AAB Atez Ateko Bilketaren aurkako plataformek egindako sinadura bilketan 70.000 sinadura bildu dituztela diote. GZZeko kideok sinadura horien inguruan egiten dugun hausnarketa artikulu honen bidez plazaratu nahi dugu. Plataforma horien sorreraz eta sinadurak biltzeko kanpaina horien bultzatzaileen asmoez haratago, sinadura horien esanahiaz gogoeta egitea da gure asmoa.
Hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen eztabaida kudeaketa orokorrari buruzkoa da berez. Gaur egungo eredu suntsitzaile eta xahutzailearekin, baliabideak mugarik gabe gain-ustiatzen eta zaborra barra-barra sortzen segitu, ala Zero Zabor ereduak dioenaren arabera, materialen erabilpena arrazionalizatu, produktuen bizitza luzatu eta hondatutakoan materialak berreskuratzea, horra hor erabaki beharrekoa. Sistema orokorra nolakoa izan, bilketak eta tratamenduak halakoak izan beharko dute, denek elkar baldintzatzen baitute.
Tratamendua: 70.000 sinadura birziklatzearen alde.
Tratamenduan adostasuna da nagusi Gipuzkoan. Gaur-gaurkoz, bilketa sistemaren inguruan izan ditzakegun ezberdintasunak albo batera utzita, ia denok diogu tratamendu moduan birziklatzearen alde egiten dugula, AABren aurkako sinatzaileek barne, sinatutako adierazpenean oso garbi adierazten baitute hori. Birziklatzea eta errausketa bateraezinak diren bi tratamendu dira. Material bat birziklatzen da ala errausten da, baina sekula ez biak batera. Gipuzkoarrok birziklatzearen alde egiteak, beste behin ere, errausketa baztertzearen alde gaudela adierazten du. Hori azpimarratu beharra dago, garrantzi handikoa baita. Errausketa bultzatzen dutenek eta Gipuzkoako arduradun politikoek kontuan izan beharko lukete.
Bilketa: adostasuna, helburu eta ezaugarrietan.
Bilketari dagokionez, AABren aurka sinatu duten testua garbia da oso: atez ate ez. Hori ezin da ukatu. Baina hori esatean zeri ari zaizkio benetan ezetz esaten sinatzaile gehienak? Zer da hedabide “handiek” eta zenbait alderdik zabaldutako panfletoek herritarrei AABren inguruan kontatu dietena? Sinatzaile gehienentzat AAB sistema garestia, zikina, deserosoa eta itsusia da. Horrela kontatu diete, eta horrelakotzat daukate. “Atez ate ez” esatean ezaugarri horiek izango dituen bilketa sistema baten aurka daudela adierazten dute. GZZko kideok ere sinatuko genuke ezaugarri horiek dauzkan bilketa sistema bati ezezkoa emateko adierazpen bat. Ulertzen eta errespetatzen dugu sinatzaileen jarrera.
AAB gertutik ezagutzen dugunok, ordea, ondotxo dakigu sistema hau oso bestelakoa dela. Sistema eraginkorra izateaz aparte, AAB sistema erosoa, garbia eta txukuna dela eta, gainera, ez dela kaleko edukiontzien sistema baino garestiagoa. Herritarrak ondo informatzea da gure erronka. Hori lortzen badugu, zalantzarik ez daukagu herritarrek AABren alde egingo dutela. Horrela gertatu da beste lekuetan eta horrela gertatuko da jartzera doazen herrietan ere.
Ez gara gu hori dakigun bakarrak. Errausketaren bultzatzaileek ere ondo baino hobeto dakite hori. Horregatik saiatzen dira han eta hemen jendea ez dadin parte-hartze prozesuetako batzarretara eta hitzaldietara joan, ez joateko kontsignak zabalduz eta batzarrak egiten diren aretoen kanpoaldean elkarretaratzeetara deituz, herritarrak joan ez daitezen presio egin nahian.
Guztion ekarpenak dira beharrezkoak.
Gipuzkoarrak hondakinen kudeaketa egokiaren inguruan batzen gaituzten gauzak asko dira. Adostasunik ez daukagun puntuekin liskarra eta blokeoa eragin beharrean, guztion artean eztabaidatu, proposamenak egin eta irtenbiderik onenak bilatu behar ditugu, betiere emaitzak bermatuz.
Gipuzkoarrak hondakinak biltzeko sistema eraginkor, eroso, garbi, merke eta txukun baten alde gaude. Eredu jasangarrien alde egiten dugu, hau da, Zero Zabor ereduaren alde. Osasunagatik, ingurumenagatik eta ekonomiagatik. Badakigu posible dela. Zergatik ez saiatu?