Txapela buruan, ibili munduan

Beldur nintzen: tokia ez nuen oso gustukoa, eta nekagarria iruditzen zitzaidan; baina lau hilabeteren ostean esan dezaket nahiko goxo zaindu nauela Madrilek. Konturatu naiz arrotza suertatzen zitzaidan munstro horren barrenak zertxobait ezagutzeko aukera izan dudala eta horrek beldurra galtzera eraman nauela ezinbestean. Amaitu dira Bellas Artes antzokiko emanaldiak, eta hasi gara biraka; Espainiako hainbat antzoki ezagutuko ditugu orain, Valentzia batean, Almeria bestean, Zaragoza hurrena, Granada gero… Aspertzeko denborarik gabe, atseden hartzeko ganorarik gabe.

Duela urte batzuk ez bezala, gaur, Madrilen inguruan balorazio bat eskatzen didanari, alde positibo gehiago eskainiko dizkiot kontrakoak baino. Gustatu ez zaizkidan aldeak baditu, noski, toki guztiek bezalaxe: jendeak egunerokotasunean duen presa alferrikakoa, metro deritzoten lur azpiko beste bizitza hori, kotxe-jendetza-zarata eromena, bertako aireak duen hezetasun maila eskasa (txikikeria bat badirudi ere, Euskal Herrira ohitutako nire azala segituan konturatu da aldaketa horretaz)… Eta zer gustatu zaidan? Tamaina horretako hiri baten handitasuna, edozertarako aukerak zabalik izatea, egunero antzoki berean lan egitearen erosotasuna eta jende maitagarria ezagutzeko aukera.

Baina bada bat beste pertsona guztien artetik gailendu dena, eta haren istorioa zuei kontatzeak berebiziko poza ematen dit. Javi izena du, 25 urte ditu eta Bellas Artes antzokiko leihatilan lan egiten du sarrerak saltzen. Iritsi ginen egunean “kaixo, arratsalde on”, esan zidan; eta nik neure artean: “Euskaldun bat hemen? Nongoa ote da?”. Galdezka joan nintzaionean aho zabalik gelditu nintzen. Madrilgoa da, baita haren gurasoak ere, eta baita aitona-amonak ere. Sei urte bete zituenean amonak aurrezki kontu bat ireki zion Kutxan, eta oparitan Euskara-castellano hiztegi txiki bat oparitu zioten. Esku artean izan du harrezkero, eta hantxe dauka oraindik ere. Beti eramaten ditu berekin bi hiztegi, bat leihatilako apalean eta txikia poltsikoan; eta egunero ikasten du hitz berriren bat. Hark ere ez daki euskaragatik sentitzen duen grina hori nola azaldu, nondik datorkion. Haurtzaroan jasotako opari horrek liluratu zuen nonbait: “Ez dakit zergatik, ez dakit nola arrazoitu”, esan zidan. “Hori ez da arrazoitzen, sentitu baizik”, pentsatu nuen.

Euskal selekzioko kamiseta soinean zuela ikusi nuen egunean, barrez esan nion baserritar txapela bakarrik falta zitzaiola. Bazuela erantzun zidan, eta nik —euskaldun on batek bezala— apustu egin nion, hurrengo egunean soinean ekartzen bazuen sagardotegi afari bat zor niola. Apustua galdu dut; sagardotegi afari bat zor diot madrileño txapeldun bati! Eta ondo merezitako afaria, gainera, txapelak ikurrinaren bordatua eta guzti zeraman eta. Haren ametsa emakume euskaldun bat ezagutu eta “aita” deituko dioten hiru alaba izatea omen da. “Nik sagardotegiko afaria ordainduko dizut, hiru alabak beste norbaiti eskatu”, esan diodanean lehertzeraino barre egin dugu, eta sano-sano bizkarrean kolpea eman dit —plazta!—. Francisco Javier, Javi, Patxi, Xabi… izena da gutxienekoa, euskalduna da; euskara daramalako bihotzean, ahoan, buruan, iraganean, orainean, etorkizuneko ametsetan, poltsikoan eta leihatilako apalean. Javi, kostako zaizu hau dena itzuli eta ulertzea, baina badakit txukun asko egingo duzula. Afari bat zor dizut, eta hitz berri bat ikasiko duzu: “Txotx!”.

Bihotzez, Madrilgo euskaldunari.