Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko presidente izendatu dute Pilar Lekuona (Oiartzun, 1967). Erronka handia dela dio, orain arte elkargoko presidente izan denak, Maria Jesus Zapirainek, oso ondo egin duelako bere lana. Erizainak euren etorkizuna lantzen ari direla nabarmendu du, eta prest dago ildo horretan ahal duen guztia egiteko.
Zein zeregin ditu erizaintza elkargoko presidenteak?
Zortzi urte daramatzat gobernu biltzarrean. Presidenteak gauza batzuk bakarka egiten ditu, baina normalean biltzarraren bidez funtzionatzen dugu. Plan estrategikoa egiten da, eta bertan zein helburu bete behar ditugun zehazten da. Oraingoz ez da gauza berririk izango, finkatutakoarekin jarraituko dugu.
Erizain lanbideari dagozkion zenbait alorren atzetik ibiltzea izango da nire zereginetako bat. Lehen, erizainek ATS titulua zuten; gero, diplomadunak ziren, eta, orain, gradua izango da. Baina horri buruz asko hitz egiten den arren, oraindik ez da ezer onartu, eta horren atzetik ibili behar dut, pixka bat presioa egiten. Horrez gain, sortzen diren gauzei aurre egitea da nire lana. Momentu honetan krisiarekin arduratuta gaude. Esaterako, ordezkapen gutxiago egiten dira, eta horren atzetik ere ibili behar dugu, gure pazienteei kalitatea bermatu ahal izateko.
Gainerakoan, kolegiatuen zerbitzura egotea da nire beste eginkizun bat: zer behar duten, zer exijitzen diguten, zer sortzen zaien… kolektiboki zein indibidualki.
Erronka pertsonalik baduzu?
Orain arteko bidetik jarraituko dut. Botiken preskripzioarekin eta espezialitatearekin zer gertatzen den ikusi beharko da, eta ea errealitate bihurtzen diren. Onartu dira, baina dekreturik ez da atera; hala, esaterako, erizain batek oraindik ezin du botikarik eman.
Hori lortzeak zein abantaila ekarriko lieke erizainei?
Historikoki, erizainak sendagilearen menpe egon den irudia izan du, baina erizaina istorio horretatik kanpo geratu zen aspaldi. Norbaitek irudi hori baldin badu, ez dago oso eguneratua. Erizainak bere eskumenak ditu; asistentzian ez ezik, kudeaketan ere parte hartzen du, ikerketan, irakaskuntzan beste erizainak trebatzen… Erizainak konpetentzia berrietan autonomoa izan behar du nolabait; bere nortasuna du. Erizainek ikuspegi gehiago dutela esango nuke. Beste diziplinako lanbideekin parte har dezakete, hitzarekin eta botoarekin, ez inoren menpe. Erizainek beren prestakuntzarekin eta jakintzarekin alor askotan parte har dezakete.
Kargu berriarekin erizain izateari uko egin beharko diozu?
Ez, bi lanak uztartzeko asmoa dut, hasiera batean behintzat. Egia da orain ardura gehiago izango dudala eta agian iritsiko da momentu bat baten alde egin beharko dudana, baina printzipioz biak uztartuko ditut.
2010ean Gipuzkoako geriatria egoitzen egoerari buruzko ikerketa bat egin zenuen. Zerk bultzatu zintuen horretara?
25 urte dira Erizaintza egin nuela, eta beti geriatriari begira egon naiz. Ordu hartan ez zen zahar asko ikusten; duela 24 urte, herritar asko langile autonomoak ziren, eta egoitzak autonomoz beteta zeuden. Gizartea zahartzen joan da, eta orain egoitzak menpekoz beteta daude: elbarri asko, eta osasun aldetik behar asko dutenak.
Beste ospitale geriatrikoetako jendearekin harremanetan egoteko aukera izan dut, eta, nahi eta nahi ez, egoitzak erregulatzeko katalogo bat behar genuela ikusi genuen. Geriatriako erizainak, nolabait, gizarte arloko langileak gara, ez gara Osakidetzakoak. Hala, foru aldundiak itunpeko postu asko ditu egoitzetan, eta udaletan denak dira itunpekoak. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta geriatria eta gerontologiako Zahartzaroa elkargoak egoitzen zerbitzuen katalogoa osatu genuen elkarlanean. Nire kezka handiena zen ea zer gertatzen ari zen erizainekin, lan karga aldetik, material aldetik… Egoitzaz egoitza ibili nintzen, galdetegiak egin… Katalogo berri horrekin gure egoeraren argazki bat atera nahi nuen.
Geriatriako erizainak Hirugarren Mundukoak ginela zirudien, nahiz eta Erizaintzako Kolegioan komisio bat eduki. Argazki hori ateratzeak gauza onak ekarri dizkigu, egia esan.
Erizainak gainezka zeudela zenioen ikerketa horretan, besteak beste. Egoera aldatu da ordutik?
Bai, egia esan egoitzetan beste modu batera lan egiten da. Prozedura asko daude, jendeak beste kalitate batekin lan egiten du, egoitza askok kalitatearen ziurtagiria dute… Erizainek egoitzetan euren lana ordenatu dute. Katalogoak asko lagundu digu. Botikinetako eskaerak zuzenean egiten ditugu, ez dugu osasun etxera joan behar materiala eskatzera. Lehen, sendagileak ez ziren egoitzetara etortzen; orain, etortzen dira, eta erizainen ratioa orain bere tokian dago…
Egoitza guztiak ez daude denerako prest; orduan, halabeharrez, kasu batzuk ospitalera bidali behar dira. Baina ahal dena egoitzan bertan egitea da helburua.
Osasun arloko murrizketak direla medio, lortutako guztia ezerezean gelditzeko arriskurik badago?
Guk oraingoz ez dugu larrialdi hori. Botikekin, gasekin eta abar kontu handiagoa izan behar dugula bai, baina oraingoz ez digute traba handiegirik jarri. Aldundiak nahiz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez gaituzte estutu oraingoz. Murrizketak izaten badira, zuzen-zuzenean laguntzaren kalitatean nabarituko da, eta horrek bai, horrek kezkatzen nau. Osakidetzan, ospitaleetan, gehiago nabaritzen da, baina gurean ez. Beste hainbat alorretan nabaritu dira murrizketak: lehen, formazioa egiteko baimen guztiak lortzen genituen; orain, berriz, gure oporretatik hartu behar ditugu egunak. Ordezkapen bat egin aurretik, gure artean molda bagaitezke, ba hobeto…
Duela bost urte ez zegoen erizainik lan gabe, eta orain erizainak langabezian daude. Horrek kezkatzen gaitu. Ordezkapenak gutxiago egiten dira, baimenak gutxiago ematen dira; hau da, ez dira gaixoaldi guztiak ordezkatzen.
Errezeta bat, euro bat. Zer iruditzen zaizu?
Kasuak banan-banan aztertu behar dira. Jendeak farmazia ikaragarriak ditu etxean, hori egia da, eta hori mozteko lagungarria izango da neurri hori, baina gaixo kronikoekin zer gertatzen da, adibidez? Horrekin ez nago ados.