Ibilbide distiratsua lokaztietan

Elgoibarren bi kirolari handiren estatuak daude, bata bestearen ondoan. Bat Juan Mugerzarena da, landan zeharreko krosari izena ematen dion atleta elgoibartarrarena; bestea, berriz, Mamo Wolderena da, Olinpiar Jokoetako txapeldun izandako etiopiarrarena. Mamo Woldek 1963an irabazi zuen Elgoibarko krosa —eta beste hiru bider ere bai—; hura izan zen lehen parte hartzaile afrikarra eta ondorengo 50 urteotan nagusi izan diren korrikalari beltzei atea ireki ziena. Izan ere, bai Elgoibarko Mugerza Memorialean eta bai Lasarteko hipodromoan jokatzen den Donostiako Nazioarteko Krosean —Mamo Woldek hirutan irabazi zuena— afrikarrak izan dira jaun eta jabe ordutik.

Landan zeharreko krosen denboraldi bete-betea da egungoa, eta hilabete honetan jokatuko dira Gipuzkoako bi krosak: Elgoibarren etzi, eta Lasarten hilaren 27an. Horrez gain, inguruan, Zornotzako (Bizkaia) krosa ere izaten da, joan den asteburuan jokatutakoa. “Kros hauek egiten dira Munduko Txapelketa baino lehenago. Txapelketa martxoan da, eta kros gehienak abenduan, urtarrilean eta otsailean egiten dira”, adierazi du Gipuzkoako Atletismo Federazioko lehendakari Mikel Odriozolak. Federazioa izan da beti Donostiako Nazioarteko Krosaren antolatzaile. Aurten hipodromoan jokatuko den krosak 58. ekitaldia beteko du.

Atleta handien izenak

Historia luzeagoa du Elgoibarko Mugerza Memorialak, eta urteurren biribila da aurtengoa: 70 urte beteko ditu. Mamo Wolderen argazkiak ilustratzen du aurten Mugerza Memorialaren afixa, hark irabazi zuenetik 50 urte beteko baitira. Baina, aurten gizonezko atleta etiopiarrik ez da izango Elgoibarko Mintxeta estadioko irteeran. “Eta ez da izango haien parte hartzea lortzen saiatu ez garelako”, adierazi du Zigor Diezek. Krosa antolatzen duen Mintxeta atletismo klubeko kidea da Diez, eta krosaren koordinatzailea. Kenyarrek emango dute ikuskizuna etzi. Elgoibarko ibilbideak 10,7 kilometro ditu, eta 10.000 metrotan munduko marka onenak dituzten bost gizonetatik hiru lehiatuko dira bertan: Leonard Komon —hirutan irabazi du Elgoibarko krosa—, Vincent Chephok eta Emmanuel Bett kenyarrak.

Emakumezkoetan ere munduko onentsuenak etorriko dira astebukaeran lehiatzera. Haietako bat Hiwot Ayalew etiopiarrra da. Munduko sailkapenean bosgarrena eta aurten Atapuercako Krosa irabazi duena. “Atapuercakoa da Espainiako Estatuko kros garrantzitsuena”, azaldu du Diezek. Mercy Cherono eta Irine Chepet Cheptai kenyarrak izango ditu lagun irteeran eta lehiakide ibilbidean.

Lan eskerga egin behar izaten dute krosaren antolatzaileek halako parte hartzaile distiratsuak ekartzeko. “Guk hasieratik egiten dugu atleten segimendu bat, atleta ezagunenen eta lasterketak irabazten dituztenen jarraipena. Eta azkenaldian atleta gazteak ekartzen ari gara, proiekzio bat izan dezaketenak. Atleta handiez gain, handiak izan daitezkeela iruditzen zaizkigunak ekartzen ditugu. Guretzat interesgarria da, eta haientzat ere bai”, azaldu du Diezek. Gazteak ekartzea, gainera, merkagoa ere bada, esfortzu ekonomiko handia egiten baita goi mailako atletak ekartzeko. “Dirua baldin baduzu eta atletek etortzerik badute, ekarri egiten dituzu. Baina horiek ekartzea ez da erraza. Buruko min asko ematen du”, argitu du Diezek.

Atleta afrikarrak punta-puntako kirolariak dira iraupen erdiko eta iraupeneko probetan, eta, Odriozolaren ustez, “ikuskizuna ez ezik, prestigioa ere ematen diote probari”. “Eta jendeak horiek eskatzen ditu. Ikuslea ez da konformatzen atleta gipuzkoar edo euskaldunekin, abanikoa zabaltzea nahi izaten du; atleta afrikarrek parte hartzea, alegia”.

Hozkailuak, sari gisa

Atleta afrikarrei gonbidapena egiten diete, eta etortzea onartzen badute, bidaia eta egonaldia ordaintzen dizkietela dio Odriozolak: “Bestelako sari batzuk ere ematen dizkiegu, eta sari handiak jartzen ditugu, amu gisa, etor daitezen”. Egun atleta beltzen parte hartzea bermatzeko diru dezente behar dela dio Diezek, baina beti ez da horrela izan. “Mamo Wolderen garaiko atletei ez zitzaien dirurik ordaintzen. Opariak ematen zitzaizkien, hozkailuak eta horrelakoak, eta izugarri gustura itzultzen ziren euren herrira, halakorik ez baitzuten izaten”.

Atletek lauzpabost egun egiten dituzte gurean, eta hemen entrenatzen dira. “Oso gustura egoten dira, eta jendeak asko maite ditu”, azaldu du Diezek. Lehen, ordea, miresmen handiagoa pizten zuten atleta afrikarrek. “Egia da ere lehen hemen ez zela beltzik bizi; elgoibartarrek kalean beltz bat ikusten zutenean bazekiten krosa gertu zela”.

Atletenganako miresmena, oro har, jada ez da lehengoa. “Lehen, atletismoa, futbola eta, agian, txirrindularitza zeuden, eta jendeak horien jarraipena egiten zuen. Orain aukera gehiago dago, kirol asko daude, eta atletismoak ez du garai bateko indarra”, aitortu du Diezek. Odriozolak ere iritzi bera du: “Atletismoaren izen handiak jada ez dira iraupeneko lasterketak egiten dituztenenak; orain, lasterketa motzetako atletak dira izarrak, Usain Bolt eta halakoak”.

Halere, Gipuzkoan egiten diren bi krosetara munduko atleta onenak ekartzen dituzte, eta, zailtasunak zailtasun, horrela jarraitzeko asmoa dute. “Aurten murrizketa handiak izan dira, eta hasieran urduri samar ibili ginen, ez genekielako egiterik izango genuen, baina pentsatzen dugu horrelako probei eutsi egin behar zaiela”, azaldu du Odriozolak. Elgoibarren ere dirua ez dute soberan. “Baina jendeak eta laguntzaileek konpromiso handia dute proba honekin, beraiena sentitzen dute, eta azkenean aurrekontua aurrera ateratzea lortu dugu”, gehitu du Diezek.

Bertako korrikalariak erakartzeko dute zailtasun handiagoa. “Federatua egon behar da, eta zapatila iltzedunak behar dira. Eta horrek jada jende bat kanpoan uzten du. Bestetik, jendea beldur da munduko onenen artean lotsagarri gelditzeko. Nik saiatzeko esaten diet, parte hartzeko, eta ikusteko nolakoa den horrelako kros bat barrutik. Festa handia antolatzen da halako krosen inguruan”, dio Diezek. Odriozolaren arabera, gainera, “edozein kirolarik ez du aukera izaten munduko onenen ondoan lehiatzeko, eta hori kirol honek eskaintzen du”.