Desjabetzeak geldiarazteko eta orain arteko hipoteken legea aldatzeko proposamena Espainiako Kongresura eraman nahi du Kaleratzeak Stop plataformak. Horretarako 500.000 sinadura behar dituzten arren, dagoeneko 700.000 baino gehiago lortu dituzte.
Etxebizitza ordainetan emanda zorra kitatzeko eskatuko dute plataformakoek. Etxebizitza galtzen dutenentzako epe luze baterako alokairu soziala ere aldarrikatuko dute; haien diru sarreren arabera, alokairuan %30 baino gehiago utzi gabe. Batez ere, etxe gabe gelditzen diren familien drama amaitzea eta desjabetzeak behin betiko bukatzea izango da Espainiako Kongresuan egingo duten eskaera nagusiaren helburua.