Espainiako Kongresuan Hipoteken Legea aldatzeko aurkeztuko duten herri ekinaldi legegileak jasotako babesari buruzko datuak eman ditu aste honetan Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformak: guztira, 27.507 gipuzkoarrek sinatu dute. Hego Euskal Herrian, 50.000 sinadura pasatxo lortu dira, eta erdiak baino gehiago Gipuzkoako sinadurak dira.
Stop Kaleratzeak plataformak adierazi duenez, lege ekinaldiak behar zituen 500.000 sinadurak erraz gainditu dira, ia bikoiztu egin baita kopuru hori. Hala, Kongresuko eztabaida sei hileko epean egitea espero dute. Helburua da etxegabetzeak bertan behera uztea, zorrak etxearekin kitatu ahal izatea eta alokairu sozialak bultzatzea.