“Euskaraz jakitea garrantzitsua da”

Santa Ageda bezperan kantari ateratzeko entseguak egiten eta koplak ikasten ari dira Bergarako Auzoko taldean. Makilak hartuta, Bergarako kaleetan kantari ateratzeko asmoa dute. Horien artean egongo dira Jibril Sarr senegaldarra eta Faisal Abass pakistandarra. Duela hiru urte iritsi ziren biak Bergarara. Hiru urte darama abian Auzoko proiektuak ere herri horretan.

Duela bi urte, Aner Arregi Bergarako Auzoko egitasmoko dinamizatzailea ezagutu zuen Sarrek taberna batean. Bere hizkuntzako hitzak irakasten zizkion Sarrek Arregiri, woloferazkoak; Arregik, berriz, euskarazkoak. Horrela, lagun taldean parte hartzeko gonbita egin zion Arregik. Euskal Herrira iritsi zenean, woloferaz eta frantsesez baino ez zuen hitz egiten senegaldarrak. Hiru urte herrian, eta dagoeneko euskaraz pixka bat moldatzen da. Euskaltegira joaten da ikastera, eta ondoren, Auzokoren proiektuan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera du. Taldean oso gustura dagoela azaldu du: jende berria ezagutzea eta lagunak egitea gogoko du, eta horretarako aukera eman dio Auzokok. “Euskaraz ere, gero eta gehiago ikasten ari naiz. Hemen bizi naizenez, euskaraz jakitea oso garrantzitsua da”.

Bergaran Auzoko sortu zenetik parte hartu du bertan Faissal Abassek; euskaltegira ere joaten da, Sarr bezala. Eguneroko bizitzan erabiltzeko oinarrizko euskara behintzat ikasi du. Esaterako, kalean jendea agurtzeko. Taberna batera sartzen denean ere kafea euskaraz eskatzen duela azaldu du. Euskaraz ikastea garrantzitsua dela pentsatzen du, eta herrian integratzeko asko laguntzen diola. Bere herrialdeko hizkuntzen berri ere eman izan die taldekideei. Pakistanen hizkuntza ugari hitz egiten dira; nagusia urdua da, baina Abassen ama hizkuntza punjabia da.

Euskaraz aritzeko aitzakian elkartzen dira ostiralero Bergarako Kultur Etxean, eta era askotako ekintzak egiten dituzte. Behin, kartoizko etxe bat egin, eta harekin lotutako hiztegia ikasi zuten. Txalaparta ikastaroak, egurra landu, txangoak mendira… eta abar egin dute. Herriko hainbat gazterekin, afari bat ere prestatu zuten; bakoitzak bere herrialdeko jaki bat. Bergarako Euskara Egunean ere parte hartu zuten; euren herrialdeetako jolasak erakutsi zizkieten herriko haurrei.