Arantza Eguzkizak (Hernani, 1959) txikitatik bizi izan du sagardoaren mundua. Bere baserrian, Iparragirren, betidanik ikusi du sagardoa egiten eta kanpora saltzen. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakaria da 2008tik. Zuzendaritzara talde bat aurkeztu zen proiektu batekin, eta bigarren lau-urtekoa hasi berri dute.
Nolatan aurkeztu zineten talde bat zuzendaritzara?
Proiektu batekin aurkeztu ginen, eta ikusten genuen, koherentziaz, jarraitu egin behar genuela batzarrak hala erabakitzen bazuen. Horregatik, ia zuzendaritza guztia bera da; talde gisa jarraitzen dugu. Ez da urte hauetan pertsona bakar batek egindako lana, lantalde batena baizik.
Zein dira proiektu horren ezaugarriak?
Nik garbi nuen, lehendakari gisa sartu nintzenean, elkartea barrura begira egituratu behar zela, indartu egin behar zela eta zenbait gauza bultzatu behar zirela. Egitasmo horiek lortu ditugu: egun, antolamendu sendo bat dugu, eta I+G proiektuak bultzatzen ari gara. Bestalde, bertako sagarraren inguruan proiektu bat bultzatu dugu, Eusko Labela. Garbi ikusten dugu sagardoari duintasuna emateko beharra. Duintasun eta kalitate hori batzuentzat jatorrizko izendapen batetik pasatzen da, bertako sagarrarekin egindako sagardo bat, kalitatezko sagardo bat. Bitartean, Eusko Label proiektua bultzatu dugu.
Beste egitasmorik jarri duzue martxan zuzendaritzakook?
Sakelako telefonoentzako Txotx aplikazioa jarri dugu, sagardotegien kontaktu guztiak sakelakoan izateko. Bestalde, sagardogileentzat formazioa eskaintzen ari gara. Horrez gain, beti ikusi dugu botilako eta txotxeko sagardoaren arteko lotura egitearen beharra. Horretarako, denbora gehiago behar izan dugu, eta aurreko urtearen bukaeran Sagardo Esperientziak egitasmoarekin aurrera egin dugu; hau da, turismoa sagardotegietan sartzea.
Eta hori nola egingo duzue?
Betidanik, sagardotegiek jarduera turistiko bat egin dugu naturalki, baina elkarte moduan inoiz ez genuen landu, botilari eta sagardoari begira gehiago aritzen ginen. Gaiari heldu eta Sagardoaren Ibilbidea izan da horren ondorioa, mundu hau barrutik ezagutzeko. Egitasmoan hamar sagardotegi gaude. Nik uste dut zuzendaritza berria sartu zenetik jarri genituen eginbeharrak bete direla, eta gehitu ere bai. Lantalde oso ona daukagu, eta gauzak aurrera ateratzen ari gara, sagardogileen eta lantaldearen inplikazio handia dagoelako. Azken finean, mundu hau bizi dugu, maite dugu, eta sagardoarentzat egiten den on guztia denon onerako da.
Elkartean Gipuzkoako sagardogile guztiak daude?
Ez, uneotan 49 sagardogile gaude. Denera, Gipuzkoan, hirurogeita zenbait daude. Beste elkarte bat ere badago, hamahiru sagardotegi dituena, eta horietako batzuk gure elkartetik ateratakoak dira. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak 55 urteko historia du, eta erreferente bat da sagardoaren munduan.
Hainbat sagardo mota daude. Zeintzuk dira?
Sagardo gehiena normala da, ziurtagiririk ez duena. Gero, euskal sagardoaren ziurtagiria duten bi mota daude: Eusko Labela duena eta ekologikoa. Horiek kanpotik kontrol bat dute, ikuskaritza pasa dute eta etiketa zenbakidunak dituzte. Eusko Labela duen sagardoa %100 bertako sagarrarekin egina dago, eta kalitatea ziurtatu behar du, dastatze itsu bat pasatu behar duelako. Ekologikoak bermatzen du sagar ekologikoekin egina dagoela, baina ez sagarraren jatorria.
Bertako sagarrarekin egitea garrantzitsua da?
Gure sagardotegiaren aldetik garrantzitsua ikusten dugu produktua bertakoa izatea, sagarra gero eta gertuagoa izan, kalitatea gehiago bermatzen baita. Sagastietatik ezagutzen duzu sagarra, kontrolatzen duzu; zurea bada edo sagarrondoen jabearekin tratua baduzu, aukera dezakezu zer sagar mota aldatu sagardoaren arabera. Ez da berdin sagarra hogei kilometrotik edo 2.000 kilometrotik ekartzea. Jatorri izendapenaren atzetik gaudenok hori bultzatu nahi dugu. Esan behar da baita ere ez dagoela bertan nahi adina sagardo egiteko sagarrik. Beraz, beharrezkoa da kanpotik ekartzea.
Denboraldia hasiberria da. Nolako sagardoa dastatu ahalko da?
Ni neu oso gustura nago. Oso uzta ona izan da aurten. Uda lehorra izan da, eta, horregatik, sagardoa ez da hain mikatza atera. Edan erraza da. Eguraldiak lagundu du, eta ondo irakin da. Hotza izaten bada, irakina edo hartzidura moztu egiten da, eta gero kosta egiten zaio buelta ematea. Nik uste dut oso kanpaina ona izango dela kalitatearen aldetik.
Krisi ekonomikoaren urte hauetan nabaritu duzue jende kopurua gutxitu dela sagardotegietan?
Bai, hori ikusi da. Sagardogileen Elkartearen proiektu berri honek krisi garaiarekin egin du topo. Dudarik gabe zorabioa ematen du, baina zuzendaritzan bi aukera ikusten ditugu: aurrera egiten duzu edo hil egiten zara. Ezer egin gabe ez da etortzen ezer. Zalantzak egon badaude, baina ez dugu besterik ikusten: krisi garai honetan berrikuntzatan sartzea tokatu zaigu. Ilusio handia dugu, eta sinisten dugu gauza berriak egin behar ditugula.
Sagardotegiko menuaren prezioa garestia dela esan ohi da.
Txuleta ez da behin ere merkea izan. Bakailaoa garai batean merkea zen; gaur egun ez. Sagardotegian kalitatezko produktuekin lan egiten da, eta horrek bere kostua du. Beste alternatiba merkeagoak eskaintzen ari gara, baina esan beharra daukat askotan ez dela baloratzen menuarekin jaten dena. Gainera, uste baino gehiago jaten eta edaten da.
Botilako kontsumoa bertako merkaturako izaten da edo kanpora ere saltzen da?
Merkatua bertakoa da gehienbat. Hemen tartea badago kontsumoa handitzeko, eta guretzat erronka bat da hori. Udan beste edari freskagarri batzuek bide handiagoa egin dute, bertan graduazio txikikoa eta naturala den produktu bat edukita. Sagardoa gure herriko ondarea da, eta ez zaio ematen merezi duen balioa, ez gara konturatzen zein osasuntsua den bertan egiten den produktu hau. Hemendik kanpo ez da ezagutzen ia, eta justu orain gutxi atera zen nazioarteko egunkari batzuetan sagardoa hemen sortu zela eta hemendik zabaldu zela mundura.