Wolofera, urdu, kitxua, albaniera, errusiera, frantses, galego, greko, gaztelania, txinera eta munduko beste hainbat hizkuntzaren eta euskararen arteko hiztegitxoak sortu ditu Topaguneak. Dagoeneko 60 baino gehiago dituzte, eta oraindik gehiago sortzen ari dira. Horiez baliatzen dira Auzoko egitasmoan. Kide berri bat etortzen denean, bere hizkuntzatik euskararako hiztegia ematen diote, eta horrekin, elkarrekin komunikatzen hasten dira. Hainbat udaletxetan ere badituzte hiztegi horiek, herrian erroldatzen diren kanpotarrek euskarazko oinarrizko hiztegi bat izan dezaten. Agurrak, elkarbizitzarako galderak, denda eta leku izenak, asteko egunak, hilabeteak… jasotzen dituzte.
Horiez gain, beste baliabide batzuk ere erabiltzen dituzte Auzokon; betiere, modu ludikoan eta hizkuntzarekin jolastuz lortu nahi dute euskarazko hitz batzuk irakastea. Egitasmoan hainbat adibide jasotzen dituzte: esaterako, baloiarekin jolastuz. Bakoitzak bere burua aurkeztu, eta baloia beste norbaiti pasatu behar dio, hark ere bere burua aurkezteko. Dadoak, bingoa, Pictionary eta halako jolasak ere erabili izan dituzte. Halere, talde bakoitzak erabakitzen du talde dinamiketan zein jolas eta metodo erabiliko dituzten. Topaguneak proposatzen dituen horiez balia daitezke, eta beste batzuetan, berriak ere sortzen dituzte. Ikasgelatik kanpo, ingurune erlaxatu eta ludiko batean, euskaraz hitz egin eta hizkuntzarekin jolas daitekeela erakusten dute.