“Donostiako udaletxeak 500 orduko lana eta 15.000 pieza ditu”

Serafin Hernandez (1945, Coria, Espainia) 4 urterekin etorri zen Euskal Herrira bizitzera, Hernanira, eta orain Pasaian bizi den arren, oso gustura jarri ditu bere piezak ikusgai Hernaniko kultur etxean. Erretiroarekin hasi zen eraikin ezagunen maketak lantzen, eta horietako batzuk eraman ditu Hernaniko erakusketara: Pisako dorrea, Aieteko jauregia, Donostiako udaletxea, Eiffel dorrea, Taj Mahal, Parisko Notre Dame eta Moskuko San Basilio katedralak…

Bizitza guztia egurrarekin lanean aritu zara, zurgina izan zara…

Ez, zurgina ez. Arotza nintzen ni ofizioz, zurgina izatea beste zerbait da, egurra eskuekin lantzea da, egurra ezagutzea. Guk altzariak egiten genituen, baina hori nahiko lan mekanikoa da. Egurra lantzearena gero hasi zen; zaletasun gisa, egurra lantzen eta ezagutzen hasi nintzen.

Nola igaro zinen, bada, altzarigintzatik egurrezko maketak egitera?

Duela 30 bat urte izan zen. Erosten diren maketa horietako batzuekin hasi nintzen. Itsasontziak, hegazkinak… eta gisa horretakoak. Mordoska bat eginak nituen, baina lantegia erre egin zen, eta maketa guztiak galdu nituen. Handik hamabost bat urtera hasi nintzen berriro eraikinen maketak egiten. Nik uste dut lehenengoa Bizkaiko Zubiarena izan zela, eta ordutik egin dudan lanaren emaitza da hemen ikusgai dagoena.

Eraikinak dira, batik bat. Hegazkin eta itsasontziak baztertuak dituzu?

Bai, eta ez ditut gehiago egingo. Lehen ere, egiten nituenean, normalki erositakoak izaten ziren, eta nik nire ukitua ematen nien, aldatu egiten nituen. Baina, orain, nahiago ditut eraikinak.

Zeren arabera erabakitzen duzu zein eraikin eraman maketara?

Azkenaldian, batik bat, dorreak egiten ditut, horiek baitira leku gutxien behar dutenak. Donostiako udaletxearen maketak, adibidez, leku asko behar du, eta lantegian ez daukat toki nahikoa halakoak egiten jarraitzeko. Bestetik, saiatzen naiz ezagunak diren eraikinak aukeratzen, gutxienez Europan ezagunak direnak, eraikin enblematikoak. Azkena San Basilio katedrala izan da, eta aurrekoa Notre Dame.

Zein izan dira zuretzat zailenak?

Niretzat ez dira zailak. Lana eskatzen dute, baina zailtasunik ez dute. Margotu behar direnak kenduta, ez bainaiz batere iaioa margotzen. San Basilio katedralarena, adibidez, urrunetik nola ikusten den gustatzen zait, baina gerturatzen zarenean, ez dagoela ondo ikusten da. Bestetik, badaude hainbat pieza eskuz egitea ezinezkoa dena, eta horretan nire semeak laguntzen dit, Hectorrek. Adibidez, Taj Mahal jauregian, erliebean egindako grabatuak eskuz ezingo lirateke egin, eta horiek semeak egiten ditu, laserraz.

Nola hasten duzu eraikin baten maketaren prozesua?

Oholaxkak prestatu, eta pieza txikiak ateratzen ditut bertatik. Normalki beheko solairua egiten dut lehenengo, pieza txikiak bata besteari itsatsiz. Behin eraikinaren oinarria eginda, hortik gora joatea baino ez da. Lehen pausoa egitura nagusia egitea da, eta gero apaingarriak jartzen dizkiot. Normalki haritza erabiltzen dut, harriaren antz handiena hark duelako. Eta azken urratsa lizatu eta berniza ematea da. Sistema bera da guztietan, lehen solairutik hasi eta gora egitea. Beste sekreturik ez du.

Zailtasunik ez, baina ordu askoko lana dago hauen atzean.

Bai, ordu mordoa. Eta buruhausteak ere bai. Zenbaitetan, zerbait nola egin ez dakidanean, edo asmatzen ez dudanean, ohean ere buruari bueltaka ibiltzen naiz, ezin lo egin, nola egin erabaki arte. Donostiako udaletxearen eraikina egiteko, adibidez, 500 bat ordu behar izan nituen, eta 15.000 pieza txiki ditu.

Zer da zailagoa, maketa egitea edo maketa egin aurreko lana?

Zailena aurreko lana da, nola egin pentsatzea, neurketak egitea, argazkietatik hiru dimentsiora nola pasatu erabakitzea. Donostiako udaletxea, esaterako, pausoen bidez neurtu nuen. Izan ere, ez ditut eraikinak eskalan egiten, maketa artistikoak dira, nahiz eta proportzioa gordetzea ezinbestekoa den.

Eraikin batzuk bertatik bertara ikusi dituzu; beste batzuk, ordea, ez. Ikusi gabekoekin, nola egiten duzu?

Fisikoki ikusi ditudanak, noski, Donostiakoak dira. Baina, Taj Mahal, adibidez, ez dut sekula ikusi, eta San Basilio katedrala ere ez. Eiffel dorrea eta Notre Damme, berriz, behin baino gehiagotan ikusi ditut, askotan joaten garelako Parisera. Hala ere, nik daukadan kamerarekin Eiffel dorreari argazkia ateratzea ezinezkoa da, eta maketa egiteko postal mordo bat erosi nuen. San Basilioko katedralaren maketa, adibidez, 3D-ko puzzle bat oinarri hartuta egin nuen.

Inoiz gertatu zaizu maketa batekin gustura gelditu ez, eta botatzea?

Bai, Eiffel dorrearen maketa bat, esaterako, lagun bati oparitu nion. Ni ez nintzen batere gustura geratu, baina hura, izugarri. Pisako dorrearekin ere gertatu zitzaidan. Bigarren aldiz egiten duzun maketa denbora laburragoan eta hobeto egiten duzu. Baten bat bota ere egin dut, nola egiten ari nintzen gustatzen ez zitzaidalako.

Inoiz dirurik eskaini dizute maketa bat egitearen truke? Adibidez, norbaitek inoiz eskatu dizu bere baserriaren maketa egiteko?

Ez, baserririk ez dut inoiz egin, eta ez naute erakartzen, baina enkarguz egingo nuke. Dena den, seguru badagoela jendea hori nik baino hobeto eta prezio hobean egingo duena. Adibidez, arkitekto batek edo diseinatzaile batek. Hauek lan asko daukate, ordu pila sartu dut nik maketa bakoitzean, eta oso garestia litzateke.

Salduko zenuke hauetakoren bat?

Bai, salduko nuke. Inoiz ez da nire helburua izan, baina norbaitek maketa hauek balio dutena eskainiko balit, bai, salduko nuke. Donostiako udaletxea, adibidez, 10.000 euro inguruan salduko nuke, eta ez litzateke garestia izango; 20 euroan ateratzen da ordua.

Hurrengo maketa zein izango den badakizu?

Ez, ez dakit. Orain geldirik nago, eta ez naiz pentsatzen jarri.