Berritasunez agudo aspertzen garen gizarte honetan, langile xumeen ofizioak pijoen afizio bilakatu genituen aspaldi. Begiratu zure ingurura: ez da faltako baratzatxoa ipini duen dentistaren bat, josten aritzeko ikastaroa betetzen ari den EHUko irakasleren bat edo garajean urteko ehun litro garagardo ekoizten dituen CAFeko beharginen bat. Azken boladan okin amateurrak asko ugaldu dira; nahikoa izan dira Robin Food itzelaren pare bat saio erraldoi milaka lagunek etxeko labea gau eta egun kea dariola ipintzeko. Ni ere ari naiz aspaldian ama-orea hezi eta harekin opilak lantzen; hilabeteak daramatzat, eta oraindaino emaitzak gorabeheratsuak badira ere, ez dut etsitzeko batere asmorik, baldarra bezain burugogorra sortu ninduten eta.
Txikitatik ogizale amorratua izanda, txorizo edo urdaizpikoarekin batere ilustratu gabe barra osoa konturatu gabe jateko gai naiz. Nik egindakoak ere halaxe berdintzen ditut, hasi eta buka. Hatzaparrek teklatua astintzeko baino zertxobait gehiagorako balio dezaketela frogatu nahi nioke neure buruari, eta hurrengo Gabonak iristen direnerako pieza dotoreak eta zaporetsuak egiteko gai banaiz, urtea ontzat emango dut.
Ditxosozko krisia jangelaraino sartu zigutenetik, eskulan eta zaletasun aspaldikoak aterabide ekonomiko izan ditzakeela amesten duenik ere bada. Muturrera eramanda, Sorian edo Burgosen lagunekin lursaila erosi eta han hutsetik gustura hasiko liratekeela kontatu didatenak ez dira bat edo bi. Kalekume amorratuak ia denak, barazkiak landatzeaz edo abereak zaintzeaz ezer gutxi dakitenak, baina albiste kaxkarren oldeari ihes egiteko edozein egitasmo ontzat hartzeko prest daudenak. Nik, oraingoz, nahiago nuke Gaztelara mugitu gabe pasa, baina beharbada haietako bati asilo ekonomikoa eskatzen bukatuko dut, morroi moduan onar nazan.
Halere, ez dut uste Pancorbotik N-1ean barrena Maroko aldera doazen autoei laster Euskal Herriko hirietatik exodoa egiten ari direnak batuko zaizkienik. Taberna zuloetako ordu galduetan lausotzen direnen amets izaten jarraituko dute komuna ekologiko autogestionatuek. Eta, hobby-ak hobby, gehienok jaki eta arropak azalera handiko saltokietatik etxeratzen jarraituko dugu, beste molde batean sortu eta salduko bagenitu gure errealitate petrala askoz atseginagoa litzatekeela imajinatu nahi badugu ere. N-1a ez bezala, aurrerapena norabide bakarreko autobidea delako, bidesari garestiak eta restop ezin kaxkarragoak dituena, gainera.