Portland ez da inolaz ere hiri estatubatuar tipikoa, eta hori berehala nabarmentzen da. Hirira sartu, eta Keep Portland Weird (Portland arraro mantendu) esaten duen horma batek ohartarazten du bisitaria gauza bereziz betetako toki batera datorrela”. Hori da Joseba Britek (Orio, 1984) bizitoki berriari buruz esateko duen lehen gauza. Orain sei urte denboraldi batez Edinburgon (Eskozia) bizi ondoren, “berriz kanpoan bizitzeko ideia burutik kendu ezinik” ibili da oriotarra, eta hasiera batean buruan herrialde eskandinabiarrak bazituen ere, maitasunak Ameriketako Estatu Batuetako ipar-mendebaldera eraman du: “Neskatila estatubatuar batek planak asko aldatu zizkidan orain dela hiru urte elkar ezagutu genuenean”.
“Bizitzaz ikastera eta bizitzeko lan egitera etorri gara”, azaldu du. Baita lortu ere. Izan ere, makina-erremintako diseinuak eginez lortzen du soldata, eta oraindik “egun normalik” ez du izan: “05:30ean esnatu, eta igerilekura joaten naiz, laneko bidean dagoen kiroldegi batera. 08:00etatik 17:00etara lan egin, eta hortik aurrera gauza asko egiteko aukera dut: lagunen batekin happy hour batera joan, eta bertan egindako garagardo organiko batez gozatu; astean behin swing dantza estiloa ikastera joan; musikarekin burua galdu; edo, noizean behin, bukatzea kostatzen ari zaidan liburuari kasu pixka bat egin”. Bera ere musikaria izanik, kontzertuez ederki gozatzen du: “Kontzertu eskaintza paregabea dago egunero, eta sarri joaten naiz ezagutzen ditudan taldeez gozatzera edo oraindik ezagutzen ez ditudanek ezusteko bat noiz emango”.
Tabernak, garagardo ekoizle
Portland Estatu Batuetako ipar-mendebaldean dago, Oregon estatuan. Hiri handia da, “metropoli bat”. “Jaiotzez Portlandekoa den jende gutxi ezagutu dut; gehienak kanpotik etorri gara”, dio Britek. “Estatu Batuetako beste inguru batzuk baino askoz ere lasaiagoa eta irekiagoa da”, gaineratu du. Oriotarraren esanetan, “ekologiatik abiatuta komunitate solidarioago baten ilusioz bizi den jende asko topa daiteke”, eta horren adibide batzuk ere eman ditu: “Jende askok bizikleta du garraiobide, eta Estatu Batuetako hiri bizikleteroena izendatuta dago: nahiz eta ia egunero euria egin, jendeak bizikleta aukeratzen du. Hiria horretarako prestatua dago, noski, hiriaren bihotzean bizikletan paseatzeko arazorik ez dago, zirkulazio gutxi eta jendea lasai dabil. Saltoki txiki berezi asko topa daitezke, elikagai organiko asko dendetan eta jatetxeetan, eta Portlanden ezaugarri nagusietakoa den garagardoari dagokionez, taberna askok beraiek egindakoa eskaintzen dute, oro har organikoa”.
Jendea “oso adeitsua eta jatorra da oro har”, eta, haren esanetan, “oso erraza da ezezagunekin elkarrizketa bat hastea”. Bikotekidea bertakoa izateak ere laguntzen duela aitortu du. Hala ere, izan du zailtasunik, hizkuntzarekin, hain zuzen ere: “Maila ona nuen etorri nintzenean, emaztearekin beti ingelesez hitz egiten baitut. Hala eta guztiz ere, bizitza osoa ingelesez egitea ez da hain erraza, ez dago deskantsurik eta okerrena da gauzak era batera edo bestera sotiltasunez nola esan pentsatzeko baliabide falta izatea”.
Kontuak kontu, euskalduna dela esandakoan, “oro har jendeak oso harrera ona” egiten diola dio: “Badakite gure berri; hona etorritako artzainek eta sortu ziren euskal komunitateek izen ona eman digute”. Bitxikeriarik ere eragiten du gaiak, ordea: “Ez dakitenei, Espainia eta Frantzia artean dagoen herrialde batekoa naizela esaten diet, eta, orduan, italiarrez bongiorno eta horrelakoak esaten hasten zaizkit”.
Atsegin du hango bizimodua: “Egun bakoitza berezia da; ez dakit zer egingo dudan edo zein ezagutuko dudan lanetik irtendakoan, hain da zabala hiriak eskaintzen duen jarduera aukera…”.
Herritarren pentsamenduari buruz orokortasunik ez du egin nahi, baina “bitxiena beharbada amerikar sentimendua da”. “Oso argi dute munduko herrialde indartsuena direla, baina ez dute gure herrian bezala mendeetan atzera doan tradiziorik”.