Urtea amaitu bitarteko behin betiko datuak emateko zain, Gipuzkoako Merkataritza Zuzendaritzak esportazio eta inportazioei buruzko behin-behineko datuak eman ditu aste honetan; hain zuzen ere, iazko urtarriletik azarora bitartekoak. Esportazioei dagokienez, urteko lehen 11 hilabeteetan esportazioak %4,1 handitu ziren, 2011ko epe berarekin alderatuta. Dirutan, esportazioak 6.254,1 milioi euroren iturria izan ziren Gipuzkoako enpresentzat.
Espainiako Gobernuaren Aduanetako Zuzendaritza Nagusiaren behin-behineko datuak dira asteon zabaldutakoak, eta, horietan, Gipuzkoako datuak Espainiako Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko datuekin alderatzen ditu. Hala, Espainiako Estatuko esportazioen %3,1 lirateke Gipuzkoakoak; eta EAEkoen %33,6; alegia, heren bat baino zertxobait gehiago. Baina, Gipuzkoan ez bezala, EAEn esportazioak jaitsi egin ziren 2012ko urtarrila eta azaroa bitartean.
Sektoreka, ekipamendu ondasunek osatzen dute esportazioen erdia baino gehiago (%55,7). Horien atzetik, produktu erdi landuak daude (%25,3) eta, ondoren, automobilgintza sektorea (%9,8). Gipuzkoako enpresen bezero izan diren herrialdeei dagokienez, Frantzia dago buruan, esportazioen %15,7rekin; eta Alemania (%12,3), Erresuma Batua (%7), Mexiko (%5,7) eta Venezuela (%5,5) dira hurrenak.
Inportazioak, behera
Inportazioen atalean, berriz, 2012ko lehen 11 hilabeteetan, inportazioak %11,7 jaitsi ziren Gipuzkoan —guztira, 2.773,6 milioi euro—, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, jaitsiera %9,5 izan zen.
Azaroa bakarrik kontuan hartuz gero, esportazioek (-%4,7) zein inportazioek (-%19,4) egin zuten behera, iazko hilabete berarekin alderatuta.