Kazetaritzaren gainbehera modu gordinean azaleratu zen 2012an, batez ere prentsa idatziari dagokionez: galerak enpresetan, lan baldintza okerragoak, kaleratzeak, paperezko egunkarien desagertzea, erredakzio lokalen gutxitzea eta abar. Kazetaritzari gertatzen zaiona ez da “krisi” bat, gainbehera estrukturala baizik, eta ez dauka lotura zuzenik krisi ekonomiko orokorrarekin. Errua botere politiko edo ekonomiko maltzurrei botatzeko tentazioa izan dezakegu (ikus Zuzeu.com orainkarian abenduaren 27an argitaratutako anonimoa), baina tamalez, kazetaritzaren ajeak nekez esplikatzen dira modu horretan. Kazetaritza eredu bat, prentsa idatziarena batez ere, desagertzen ari da, eta horren arrazoiaren muina negozio ereduaren gainbehera da.
Publizitateari dagokionez, geroz eta diru gutxiago iristen da komunikabideetara. Egunkarietako arduradunek salatzen dutenez, webguneetan sartzen den publizitate euro berri bakoitzeko, hamar euro gutxiago sartzen dira idatzizko bertsioetan. Horrela ez dago segitzerik, egokitzapenik egin ezean. Salmentei dagokienez, agerikoa da berrogei urtetik beherako jendeak ez duela egunkaririk erosten. Gainera, eremu digitalean kultura aldaketa sakon bat gertatu da: ia inork ez du informazioagatik ordaindu nahi. Eta horrek ez du kalitatearekin zerikusirik. Kiosko y Más eta Orbyt Espainiako prentsa digitala saltzeko plataformek emaitza kaskarrak utzi dituzte (nahiz eta informazio gehiegirik ez den ematen). Ikusteko dago Gara, BERRIA eta Noticias taldeko egunkariek urrian sortutako Presst kiosko digitalaren ibilbidea zein izango den. Dena den, oraingoz behintzat, sistema honen bidez paperezko produktuak pantailetan ikusteko moduan eskaintzen dituzte, lengoaia multimediara apenas egokitzapenik egin gabe. Eredu aldaketa baino gehiago, inbertsio berririk gabe produktu berari ahalik eta etekin gehien ateratzeko saio legitimoa dirudi horrek.
Baina egin al daiteke besterik? Batzuen iritziz, tabletarentzat eta mugikorrarentzat propio egindako kalitatezko kazetaritza ei da etorkizuneko bidea. Jendea ordaintzeko prest egongo den produktu digitalak sortzea. Baina aurrekariak ez dira itxaropentsuak. 2011ko otsailean entzutetsua izan zen The Daily tabletentzat propio egindako Estatu Batuetako lehen egunkariaren sorrera. 2012ko abenduan desagertu da proiektua oraindik bi urte ere bete gabe, harpidedun faltagatik, hogeita hamar miloi dolarren galerak utzita.
Jokaleku digitalak baldintza berriak ezarri dizkio prentsari; gizartearen gehiengoak bere bizitzarako informazio kontsumoa doako iturrietatik jasotzen du: goizean eta iluntzean webgune pare baten azalei begirada bat bota, eta gainontzekoan Twitter edo beste sare sozialen bidez azken orduko berriak jaso. Askok eta askok horrekin nahikoa du. Ez da formatu digitalen eskaintza faltak bultzatutako informazio dieta arina, gizartearen gehiengoa asebetetzen duen informatzeko modu berria baizik. Kritika egin diezaiokegu horri, eta prentsa idatziaren gainbeherarekin demokraziari egiten zaion kaltea salatu. Baina ohitu beharko dugu, ez baita behin-behineko egoera, eta enpresek testuinguru horretara moldatu beharko dituzte beren produktuak.
Egokitzapen horretarantz, elkarrekin loturiko bi joera aipatu ohi dira. Enpresen ikuspuntutik, euskarri desberdinen integrazioa. Produktu desberdinak egiteko kapaz diren erredakzio bateratuak sortzea, alegia. Komunikabide handientzako estrategia bezala zuhurra dirudi, baina biziraun al dezakete komunikabide txikiagoek testuinguru horretan? Kazetariaren ikuspuntutik, berriz, espezializazioa eta formatuekiko moldagarritasuna ei dira gakoak. Kalitatezko eduki bera lengoaia desberdinetan eskaintzeko gauza den kazetaria da etorkizunekoa.
Unibertsitateko komunikazio ikasketak ere eredu horrekin diseinatzera jotzen da: bideoa, webguneak, irratia, prentsa idatzia… formatu guztiak menperatzeko gai den kazetaria prestatzea da helburua. Testuinguru honetan, gutxi dira aurreko belaunaldiek kazetari berriei eman diezazkieketen ohiko irakaspenak: kazetaritzaren muinean dauden konpetentziak landu eta egoera berrietara etengabe egokitzeko beharrezko ahalmenak ikasleekin batera zorroztea. Belaunaldi berriak naturaltasunez egokitzen dira aro digitalera eta kazetari onik ez da faltako. Egongo al da, baina, komunikabiderik hor kanpoan?