Balio erantsia eskaintzera bideratu dute lehen sektoreko hezkuntza

Zizurkilen dago Fraisoro, Gipuzkoan lehen sektorearen inguruko trebakuntza ematen duen eskola. Oinarrizko prestakuntzatik espezializazio arloetara egin dute bidea eskolan eskaintzen dituzten ikastaroek, eta kudeaketa arloan prestatzeak ere garrantzi handiagoa du. “Teknologia berrien garrantzia nabarmen handitu da: webguneak diseinatzea, salmentak Internet bidez egitea…”, azaldu Jose Javier Ormazabal Fraisoroko zuzendariak. “Sektoreak eskatzen du produktuei eta zerbitzuei balio erantsia emango dien arloetan heztea: berrikuntzak, salmenta motak, kudeaketa…”.

Irailean aldaketak izan ziren Fraisoron. Aurretik, EAEko hiru nezakaritza eskolak eta bi arrantza eskolak batera zeuden Itsasmendikoi enpresa publikoan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpe. Itsasmendikoi desagertu egin da, ordea, eta eskolak Hezkuntza Sailera pasatu dira. Landa garapenari lotutako arloa sortu berri den Hazi enpresa publikoak hartu du bere gain. “Desestrukturazio bat izan da, eta oraindik egokitzen ari gara egoera berrira. Aurreko gobernuak hartutako erabakia da; ez dakigu gobernu berriak zer erabaki hartuko duen”, dio Ormazabalek.

Ohiko hezkuntzak Fraisoron jarraitzen du; hau da, lehen sektoreko erdi mailako zikloak —DBH bukatu eta gero— edo goi mailako zikloak —batxilergoa bukatu eta gero—. Erdi mailakoan nekazaritza zikloa eta lorezaintza eta loradenda zikloa eskaintzen dituzte, eta goi mailakoan, baso kudeaketa eta ingurumen zikloa.

Malgutasuna

Hezkuntza ez-formalari dagokionez, batetik, langabeentzako eskaintza bat egiten dute Lanbiderekin harremanetan; bestetik, Hobetuz programa dago, eta, azkenik, etengabeko prestakuntza. Azken horretan ikastaroak Hazik finantziatzen ditu, eta Fraisorok diseinatu. Gaztenek zerbitzua eskoletan egon arren, Haziren eta aldundien ardurapean dago egun.

Etengabeko prestakuntza oso malgua dela dio Ormazabalek: “Sektoreak eta bertako eragileek eskatzen digutenaren arabera lotzen da, sei hilabetean behin”. Eremu guztiei heltzen diete: produkzio arlotik hasi eta kudeaketaraino. “Esaterako, landa ingurunean adinekoak zaintzeko beharra dagoela ikusten badugu, horren inguruko ikastaroa antolatzen dugu”, azaldu du Ormazabalek. “Malgutasun horrek ere ahalbidetzen du ikastaro bat emateko gai horretan unean uneko aditua izatea”.

Fraisoroko zuzendariak ikastaro trinko horiek enplegurako duten egokitasuna nabarmendu du: “Norbaitek, adibidez, zaldiekin lan egin nahi du, baina ez dago homologaturiko titulurik horretarako. Guk behar hori antzeman eta enplegua lortzeko aukera dagoela ikusten badugu, ikastaro luze bat antolatzen dugu, eta jendea lan horretan hasteko gaitzen dugu”. Iaz, esaterako, arrakasta handia izan zuen txakurrentzako ile apaintzaile ikastaroak.

Sektoreak izaten dituen aldaketek, beraz, eragina dute Fraisororen eskaintzan. Orain hamar bat urte, esnearen azpisektoreak bere indarra zuen, eta garai horretan ikastaro asko ematen ziren gaiaren inguruan. “Orain, gutxi ematen dira”, dio Ormazabalek. “Beste batzuk kopuruz igotzen joan dira, esaterako, barazkigintzakoak eta lorezaintzakoak”.

Aldaketak ere izan dira trebakuntzaren ildoan, Jesus Calvillo Gaztenek zerbitzuaren arduradunak dioenez: “Lehen, lorezaintza ikastera etortzen zirenak sasiak garbitzeko makina hartu eta garbiketa lanak egiteko asmoarekin etortzen ziren. Hori asko jaitsi da, merkatuak gainezka egin duelako, eta egun, loradenda batean lan egiteko, deseinuaren eta paisajismoaren inguruko lanak egiteko asmoz etortzen dira”.

Lehenengo aldiz, lehen sektorean ustiapen edo enpresa baten titular izan nahi duenari zerbitzua ematen dio Gaztenek-ek. Bere kabuz hasi delako edo familiako ustiapenaren jabetza jaso duelako izan daiteke abiapuntua. Calvillok azaldu duenez, “azken bi urteetan nabaritu da jendea ez dela etortzen inbertsio handirik eskatzen duten proiektuekin”. Inbertsioa lortzea zailagoa denez, proiektuen planteamendua aldatu egin dela nabarmendu du: “Azken urteotan baratzeari lotutako proiektu asko etorri dira, baina ez azpiegitura handiekin, baizik pixkana joateko asmoz”. Zuzeneko salmenta egin eta bezeroak fidelizatzeko produktu oso onak eskaintzeko asmoz joaten direla gaineratu du Calvillok.

Norberaren gaitasunak

Gaztenek-era prestakuntza teknikoa duten gazte asko joaten dira, orain hamar urte baino ezagutza gehiagorekin. Horren harira, Calvillok norberaren gaitasunak lantzearen garrantzia nabarmendu du. Aholkularitza ez da arlo teknikoan soilik ematen, baita enpresa bat kudeatzeko duten gaitasunari begira ere. “Gai izango da langile talde bat kudeatzeko edo merkatuaren aldaketei aurre egiteko?”, dio Calvillok. “Hala, azken urteetan ekintzailetasunaren inguruan ari gara lanean, beste balio batzuk eransten trebakuntzari”.

Gaztenek zerbitzua lehen sektorean alta emanda dauden eta 40 urtetik behera dituztenentzat da. “Europan, gazteek, lehen sektoreko jarduera batean hasten direnean, laguntzak dituzte”, azaldu du Calvillok. “Bestalde, Geroa programa ere badago, adin horretatik gora daudenei ere laguntzeko euren jardunean. Aholkularitza, hau da, norbait ondoan izatea bere bidean aurrera egiteko, diru laguntza baino gehiago baloratzen dute bi zerbitzuetan”.

Orain bederatzi urte sortu zen Gaztenek programa, eta denbora tarte horretan Gipuzkoan ia 300 gazte joan dira zerbitzuaren berri izatera. Horietatik, urtero, 20-25 gazte inguruk eman dute pausoa euren jarduera abiarazteko. “Urtero ustiaketak galtzen ari dira, eta Gaztenek programak lagundu du galera hori orekatzen, martxan jarri edo jabetzaz aldatu diren jarduerak bikoiztu egin baitira”, esan du Calvillok. Profila zerbitzuen aldera jotzen ari dela gaineratu du. Bai Ormazabalek eta bai Calvillok ere argi dute: “Landa eremua bizirik egotea da axola diguna”.