Boterearen atez ateko demokratizazioa

Azken boladan Bergarak protagonismo berezia eskuratu du Euskal Herriko eta Espainiako hedabideetan. Bergarako etxe askotako balkoiak zabor poltsaz bete dituzte protesta gisa. Aitortu beharra dago eraginkorra izan dela protesta egiteko modua. EAJk Bilduko udal korporazioari egotzi dio ez duela herritarren hitza errespetatu. Hori entzunda, pentsa daiteke EAJk Bergaran eta Euskal Herriko beste hainbat herritan ere sarritan praktikatu izan duela herri galdeketaren ariketa demokratikoa; nahiz eta inor gutxik gogoratuko duen alderdi jeltzaleak eginiko kontsultarik.

Herri galdeketa izan daiteke boterea demokratizatzeko modurik eraginkorrena, betiere erabilera egokia egiten denean. Pertsonok berezkoa dugu boterea kontzentratzeko joera, eta horixe da erakundeak demokratizatzeko izan ohi duten eragozpen nagusia. Egitura sinpleenetik hasi eta konplexuenera, zaila gertatzen da boterea demokratizatzea; nahiz eta boterea sozializatzea den demokraziak duen benetako indarraren klabea.

Erabakiak behetik gora hartzea da egitura demokratikoen funtsa, baina ideia sinple horrek badauka ñabardurarik. Erabakiak hartzeko informazioa behar da, eta informazioaren transmisio edo kudeaketak helburu bi izan ditzake: herritarrek erabakiak ahalik eta egokien hartzea, edo informazioa manipulatu, eta interesatzen den erabakiak gehiengoaren babesa lortzea. Boterea demokratizatzeko borondaterik ez dagoenean, bigarrena egingo da. Gardentasuna da, beraz, demokratizaziorako giltzetako bat. Informazioaren kudeaketa zintzoarekin hartzen diren erabakiak zilegitasun maila altuagoa dute. Eta egoera kritikoen aurrean, erabakitzen dutenek nahiz erabakiek sendotasun maila altua dute.

Hori esan ondoren, zenbat erakunde garden eta demokratiko ezagutzen ditugu? Erakunderik sinpleenean ere, botere kontzentraziorako daukagun joeragatik, informazioa ezkutatu, moldatu edo komeni denean dosifikatuta erabiltzen da, erabilera estrategikoa eginez. Baina horrek partaideen atxikimendua galtzea eragiten du; urrundu egiten dira, eta erakundeko arduradunenganako konfiantza galtzen dute.

Benetako erresistentziak ditugu boterea demokratizatzeko. Zein erabaki laga behar dira herritarren esku? Atez atekoa, bai ala ez? Azpiegitura handiak, bai ala ez? Herritarrek badute irizpide eta gaitasunik erabakiak hartzeko? Eta lau urtean behin aukeratzen ditugun politikariak edo arduradunak aukeratzeko? Eta aukeratutako horiek badute erabakitzeko gaitasunik? Enpresetan, sindikatuetan, udaletxeetan, auzo elkarteetan, herri mugimenduetan… Beti daude formalki langileek, herritarrek edo bazkideek hartzen dituzten erabakiak, baina benetan zenbateraino dira kontzienteki hartutakoak?

Gardentasunaz dihardudanez, garbiago esango dut. Erakunde bateko arduradunek ematen duten edo ez duten informazioa edo desinformazioa, oposizioaren informazio edo desinformazioa baino garbiagoa ote da? Inork ematen al du intentzionalitate gabeko informaziorik? Non, nork eta nola neurtzen du egien, erdi egien, iruzurren eta gezurren tamaina?