Matematikak zertarako balio du? Ikasle ororen galdera horri erantzungo dio, bihar, Fernando Blasco irakasleak Beasainen. Madrilgo Konplutentse unibertsitateko matematika doktorea da, eta matematika aplikatua ilusionismoarekin lotzen du. Trikimailuak egiten ditu kartekin, lokarriekin, ontziekin… Baina, gero, denak matematikaren legeekin esplikatzen ditu.
Lemniskataren urteko egitarauan, lehenbiziko jardunaldia izango da, Urtarrila matematikaren bila izenburupean. Aurrena, 18:00etan, Igartza errotan (Beasain), tailerra egingo dute elkarteko kideen artean. Lemnisktarekin eta Moebius zintarekin zein jolas eta aplikazio egin litezkeen azalduko dute. Gero, 19:00etan, Blascoren ikuskizuna eta solasaldia izango dira Igartza jauregian. Bukatutakoan, otamena egingo dute.