Zenbat hizkuntza hitz egiten dira munduan? Eta Aretxabaletan? Eta Zaldibian? Nola esaten da kaixo moldabieraz? Horiek eta beste hainbat galdera irakurri dituzte Zaldibiako eta Aretxabaletako herritarrek azken hilabeteetan, herriko hainbat lekutan jarritako txarteletan. Erantzunak postontzietan sartu eta lehiaketa batean parte hartzera animatu dituzte herritarrak, Zaldibian. Auzoko proiektuaren barnean, lehen pausoa izan da. Laster, Zaldibian eta Aretxabaletan, euskaraz hitz egiten duten auzotarrekin eta euskaratik urrun dauden auzokideekin osatutako taldeak abian jartzekoak baitira. Helburua: jendea euskarara gerturatzen saiatzea, betiere, modu ludiko batean. Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak erakartzeaz gain, etorkinei euskararen berri ematea ere nahi dute. Horrela, inguruan duten hizkuntza eta kultur aberastasunaren berri jasoko dute euskaldunek ere.
2008an jarri zuten abian Auzoko programa Udal Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) eta Topaguneak. Azken urteetan, herrietan hizkuntza aniztasun handia dagoela ikusirik, horien berri izan, eta aldi berean, euskara zabaltzen lagunduko zuen proiektu bat abiarazi zuten. Kanpotik datozenei ere euskarara hurbiltzeko tresnak eta baliabideak eskaini nahi zizkieten. Harrezkero, hainbat herritan taldeak sortu dituzte, eta astero biltzen dira. Donostiako Antigua auzoan, Bergaran eta Orion ezagutzen dute egitasmoa. Baita Agurainen (Araba) eta Berriatuan (Bizkaia) ere. Zaldibian eta Aretxabaletan otsailerako osatu nahi dituzte taldeak.
Auzoko proiektua hiru zutabetan oinarritzen dela azaldu Aitziber Irusta Auzokoren Zaldibiako dinamizatzaileak: aniztasuna, ekitatea eta euskara. “Aniztasuna, egungo errealitatean hizkuntza aniztasun handia dagoelako. Ekitatea, denok aukera berdinak izanda, desberdinak izateko eskubidea dugulako. Azkenik, euskara, euskaraz bizi nahi dugulako”. Zaldibian, egun, hamalau hizkuntza hitz egiten dira.
Hizkuntza aniztasuna
“Azken urteetan, Aretxabaletan hizkuntza asko hitz egiten dira: udaletxeko erroldatik atera ditugun datuen arabera, 24. Nola erakar daitezke hizkuntza horietako hiztunak euskarara? hausnarketa egin dugu euskara elkartean”, azaldu du Larraitz Arando Aretxabaletako Auzoko egitasmoko dinamizatzaileak. Azkenean, Topagunearen Auzoko proiektua abian jartzea erabaki dute. “Aurrera begirako proiektu estrategiko bat da”. Auzotarrak —hau da, herritar euskaldunak— eta auzokideak —herritar ez-euskaldunak— elkartu nahi dituzte, eta harreman sareak sortu. “Euskara zabaltzen lagundu nahi dugu, eta aldi berean, gure inguruko beste komunitate batzuen berri izan nahi dugu: nortzuk diren jakin, haien kultura, errealitatea eta bizitza ezagutu”. Harreman sare horietan, euskarak bere lekua izatea da helburua. Betiere, etorkinen jatorrizko hizkuntza kontuan hartuta: “Munduan hizkuntza ugari hitz egiten dira, eta egun, asko desagertzeko zorian daude. Hizkuntzak altxor bat dira”, azaldu du Irustak.
Baina Auzoko taldea sortu eta proiektua abian jarri aurretik, informazio kanpaina bat egin dute. “Inguruan daukaten hizkuntza aberastasunaren berri emateko”, adierazi du Arandok. Horretarako, hainbat informazio txartel jarri dituzte, eta hainbat galdera egin dizkiete herritarrei.
Kanpaina egin bitartean, taldea osatzeko jendea biltzen ari dira. Euskaraz ez dakitenak proiektuari erantzun ona ematen ari direla dio Arandok: “Parte hartzeko prest daude”. Euskaraz bizi direnak ere proiektuan parte hartzera animatu nahi dituzte. Euskaraz hitz egiten ez duten euskal herritarrentzat ere aukera egokia izan daitekeela pentsatzen du Irustak.
Nabarmendu du helburua ez dela euskara irakastea: “Horretarako badaude beste baliabide batzuk”. Herritar guztiengan pentsatutako proiektu bat da. “Ni ez naiz irakaslea izango. Hasieran, harremanak bultzatzea izango da nire lana”. Horretarako, hiztegi soil batetik abiatuko dira. “Jolasekin eta modu ludikoan lan egingo dugu, eguneroko bizitzarako oinarrizko hiztegia ikasteko: kalean agurtzeko, tabernan eta dendetan euskaraz eskatzeko…”. Arandok ere argi du hizkuntzekin jolasteko leku bat izango dela.
Lagun taldean egingo dituzten ekintzez gain, herriko ekitaldietan ere parte hartu nahi dute. Helburu asko lor daitezkeela uste du Irustak: “Kanpotik etorritako jendeak ekintzetan parte hartzeko beste lagun batzuk ere badituztela ikusiko dute; nolabait, integrazioa bultzatuz”.
“Esperientzia aberasgarria”
Dagoeneko hiru urte daramate Auzoko egitasmoarekin Bergaran. Aner Arregi da dinamizatzailea: “Hizkuntza egitasmoa izan arren, bizikidetza, elkar ezagutzea eta kanpotarren eta arrazakeriaren inguruko pentsaera aldatzea dira gure helburuak”. Orain arte lortutakoarekin gustura dagoen arren, jende gehiagoren parte hartzearekin gehiago egin daitekeela pentsatzen du. “Auzoko ez da etorkinentzat bakarrik. Euskaraz ez dakiten bergararrek ere parte har dezakete, baina horrelako gutxi etorri zaizkigu: urte hauetan pertsona bakarra izan dugu. Euskaraz bizi direnak ere oso gutxi etorri dira taldera, eta pena da. Bertakook egin behar dugu gure hizkuntza eta ohiturak zabaltzeko ahalegina”. Taldean ibili diren kanpotarrek herriko jendearekin harreman gehiago egitea lortu dutela dio. “Euskaldunok ere beste kultura eta herriei buruz asko ikasi dugu. Esperientzia aberasgarria da”.