zion. “Harrezkero, bizirik irauteko bakarrik izan dut”.
Kutxabanken bulegora ere joan zen, ezin zuela ordaindu eta etxea itzuli nahi zuela esanez. “Etxearen prezioa finkatu zuten: 120.000 euro. Baina nik 180.000 ordaindu nuen. Une horretan etxea itzulita, beste 50.000 euroko zorra geldituko zitzaidan. Beraz, etxearekin geratu nintzen”.
Herrerarekin bizi da Antonio Valle, eta hura ere langabezian dago. Bi urte daramatza Herreraren etxean, nora joan ez duelako. Curriculumak Gipuzkoa osoan banatu dituela dio, baina lana aurkitzea ia ezinezkoa dela: “Oinarrizko laguntza kobratzen ari naiz”.
Azaroan Kaleratzeak Stop plataformara jo zuen Herrerak; Goierrin taldea sortu berri zuten. Harrezkero, elkarrekin borrokan ari dira, etxetik kalera ez ditzaten: “Espainiako Gobernuak onartutako dekretuaren baldintzetako bat betetzen nuen, ez neukala diru sarrerarik; agiriak eraman genituen Tolosako auzitegira. Erantzunaren zain nago”. Ofizioko abokatua ere eskatu dute. “Eskutitza iritsi zitzaidan, abokatua izendatu arte prozesua geldirik zegoela. Baina ez nago ziur nola dagoen”. Etxetik kanporatzea eragozten saiatuko direla esan diote plataformakoek. “Aurretik, Kutxabankekoekin hitz egitera joan nahi dute, prozesua atzeratzen saiatzeko. Ordiziako alkatearekin ere biltzekoak dira”.
Astelehenean lanean hasi zen Herrera, egunean hiru orduz. Beste lanen bat aurkitzea gustatuko litzaioke. “Etxea kentzen badidate, ez daukat nora joan. Hemen ez daukat ez familiarik, ez inor”.