1808tik 1813ra, Napoleonen armadako ehunka milaka soldadu igaro ziren Gipuzkoatik, Europa eta Penintsula lotzen zituen bidean baitzegoen. 1808an bakarrik, 250.000 soldadu baino gehiago pasatu ziren. 50.000 biztanle zituen Gipuzkoak.
Bayoneta, Tolosaco Napoleonen aurcaco aldizkaria izeneko argitalpena kaleratzen du hiru-lau hilabetean behin Tolosako Udalak. Frantziako armadaren okupazio garaian idatzita dagoela dirudi, garai hartako hizkuntza erabiltzen baitu. Napoleonen Inperioko gertakari historikoak eta garai hartako Tolosako berriak jasotzen ditu. 2008an hasi ziren, eta jada hamahiru zenbaki egin dituzte.
Carlos Riloba historialaria da argitalpenaren arduraduna. Garai hartako dokumentu ugari zeuden Tolosako artxiboan, eta informazio hori herritarrengana nola helarazi pentsatu zuten. “Eleberri moduko kontakizuna izan gabe, metaliteratura egitea erabaki genuen. Pertsonaia bat sortu genuen, Bayoneta idazten duena. Ideia iraultzaileen aldekoa da, liberala, baina Napoleon traidoretzat jotzen du”, azaldu du Rilobak. “Urte haietako errealitate zatiak kontatzen saiatzen gara. Gertakari guztiak benetakoak dira. Lehen zatian, Europako gertakari historikoak agertzen dira, eta gero, Tolosako artxiboko kontuak. Horrela, historiaren berri ematen diegu herritarrei, modu arinean”.