Normalean txorikeriei buruz idazten duk, baina azken zutabea nahiko serioa huen, hi izateko”. Dirudienez, nire lau irakurleak pitokerien peskizan datoz txoko honetara bi ostiralez behin. Izorra zaitezte, ba! Egunkaria negar malkotan itotzeko albistez beteta dator gaur ere, eta nik ez dizuet inolako deskantsurik eskainiko. Algarak nahi badituzue, Youtubek Eugenioren txiste andana dauka ikusgai; kontu larriez aritzea tokatzen zait niri. Nortasun nazionala finkatzen duten ikurrei buruzko eztabaida puri-puri dabilenez sarean —ni Santi Leoneren alde, hori bai zutabegile fina eta ez hemen goiko kirtena—, nik ere heldu egin beharko diot gaiari.
Euskaldunon etxea gain behera dator beste behin ere. Gutar zintzoenen totem nagusietako bat, txirrindularitza, hondoa jota dabil joan den ostiralaz geroztik —bai, are beherago erortzea posible zen—. Ezbeharren bat datorren bakoitzean egin ohi dugun bezala, errua besteei bota diezaiekegu, hain kuttuna genuen jostailua zeharo zapuzteagatik. Beste aukera, amak txikitan koilararekin ematen zigun hark baino zapore mingotsagoa duen botika probatzea da. Autokritika tragoxka pare bat hartzeko une aproposa dugu, behingoagatik.
Dopin kasu mordoxka izan duen txirrindulari talde ia publikoa milioikada eurorekin lagundu dugula eta laguntzen ari garela onartzeak aje pixka bat lagako digu, baina pasatuko zaigu. Tranpetan iaioa den sendagile sortari lasaiegi lan egiten utzi diogula baieztatzeak ere aho zapore garratz samarra uzten du. Eta ezkutuko azti horiei beste kirol maiteetan —ai, arrauna, ai futbola…— muturra sartzen utzi diegula gogoratzea ere ez da zurrutada eztiena izango. Gure txirrindulari onenak urteetan Lance Armstrong zuritzen ikusi izanak ez gaitu asaldatu, eta ezta kazetari eta esatariek dopinarekin azaldu duten jarrera ezin epelagoak ere. Baina, tira, erronda bukatutzat eman beharko da, autokritika mozkorraldien biharamunak oso krudelak izaten dira eta.
Ebro da espainiarrengandik desberdintzen gaituzten milaka eta milaka ezaugarrien sinbolo fisikoa. Alboko herrialde hori estali duen ustelkeria oldea gurean ezinezkoa litekeela pentsatzea gustatzen zaigu, ibai horrek iparraldeko lurretara lixiba barreiatuko balu bezala. Euskal herritar bat Suitzan dabilela entzundakoan, trekkingen bat osatzen ari dela imajina dezakegu soilik, eta ustelkeria atzerritik jasotako gaitz arrotza dela pentsatzea gustatzen zaigu. Bakean utziko bagintuzte, bi lagunek bostekoa ematearekin dena konpontzen duen herrialde ezin gardenagoa ginatekeela konbentzituta gaude.
Inguruko erakunde publiko, banku eta enpresek egindako azpijokoak ikusita, ezin eszeptikoagoa naiz ni, eta ez da hori gehien kezkatzen nauena. Euskaltel-Euskadi taldea galbidean izanda ere, Pirinioetako errepideak betetzen jarraitu dugu, elastiko laranja soinean eta txirrindulariei orroaka. Gure koloreko agintariek kale egiten digutenean, berdin-berdin jokatzen dugu. Haiek ondo zaintzea eta autokritika zorrotza egitea da gizarte sano baten bitamina onena, baina arerioekin ziniko izatea askoz dibertigarriagoa da. Baina bizitzan, noizean behin, serio plantak egin beharra dago, zutabe honetan bezala.