Minbizia sortzen duten zelula gaiztoen portaera deskribatzeko, auto baten konparazioa egin du Jose Antonio Alberro Donostiako Onkologikoko kirurgialariak: “Autoa errepidean ziztu bizian doa, inguruan topatzen duen guztiarekin talka egiten du, balaztarik gabe doa aurrera eta aurrera, eta autoa beti onik ateratzen da, suntsiezina da”. Autoa gerarazteko, kirurgia eta erradioterapia zein kimioterapia tratamenduak erabiltzen dituzte; baina, “oraindik ere, dakiguna baino gehiago da ez dakiguna”, dio adituak.
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak egoitza bat zabaldu berri du Zumarragan; Goierriko 65.000 biztanle ingururi bertatik bertara arreta eskainiko diena. Egoitzaren inaugurazioaren aitzakian, Alberro doktoreak eta Maider Sierra elkarteko psikologoak Minbiziarekin aurrez aurre hitzaldia eskaini zuten joan den astean Zelai Arizti kultur etxean, eta aretoa bete egin zuten.
Aurten 25 urte beteko dira Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea sortu zutenetik. Urteotan guztietan asko aldatu da elkartearen jarduera. Osasun publikoak uzten zituen hutsuneak betetzeko xedearekin sortu zuten. Denbora bidelagun, alor publikoak gero eta zerbitzu gehiago integratu ditu, eta ikerketari esker urratsak egin dira gaixotasunaren ezagupenean; erritmo berberean eraldatu da Minbiziaren Aurkako Elkartearen jarduna ere. “Egun, gure apustu nagusia ikerketa eta prebentzioa dira”, azaldu du Maider Sierra psikologoak.
Prebentzioari dagokionez, halere, hainbat ñabardura egin ditu Sierrak: “Prebentzioa ez da bakarrik gaixotasuna ez sortzea. Gaixotasuna hor dagoenean harik eta arinen antzematea prebentzioa da, errazago sendatzen baita. Bizi-kalitatea hobetzea ere prebentzioa da”. Hamar minbizi diagnostikotik zazpi edo zortzi bizitza ohiturek eragindakoak direla diote estatistikek.
Gaixoen, senideen eta ingurukoen bizitza aldatzen du minbiziak. Elkarteak eskaintzen dien laguntzari dagokionez, espazio bat eskaintzen dietela dio Sierrak. “Ekintzara segituan pasatzeko joera dago. Gure ustez, prebentzioaren ardatza pentsatzeko gune eta denbora bat eskaintzea da; barrutik pasatzen zaizkien sentipenak ozenki esateko, emozioak azaleratzeko, ideiak ordenatzeko…”.
Minbizia dutenekin haien bizi-kalitatea hobetzeko hainbat tailer antolatzen dituzte: tratamenduak jaso eta gero, azala zein irudia zaintzeko, sexualitatea lantzeko, zaintzailearen zaintzari buruzkoak… “Gaixotasunaren diagnosi zehatzaren arabera oso ezberdina da bakoitzak behar duena”.
Prebentzio tailerrei dagokienez, erretzeari uzteko tailerrean egiten duten lana azpimarratu du psikologoak. Urtean 200 lagun inguru igarotzen dira tailer horretatik. “Erretzeari utzi nahi diote, eta zerbaitek beldurra sortu die, dela lesio bat, dela familian aurrekariak dituztela. Zerbaitek beldurtuta etortzen dira”.
Minbiziaren unibertsoan, emozio guztien artean beldurra nagusitzen da, heriotzatik hurbilago egotearen beldurra, hain zuzen. Sierrak dio beldurra oso eraginkorra dela, baina bi beldur mota bereizi ditu: orokorra eta zehatza. “Gela ilun batean egonda iluntasunaren beldur zara, eta beldurrak blokeatu egiten zaitu; beldur orokorra da hori. Zakurren beldur bazara, zakurra ikustean beste espaloira joan zaitezke. Pazienteei esaten diet zakurrari izena jartzea oso garrantzitsua dela”.
Minbiziaren diagnostikoa jasota, muturreko bi tipo marraztu ditu Sierrak: gaixotasunari zuzenean aurre egiten diona eta gaitza ukatzen duena. “Bietako bat ere ez dator zuzenean elkartera. Erdian daudenak etortzen dira, galduta sentitzen direnak. Laguntza eskatzera datoz, eta hori itzela da. Sufrimena norberarena izanda ere, izena jartzea eta estrategiak finkatzea ezinbestekoa da”. Edozein modutan, gaixoek baino gehiago senideek egiten dute lehenengo urratsa.
Bide horretatik ez da egoera fisikoa aldatuko, baina emozioei bidea emateak duen garrantziaren jakitun da Aritz Loiola debarra. Gertu-gertutik ezagutu zuen minbizia. “Aitarena ez zen bat-batekoa izan. Zantzuak bazeuden, baina guk ez genituen ikusi nahi, eta medikuek ez ziguten zuzenean esaten. Halako batean, argi eta garbi esan ziguten, eta lur jota geratu ginen. Etxean bakoitzak ahal izan zuen moduan kudeatu zuen albistea. Inork ez dizu erakusten halakoetan nola jokatu”. Aitarekin bisita asko egin zituen ospitalera. Onkologoen kontsulten ondoan Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoen bulegoak daude Donostiako Ospitalean. “Larri nengoela konturatu nintzen; bolada txar batekin nahastu zitzaidan aitarena. Horrelakoetan dena pilatzen dela ematen du. Zuloan behera eta behera nindoan, eta erremedioa jartzea erabaki nuen”.
Loiola elkarteko psikologo batekin hasi zen lanean: “Badakit psikologora zoazela esate hutsak izua sortzen duela, baina nik lanketa hartatik atera nuena ez daukat saltzeko”. Dioenez, han pentsarazi egin zioten, irtenbidea bere eskuetan zegoela erakutsi zioten, egoera onartu zuen, aitaren gaixotasunetik harago bere bidea ondoko errailetik zihoala konturatu zen, oinak lurrean jarri zituen… “Alarma gorria piztuta daukat oraindik; aitak hobera egin du, baina bi urtean etxeko hiru joan zaizkigu. Azkenean, denbora pasa ahala gaixotasunarekin bizitzen ikasi dugu”.
Norberaren alde
Minbiziaren Aurkako Elkartearen izenean aurka hitza ageri den arren, eritasuna sortzen duten zelulak gorputzaren barruan daude, berezkoak ditu giza gorputzak. Alberro doktoreak esandakoaren arabera, aspaldiko dinosauroen DNAn bazeuden jada. Horregatik, Sierrak dio, minbiziaren kontra baino gehiago, minbiziarekin bizitzen ikastea dela giltza. “Heriotzari sekulako beldurra diogu, baina benetan ikaragarriena, egungo gizartean, gaixotasuna da. Gaixotasuna oso gaizki ikusita dago, denak izan behar du polita, estetikoa, ederra… Baina hori guztia ez dator bat errealitatearekin. Minbizia gure zati bat da, gure zelulak dira eta harekin bizitzen ikasi behar dugu. Bestela, gure alde egin beharrean, gure aurka goaz”.
Buruko osasuna eta gorputzarena ezin dira banatu, estuki lotuta daude. “Erretzaileak noiz erretzen du gehiago? Triste ala pozik dagoenean? Antsietate handia badut, ez dut arnasa patxadaz hartuko, ez naiz behar bezala elikatuko eta defentsak jaitsiko zaizkit. Egoera horretan minbizia izateko txartel gehiago ditugu”, azaldu du Sierrak.
Minbiziak ukitutako gorputz asko ikusi ditu Sierrak dagoeneko, eta azaletik barrurako bidea egin du gaixo eta senide askorekin. “Oro har, denboran atzera eginda, gaitza agertu aurretik emozionalki lur-jota utzi dituen zerbait gertatu da”, dio, baieztapen horrek irakurleengan kezka sortuko duela jakitun. Agian, kezka hori sortuko duela dakielako esan du Sierrak, eta kezka hori abiapuntu, norberak bere ohituren gainean pentsatzeko tartetxo bat hartuko duen esperoan.