“Australiarren erantzun arruntena ‘lasai, arazorik ez’ izaten da”

Zuria Larramendi San Sebastian (Tolosa, 1975) Australian bizi da gaur egun, Sidneyn, Euskal Herriaren antipodetan, hemendik punturik urrutikoenean, hain zuzen ere. Bederatzi urte daramatza han. Aurretik beste sei urte Londresen pasatu zituen, ikasten eta lanean. Kimika analitiko ikasketak Donostian hasi zituen, eta, ondoren, Londresera joan zen karrera bukatzera. Han ezagutu zuen gaur egun bere senarra dena; australiarra da jaiotzez, baina familia greziarreko semea. Euskalduna izan eta ikasketak euskaraz egin zituen arren, gaur egun euskara oso gutxi erabiltzen duela dio, erabat ingelesez bizi delako; baina txukun erantzun ditu posta elektronikoz egindako galderak.

“Londresen kimika ikasten ari nintzen bitartean, denda batean aritu nintzen lanean. Eta ikasketak bukatu ondoren dendan eta banketxe batean ere aritu nintzen, Australiara etortzeko bisa prestatzen ari ginen bitartean”, adierazi du tolosarrak.

Gaur egun, Sidneyko abokatu bulego batean ari da lanean, astean hiru egunez, bikotekidearekin duen 4 urteko alabarekin gehiago egon ahal izateko. “Auzitegiko kimikari moduan lan egiteko asmoa nuen hasiera batean, baina arlo horretan ezin izan nuen lanik aurkitu Australiara etorri nintzenean. Beste gauza batzuetan aritu eta gero, abokatu bulegoko lana eskaini zidaten, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Horretan ari naiz orain”, dio.

Alabaren zaintzak eta lanak uzten dioten denbora libre gutxian hondartzara joatea edo etxean familiarekin gelditzea gustatzen zaio tolosarrari. “Etxean bi logela hutsik ditugu, eta alokatu egiten ditugu, ingelesa edo beste zerbait ikastera datozenei. Agentzia bidez jartzen gara harremanetan, eta familiako beste bat balira bezala bizi dira gurekin. Gainera, behar duten gauza guztietan (trenak, telefonoak, banku kontuak ireki…) laguntzen diegu ikasle horiei. Gehienak hiruzpalau astetan gelditzen dira, eta gero bertako lagunak egin eta haien etxeetara joaten dira bizitzera”, adierazi du Larramendik.

Australiako kultur aniztasunak harritu zuen gehien Larramendi: “Edozein janari mota aurki dezakezu Sidneyn, mundu guztiko janaria dago”. Australiarrak, berriz, “oso irekiak” direla dio, beti laguntzeko prest daudenak; “no worries” (lasai, arazorik ez) omen da “erantzun arruntena” haien artean, eta estresik ez omen dute, oso lasai bizi ei dira. Bestalde, oso bizimodu aktiboa omen dute: hondartzara joan, igeri egin, surf… Larramendiren esanetan, beti etxetik kanpora daude australiarrak.

Aborigenak hizpide

Aborigenen egoeraz zera adierazi du tolosarrak: “Sydneyn ez dugu aborigen asko ikusten, ez eta gaiari buruz asko entzuten ere. Gehienak Australiako iparraldean bizi dira. Horietako batzuek ez dute interes handirik gure bizimodua jarraitzeko, eta nahiko gustura daude euren modura bizitzen, nomadak bezala. Beste batzuek gure bizimodua nahiago dute, baina aldatzea kostatzen zaie. Laguntzak jasotzen dituzte Australiako Gobernutik, baina horietako askok edaten edo antzekoetan gastatzen dute dirua, eta alkoholismoa arazo nabarmena dela dirudi. Orain dela 60 urte edo, ume aborigenak gurasoengandik banandu eta familia zurietan edo barnetegietan sartzen zituzten, bizimodu hobea izango zutelakoan. Orain dela lauzpabost urte Australiako Gobernuak barkamena eskatu zuen, baina ez nago ziur aborigenen egoera asko aldatu den”.

Bertan bizi diren euskaldunekin harreman handirik ez duela dio tolosarrak: “Australiara iritsi eta hurrengo egunean Sidneyko Euskal Etxera joan nintzen. Han zegoen jendea oso jatorra da, baina ez dira askotan biltzen, gehienbat igandeetan bazkaltzeko edo. Eta ia dena gazteleraz hitz egiten zutela zirudien. Han zeuden asko nafarrak zirela uste dut, eta gehienek ez zekiten euskaraz”.

Euskal Herrira eta Tolosaldera maiz etortzen dira Larramendi eta haren familia; alaba, lau urte eta erdian, bost aldiz etorri da. “Bueltatzen naizenean, hasieran, pixka bat arraro hitz egiten dut euskaraz, eta ingelesezko hitzak ere erabiltzen ditut noizbehinka; oso dibertigarria da”.

Alabarekin gehienbat gazteleraz eta ingelesez hitz egiten du. Euskaraz hitz gutxi ikasi omen ditu haur txikiak: agur, ondo lo egin… “Pena ematen dit, baina gaztelera euskara baino erabilgarriagoa izango da Australian”, dio Larramendik. Gainera, Australian bizitzen jarraitzeko asmoa dute.